Vallsen maniobra politikoa

Frantziako lehen ministro ohiak adierazi du Errepublika Martxan mugimenduaren ekainerako zerrendetan aurkeztu nahi duela: «Alderdi Sozialista hilda dago, eta alderdi zaharrak hiltzen ari dira»

Emmanuel Macron, Myriam El Khomry —bizkarrez— eta Manuel Valls, joan den urtean, Frantziako Asanblean. YOAN VALAT / EFE.
ander perez zala
2017ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
PS Alderdi Sozialistarekiko traizioa. Egungo errealitatera moldatzeko gaitasuna. Erabaki berekoia. Modu askotan interpreta daiteke Manuel Valls Frantziako lehen ministro ohiak egindako adierazpena, baina argi dago bere ibilbide politikoa salbatzeko maniobra egin duela. Emmanuel Macron presidente hautatuaren zerrendetan aurkeztu nahi duelaadierazi zuen atzo, datorren hilabeteko asanblearako hauteskundeei begira. PSren primarioetan Benoit Hamonen aurka galdu ostean, bere burua eraberritzen saiatu da, baina alferrik izan da, eta azken kartutxoa izan daitekeena baliatzea erabaki du, Alderdi Sozialistak jasan dezakeen porrot historikoaren parte ez izateko—gehiengo osoa du egun ganberan—.Evryn, bere gotorlekuan, berriz ere hautatua izan nahi du. Ordea, bi arazo ditu: Errepublika Martxan mugimenduak badu jada hautagai bat barruti horretan. Hori gutxi balitz, Benjamin Griveaux mugimenduko bozeramaileak erantzun dio prozedura bete beharko duela, gainontzekoek bezala. Hauteskunde kanpaina Vallsen babesa ondo hartu zuten arren, atzoko albistea zuhurtziaz hartu dute mugimenduan.

577 diputatugaiak hautatzeko prozesuaren azken txanpan dago Errepublika Martxan. Jakinarazi dutenez, 15.000 curriculum inguru ditu esku artean Jean-Paul Delevoy arduradunak, lehen ministro ohiarena kontuan hartu gabe. Aukeraketa zaila, hainbat irizpidek zehaztuko dutena: esaterako, hautagaien zintzotasuna hartuko dute kontuan; emakume eta gizon hautagai kopurua bera izango da; hautagaien erdia gizarte zibilekoak izango dira, kargu publikorik inoiz izan gabekoak; eta Macronen «nazioarekiko kontratuarekin» ados egon beharko dira. Egun beteko epea eman zioten Vallsi atzo bere hautagaitza mugimenduari aurkezteko, bihar baitira aurkeztekoak 577 diputatugaiak. PSn asko dira Macronen presidentetzaren gehiengoaren parte izan nahi dutenak.

Duela astebete, lehen ministro ohiak eta beste hainbat goi agintarik «garai baten amaiera» aldarrikatu zuten alderdiarentzat, eta bere burua eraberritzeko beharraz ohartarazi zuten. Dirudienez, eraberritzean parte hartzea ez dago Vallsen planen artean, RTL irratian jakinarazi zuenez: «Ez dut beldurrik alderditik kanporatzen banaute. PS hilda dago, eta alderdi zaharrak hiltzen ari dira». François Hollande jarduneko presidentearen agintaldi kaxkarra irudikatzen duen politikarietako bat da Valls, herrialdea larrialdi egoeran utzi duena. PSri ondo etor lekioke halako irudi batetaz bereiztea; Macroni, ordea, ikusteko dago nola eragingo dion.

PS, Valls botatzeko prest

TF1 kateak herenegun gauean eman zuen Macronen kanpainari buruzko dokumental bat, eta horikus daiteke Macronen adierazpen esanguratsu bat, Hollande traizionatu ote duenari buruzkoa: «Hollande traizionatu duena Valls izan da». Esanguratsua da esaldi hori, egun biak berriz alde berean elkartzeko aukera baitago. Herrialdea larrialdi egoeran murgildu zuen ministroa, lan erreforma gogor bat egin zuenaren aldean. PSn, lehen idazkari Jean-Christophe Cambadelisek iragarri du prest daudela Valls alderditik botatzeko: «Ezinezkoa da PSko kide izatea eta Errepublika Martxan-eko zerrendetan aurkeztea». Alderdian gaizki hartu dute Vallsen erabaki «oportunista».

Dena den, PSn eta LR Errepublikanoak alderdian dilema bera dute hainbatek. Jarduneko Atzerri ministro Jean-Marie Le Guen eta Defentsa ministro Jean-Yves Le Drian prest leudeke ere Macronengana jotzeko; eskuinean, Bruno Le Maire ministro ohia ere prest legoke: «Macronen mugimendukoen mezuak itxoiten ari naiz», iragarri du. Alain Juppe LR-ren primarioetako hautagai ohiak uko egin dio Macronen aurkako «oposizio frontal» bati. Eta, zurrumurrua den arren, askok diote Edouard Philippe LR-ren diputatu eta Le Havreko alkatea izango dela lehen ministroa. Gutxi balitz bezala, Bernard Cazeneuve jarduneko lehen ministroak PSko diputatugaiei dei egin die Macroni laguntzeko. Bi alderdi tradizionaletan ez dago ezer argi,eta ez dago ezer ziur.

Kanpaina prestatzen

Macronek ofizialki presidente kargua hartzen ez duen bitartean—igandean hartuko du, eta lehen ministroaren izena iragarri— abiatua dute ekaineko bozetarako kanpaina. 2002az geroztik, presidente guztiek izan dute gehiengo osoa asanblean, baina joera hori zalantzan dago aurten.

Bi alderdi tradizionalek presidentetzarako bozetako porrotak alde batera utzi, eta lanean dira dagoeneko. PSren eta LR-ren estrategian giltzarri izango den galdera bati erantzun beharko diote aste honetatik aurrera: Macronen aurka egin, ala ez? PSn bilera izan zuten atzo, eta ekainera begira plataforma bat sortu dute, «ezker eraikitzaile eta zaintzaile» bat osatzeko. Hamonen programako hainbat proposamen alde batera utzi dituzte, eta alderdiko sektore horren haserrea eragin du. LRk, aldiz, gaur goizean aurkeztuko du «gobernu proiektua», eta, azaldu dutenez, François Fillon presidentegaiak aurkeztutakoaren aurkakoa da, Nicolas Sarkozyren hainbat ideia berreskuratu dituztelako. Bitartean, Jean-Luc Melenchonek PCF Alderdi Komunistarekin hizketan dihardu oraindik, aliantza berritu ala ez erabakitzeko —bien arteko harremana gaiztotuta dago—. Azkenik, FN Fronte Nazionala bere burua eraberritzeko lanetan dabil, Marine Le Penek igandean iragarri bezala. Hain justu, haren iloba Marion Marechal-Le Pen politika uztekoa da, arrazoi pertsonalak direla medio, Le Figaro egunkariaren arabera.

Gauza bakarra dago argi: bost indar politiko nagusietan zalantzak daudela oraindik. Presidentetzarako bozetan PS eta LR garaitu ostean, ekainean biei sekulako kolpea emateko aukera du Macronek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.