Venezuela, Chavezen arrastoan

Kanpainako azken txanpan ugaritu egin dira konplot eta iruzur salaketak, eta Chavezen diskurtso aberkoia bere egin du CaprilesekCaracasen itxiko du hauteskunde kanpaina Madurok, gaur; Capriles Zulian izango da

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
Caracas
2013ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Hugo Chavezek utzi duen arrastoaz ez dago benetan konturatzerik Venezuelara iritsi arte. Ez soilik miresleen artean; gorroto dutenek ere beren diskurtsoak eta argudioak moldatu dituzte, lider karismatikoak hezitako xumeenek orain iritzi bat dutelako. Herritarrek Chavez dute ahoan igandeko hauteskundeetako hautagaiak baino gehiago, eta hori bi protagonistetan islatzen da: Nicolas Madurok, mandatari hil berriak bera ordezkatzeko hautatu zuenak, defuntuak agindu bezala, etorkizuna eraikitzen jarraituko du; Henrique Caprilesek Chavezen estetika, herritarrengana gerturatzeko modua eta diskurtso nazionalista bere egin ditu, eta hildakoari buruz diskurtso anbiguoa erabiltzen du. Baina Maduro eta Capriles etsai amorratuakdira, bi mundu kontrajarriren ordezkariak. Ika-mika klimaxean dago, kanpainaren azken txanpan.

Gobernua desegonkortzeko konplot eta iruzur salaketak, eta isekak, ugaritu egin dira azken egunotan. Horiek, eta mundua bizigarriagoa egiteko ohikoak izaten diren promesak. Caprilesek erraldoiaren kontra galdu egin zituen iaz urriaren 7ko hauteskundeak, eta berehala onartu zituen emaitzak, aurretik irregulartasunak aipatu arren. Oraingoan ere, kanpaina komandoak jaso dituen ehundik gora salaketa ikertu arte ez duela amore emango aurreratu du. Hauteskunde Batzorde Nazionalari «arduragabea» izatea leporatu dio beste behin, eta bozen «zaindari» izango da.

Beste porrot handi bat ezin duela jasan erakusten ari da Capriles, eta bozak zapuzteko estrategiaren parte besterik ez da bere jokaera «desesperatua». Madurok esana. Chavezen ordezkoa hiltzeko egitasmo ezkutukoa dagoela ereesan du, El Salvadorreko eskuinak oposizioarekinhitzartutakoa. Diosdado Cabello Batzar Nazionaleko presidenteak frogak jarri ditu mahai gainean: indarkeria areagotzeko mertzenarioenpresentzia baieztatzen duten ustezko mezu elektronikoak. Kolonbiako muga itxi dute, badaezpada. Kaleak nola dauden ikusita, igandeko parte hartzea izugarria izango da. Asko dago jokoan.

Caracasen ezinezkoa da hauteskunde girotik kanpo geratzea. Denek dute iritzi sutsuren bat. Autoak geratzen dituzte Maduroren edo Caprilesen afixak emateko. Oposizioaren auzoetan, elastiko gorriak daramatzaten gutxi horiek mespretxuz begiratzen dituzte; gobernuaren aldekoetan, kontrarioak isilik mugitzen dira. Bi munduak nahasten diren espazio urrietan tentsioa izugarria da, metroan, adibidez. Gizarte polarizatua ikusi egiten da, sentitu, aldiro, edozein kale bazterretan.

