Valentziar gehienek katalanez ikasi nahi dute

Valentziako Gobernuak aukera eman die familiei euren seme-alabek katalanez edo gazteleraz ikasi nahi duten erabakitzeko. Familien %50,53k katalanezko hezkuntzaren aldeko hautua egin dute.

Mazon Valentziako Generalitateko presidentea eta Rovira Hezkuntza kontseilaria, artxiboko irudi batean. ANA ESCOBAR / EFE
Mazon Valentziako Generalitateko presidentea eta Rovira Hezkuntza kontseilaria, artxiboko irudi batean. ANA ESCOBAR / EFE
Kerman Garralda
2025eko martxoaren 7a
11:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Valentziako ikastetxeetan oinarrizko hizkuntza hautatzeko aukera eman die Generalitateak familiei, otsailaren 25a eta martxoaren 4a bitartean. Atzo jakinarazi zituzten emaitzak, eta gehienek katalanaren alde egin dute: familien %50,53k aukeratu dute katalana, eta %49,47k, berriz, gaztelaniaren alde egin dute. Parte hartzea %58,6koa izan da —Valentziako Generalitateak baldintza gisa jarri zuen gutxienez %50ko parte hartzea izatea—. 570.000 familiak izan dute botoa emateko aukera.

Tokiko hizkuntza ohituren araberakoa izan da emaitza. Hau da, katalana presente dagoen eskualdeetan katalanaren aukerak irabazi du, eta, gaztelania nagusi denetan, gaztelaniak. Zenbat eta iparralderago, katalanaren erabilera handiagoa da. Hortik azken emaitza paretsua izatea.

Jose Antonio Rovira Valentziako Generalitateko Hezkuntza kontseilariak emandako datuen arabera, Maestrazgo Garaian, ia %95ek katalanaren alde egin dute. El Ports eta El Comtat eskualdeetan ere hamar bototatik bederatzi katalanaren aldekoak izan dira. Castellon, %70ek bozkatu dute katalanaren alde; Valentzian, %57k —hala ere, hiriburuan gaztelaniaren aldeko aukerak jaso ditu boto gehien—, eta Alacanten %34k egin dute katalanaren aldeko hautua.

La Serrania eskualdean ere katalanak irabazi du: botoen %52 lortu ditu. Esanguratsua da, orain arte ez baita katalanez ikasteko aukerarik izan eskualde horretan.

Katalanezko orduak, behera

PP eta Vox alderdiek iaz onartu zuten Hezkuntza askatasunaren legean aurreikusitako galdeketa egitea. Horrenbestez, familiek erabakiko dute hizkuntza nagusia zein izango den, gainerako hizkuntzen gutxiengo bat bermatuta. Kontsultak 1.800 ikastetxeri eragingo die, eta datorren ikasturtetik aurrera aplikatuko dira emaitzak.

Carlos Mazon Generalitateko presidenteak esan zuen horixe dela formularik «justuena eta demokratikoena», eta katalana hauspotzeko ere balioko duela. Oposizioko alderdiek, gurasoen eta irakasleen elkarte nagusiek, eta Valentzieraren Akademiak kontrako iritzia agertu zuten, katalana itzalean utziko duelakoan eta hezkuntza sistema antolatzerakoan zailtasunak eragingo dituelakoan.

Mazonen gobernuak gutxitu egin ditu katalanez eman beharreko orduak. Egungo Hezkuntza legearen arabera, gaztelania nagusi den eskualdeetan katalanez egin beharreko orduen gutxiengoa %10ekoa da, eta gaztelaniaz, asko jota, %75 egin daitezke. Ingelesari ere leku egin behar zaio, derrigor. Katalanez mintzo diren eremuetan, ordea, katalanez eman beharreko orduek ezin dute %52,7 gainditu, eta gaztelaniaren gutxiengo orduak ezin dira %27 baino gutxiago izan. Aurreko Hezkuntza legearen arabera, edozein eskualdetan, gaztelaniaren eta katalanaren arteko orduak %60ren eta %25en artean banatu behar ziren, ingelesari orduen %15 inguru eskainita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.