Venezuelak ariketa militarrak iragarri ditu Essequiboko gatazkagatik

Erresuma Batuko gerraontzi bat Guyanara iritsi da, eta Madurok «defentsa ekintza bat» agindu du. Alik erantzun du «harreman baketsuak» nahi dituela auzoko herrialdearekin.

Nicolas Maduro Venezuelako presidentea, herenegun Caracasen eskainitako hitzaldi batean.
Nicolas Maduro Venezuelako presidentea, herenegun Caracasen eskainitako hitzaldi batean. EFE
iraia vieira gil
2023ko abenduaren 29a
18:30
Entzun

Venezuelaren eta Guyanaren arteko tentsioa bereziki areagotu da azken hilabetean, Essequibori buruzko gatazkaren ondorioz. Gerra pizteko aukera zegoela eta, Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak eta Irfaan Ali Guyanakoak konponbide bat adosteko bilera egin zuten hilaren 15ean, Saint Vicent eta Grenadinetan (Antilla Txikiak), eta behin-behineko erabaki bat hartu zuten: ez zuten elkar mehatxatuko, eta ez zuten indarkeria erabiliko. Aste hasieran, berriz, Erresuma Batuak jakinarazi zuen gerraontzi bat bidaliko zuela Guyanara, herrialde horri babes militarra emateko —1966ra arte kolonia bat izan zen—, eta horrek Venezuelaren haserrea eragin du. Ontzi hori iritsi da dagoeneko Guyanako kostaldera; eta atzo gauean, Madurok armadaren ariketa militarrak iragarri zituen, «bakearen eta subiranotasunaren aurkako mehatxutzat» jo zuen ekintza horren aurrean. Are, Venezuelako presidenteak uste du duela bi aste hitzarturikoa urratzen duela.

Madurok erabaki horren berri eman eta gutxira, Guyanako presidenteorde Bharrat Jagdeok azaldu zuen bere herrialdeak ez duela Venezuelaren aurkako erasorik prestatu, eta ez duela «inbaditzeko» asmorik. Horrez gain, erantsi zuen Erresuma Batuko gerraontziak denbora luzez prestatu dituzten «errutinazko neurriak» betetzeko helburua duela.

Venezuelak erreklamatzen duen lurraldea

Guyanako presidentea, berriz, gaur mintzatu da, eta mezu bera helarazi du Facebook sare sozialean idatzitako mezu baten bitartez; hau da, «harreman baketsuak» nahi dituztela auzoko herrialdearekin. «Halako lankidetza ekintzak ez dira mehatxu bat, eta ez dute izan nahi inguruko herrialdeen kontra erasokorrak edota iraingarriak», idatzi du Alik. Era berean, esan du Guyanatik gertu dauden herrialde guztiei azaldu diela kostaldean egiten dituzten ekintzen helburua ez dela haiek beldurtzea.

Erresuma Batuko Defentsa Ministerioak ere berretsi egin du Jagdeoren bertsioa, eta Venezuelako presidenteari eskatu dio «justifikatu gabeko ekintzak» egiteari uzteko. Ziurtatu du, gainera, Guyanako «lurraldearen osotasuna» babesten jarraituko duela, herrialde horren aliatu eta Commonwealtheko kide «garrantzitsua» delako —nazioarteko erakunde bat da, eta Mozambike izan ezik, kide guztiak Britainiar Inperioari lotuak egon ziren—. Erresuma Batuko Barne ministro David Cameronek, berriz, muga «subiranoak» errespetatu beharko liratekeela nabarmendu du sare sozialetan.

Defentsarako prest

Venezuelako presidenteorde Delcy Rodriguezek ere zenbait adierazpen egin zituen atzo X sare sozialean, eta, oro har, Essequibori buruzko gatazkan Erresuma Batuaren esku hartzea kritikatu du. «Gure herrialdearen eta gure eskualdeko bakearen aurkako mehatxuek Venezuelaren erantzun egokia eta zilegia jasoko dute», ohartarazi zion, zehazki, herrialde horri.

Izan ere, egun dituen baliabide militarren erakusketa abiatu zuen atzo Venezuelako armadak, eta iragarri zuen Ozeano Atlantikoko kostaldera 5.600 ofizial bidaliko dituela herrialdea «behar bezala» babesteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.