Elastiko gorriz josita daude etorbide nagusiak. Joan den igandean Caprilesen aldekoek bete zituzten Caracasko arteria garrantzitsuenak. Oposizioak hiriburuan izan duen kanpainako ekitaldi nagusia izan zen; aldeko komunikabideetan, Chavezez gain, beste inork inoiz erakarri duen jendetzarik handiena izan zela goraipatu dute —gaur amaituko du kanpaina, Zulian—. Harrezkero, ordea, gotorleku aberatsak ez beste guztiak Chavezenak dira. Astelehenean emakumeen martxa izan zen, herenegun langileena —Madurok iragarri du gutxieneko soldatak %45 bitarte igoko dituela—, atzo 23 de Enero auzo mitikoan egin zuten ekitaldia, eta gaur, sektore guztiek bat eginez, kanpaina amaiera burrunbatsua espero dute, iazko urriaren 4an Hugo Chavezen azken ekitaldian bete zituzten zazpi etorbide nagusiak bereganatuta, gutxienez.

Martxak

Emakume gehienek asko maite dute Chavez. Umeak izan eta senarrak abandonatzen zituzten horiek batez ere, umeei jatekorik ematerik ez zutenek, irakurtzen eta idazten ez zekitenek. Caracasen, bertan jaiotako eta zer egitekorik ez zuten lurraldeetatik lanera etorritako asko bizi dira. Lan egiten dute, irakurtzen ikasi dute, eta gogoan dute Caracasko zentroa ez dela umezurtzen eta amazurtzen etxea. Pobreak dira, baina badute zerekin bizi eta amestu.

Langileen martxara gerturatu ziren horietako asko, herenegun. Sektoreka bildu dira batzuk, lanerako erabiltzen dituzten tresnek erakusten duten bezala. «Hemen egon behar dugu», zioen aireportu inguruan babes ofizialeko etxebizitzak egiten ari den langile batek. Sektore askotako jarduerak gelditu egin dituzte aste honetako martxok. Gaur are gehiago, kanpainaren egun garrantzitsuenean: «Hitzordua derrigorrezkoa da». Mexiko etorbidetik Bolivarrera bidean doaz langileak. Soldata igoerarena hauteskundeak irabazi osteko egunerako zuen gordea Madurok, baina jendetzari entzun nahi zuena eman dio, Hiru dekretu agindu ditu urte honetan bertan. Chavezek egitear utzi zituenak Madurok ikur bilakatu ditu kanpainan.

Madurok gehiengo handi bat izango du alde, ezustekorik ez bada: «Oligarkia ezin da itzuli». Horixe da gehien esaten duten leloetako bat. Pobreenentzat, herritar gehienentzat, gauzak asko aldatu baitira hobera, Chavezek agindu duen hamalau urtean, eta hori galtzea da, haien ustez, Caprilesek irabaztea. Oposizioaren hautagaiak irudi freskoa, berria, eskuin tradizionaletik ezberdina eman arren, «oligarketan okerrena» dela aipatzen du, behin eta berriz, Madurok. Atzoko egunarekin hasi zen 2002ko estatu-kolpe saioa; presidentegaiak kanpaina amaieran gertaera historikoa bere alde izango du, Capriles hantxe baitzegoen, kolpisten erdian.

Baina orain belauna lurrean jartzen du Caprilesek, oholtzetara igotzen denean. «Denok gara Capriles, Bolivarren seme-alabak. Kalitatezko lanpostu bat izan nahi duena etor dadila nirekin». Adierazpen horiek gehiago ematen dute Chavezenak. Simon Bolivar izena jarri dio eskuinak kanpainako komandoari, eta haren sinbologia, diskurtsoa eta hauteskunde estrategiak salatu ditu Madurok. «Horra hor, izenetik hasita, kausa neoliberal kriolloaren jantzi aldaketa».

Chavezek berreskuratu zuen ideal bolivartarra Latinoamerikarentzat, «amaitzear dagoen lana bukatzeko»; Chavezek berak esana. Paradoxak zer diren, Simon Bolivar komandoa babesten duen sektore politiko hori bera izan zen 2012ko kolpean Miraflorestik Bolivarren koadroa kentzen saiatu zena. Eta bolivartarra hitza kendu zuena Errepublika izenaren ondotik. Orain misioak sostengatu beharraz ari da, eta sozialki inbertitu beharraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.