«Guztia emango dut garaipenaren alde, eta eskuak ez dit dardararik egingo Errepublikaren etsaiei aurre egiteko unean. Hemen hasten da guztia», aldarrikatu zuen Valerie Pecressek atzo, LR Errepublikanoen presidentegai hautatu berritan. Alderdi kontserbadoreak lau eguneko primarioak egin ditu, datorren maiatzean Frantzian egingo dituzten presidentetzarako bozetarako hautagaia izendatzeko, eta, bigarren itzulian, Pecresserentzat izan dira militanteen botoen %61 —148.000 kidek zuten bozkatzeko aukera, eta %80k hartu dute parte—.
Pecresse ez da izan alderdiaren hautagaitza eskura izan duen bakarra. Eric Ciotti Asanblea Nazionaleko diputatuak ezustea eman zuen bigarren itzulira igaroz—bera izan zen boto gehien lortu zituena lehen itzulian—, baina ez zuen lortu beste hiru hautagaien babesa bermatzea, eta Pecressern alde egin zuten bigarren itzulian Xavier Bertrand Frantzia Garaia eskualdeko presidenteak, Michel Barnier Europako Batasunaren brexit-erako negoziatzaile buruak, eta Philippe Juvin eurodiputatu ohiak. Hala, alderdi kontserbadorearen lehen emakumezko presidentegaia bilakatu da Pecresse.
Hala ere, Ciottik eskuratutako babesa ez da hutsala izan —botoen %39 lortu ditu primarioetako bigarren itzulian—. Asanblea Nazionaleko diputatuak argi utzi zuen militanteen artean sostengu handia duela, eta oinarrizko pieza bilakatu da alderdian. Ciottik berak eskua luzatu zion Pecresseri, eta presidentetzarako lehia elkarrekin egiteko eskaintza egin: «Bihartik aurrera biok izan behar dugu lehia honetako buru, eta elkarrekin egin behar dugu kanpaina».
Ciottik bildutako babesa ez zen oharkabean igaro eskuin muturreko Batasun Nazionalean; izan ere, Asanblea Nazionaleko diputatuaren proposamenak eskuin muturrekoenekin parekatu izan dira maiz. Gilbert Collard eurodiputatu eskuindarra Ciottiren aldeko militanteei mintzatu zitzaien txio batean, eta eskatu zien utz zezatela LR alderdia, eta bat egin zezatela Marine Le Penen zerrendekin, argudiatuz Pecresse «[Frantziako presidente ] Emmanuel Macronen ildokoa» dela.
Antzeko hitzak baliatu zituen Le Penek berak Pecresseren hautagaitzaz aritzeko. Eskuin muturreko buruzagiaren esanetan, Macronen gertukoena den hautagaiaren alde egin dute militanteek: «Ez da erabaki zuzena izan». Hala, hark ere bere kanpainarekin bat egitera gonbidatu zituen Pecresseren aukeraketarekin bat ez datozen militanteak. «Gure kanpainan aurkituko dute nazioaren, subiranotasunaren eta mugen beldurrik gabeko defentsa sutsua», esan zuen.
Lehian sartzea helburu
LRk herrialdeko presidente kargua berreskuratu nahi du—azkenekoz, Nicolas Sarkozyrekin izan zuen (2007-2012)—. Ile-de-France eskualdeko presidentearen lana izango da hori. 54 urte ditu Pecressek, eta gogor borrokatu beharko du datorren urteko presidentetzarako bozen bigarren itzulira igarotzeko. Inkesten arabera, bigarren itzulira igaroko dira oraindik bere hautagaitza ofizial egin ez duen egungo estatuburua, Macron, eta Le Pen. Pecressek biei egin die erreferentzia hautagaitza lortu berritan, etahitzeman die militanteei bi hautagaien gainetik geratuko dela LRkoa: «Beldurraren merkatariak inoiz ez dira eraginkorrak [Le Peni eta Eric Zemmour eskuin muturreko hautagaiei erreferentzia eginez]. Macronen orrialdea igaroko dugu historia liburuak apurtu gabe. Ez da beharrezkoa irainetara jotzea inor konbentzitzeko».
Pecressek joan den uztailean egin zuen ofizial bere hautagaitza, baina gutxi izan ziren aurrera egingo zuela pentsatu zutenak, ezer gutxi aipatzen baitzen haren izena militanteen artean. Haren gertukoek, ordea, diote «metodikoa» eta «eratsua» dela, eta bere buruari jarritako helburuak lortzeko ahalegin oro egiten duela, oztopo lasterketa batean balego bezala.
Bihar bertan hasiko du bere kanpaina ofiziala Pecressek. Bere lehen ekitaldiak Saint-Martin-Vesubien eta Nizan egingo ditu, Ciottiren gotorlekuetatik bitan. Argi dago primarioak irabazi arren LRko presidentegai bilakatu denak ez dituela ahaztuko militanterik kontserbadoreenak, eta ahalegina egingo duela horiek Le Penen mezuari entzungor egin eta alderdian jarraitu dezaten. Izan ere, Le Pen ez ezik, aste honetan hautagaitza aurkeztu duen Zemmour bera ere aurkari zuzen izango du Pecressek.
Valerie Pecresse aukeratu dute LRko presidentegai izateko
Emakumezko presidentegai bat izango du lehen aldiz eskuin tradizionalak. Militanteen botoen %61 eskuratu ditu Ile-de-France eskualdeko hautagaiak primarioetako bigarren itzulian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu