Valentzian lokatza bota diete Espainiako errege-erreginei, Sanchezi eta Mazoni

Bertan behera utzi dute Paiportara egiten ari ziren bisita. 11 herritan sartzea debekatu diete boluntarioei. Datozen orduetarako, alerta horiak eta laranjak ezarri dituzte.

Espainiako Polizia Felipe Borboikoa babesten, gaur, Paiportan. BIEL ALIÑO / EFE
Espainiako Polizia Felipe Borboikoa babesten, gaur, Paiportan. BIEL ALIÑO / EFE
Paulo Ostolaza.
2024ko azaroaren 3a
19:30
Entzun

Valentzia astindu duen hondamendiaren kudeaketarekin ez dira kontent herritarrak. Seigarren egunean, Paiportako (Herrialde Katalanak) biztanleek argi utzi diete hori Felipe Borboikoa Espainiako erregeari, Letizia Ortiz erreginari, Pedro Sanchez presidenteari eta Carlos Mazon Generalitateko presidenteari. Lokatza eta zenbait objektu bota dizkiete «hiltzaileak!» oihukatuz, eta Sanchezen eta Mazonen dimisioa eskatu dute.

Horren ondorioz, autora itzularazi dute Sanchez, eta guardia zibilek eta poliziek inguratu egin dituzte Borboikoa eta Mazon. Herritarrekin hitz egiten saiatu dira horiek. Azkenean, zenbait minutuz eten dute tanta hotzaren ondorioak ikusteko egiten ari ziren bisita, eta bertan behera utzi dute.

Zenbait hedabideren arabera, Sanchez pala batekin jo dute bizkarrean, eta Espainiako Gobernuak aitortu du «akats erraldoia» izan dela bisita egitea, «erregea tematu delako» egin dutela. Bi ordu eskas iraun du bisitak. Arratsaldean Chivara (Herrialde Katalanak) egitekoak zirena ere bertan behera utzi dute.

Errege-erreginak eta erakundeetako ordezkariak Paiportara eramateko erabilitako autoetako bat. MANUEL BRUQUE / EFE
Errege-erreginak eta erakundeetako ordezkariak Paiportara eramateko erabilitako autoetako bat. MANUEL BRUQUE / EFE

Mazonek X-n idatzi du Paiportatik alde egin berritan: «Ulertzen dut herritarren haserrea, eta hori jasotzera geratuko naiz, noski. Nire betebehar politiko eta morala da. Erregearen gaur goizeko jarrera eredugarria izan da».

Borboikoak esan du ulertu egin behar dela jendearen haserrea eta frustrazioa, «oso gaizki pasatu dutelako eta zaila delako larrialdiei aurre egiteko mekanismo guztiek nola funtzionatzen duten ulertzea».

Sanchezek, berriz, elkartasuna adierazi die Paiportako eta Valentziako bizilagunei, eta haien sufrimendua ulertzen duela esan du. Jarrera biolentoak salbuespena direla gehitu du, eta herritar gehienek halakoak baztertzen dituela;  uste du herritar gehienek konponbide bat eta erakundeen konpromisoa nahi dituztela. «Gobernuaren helburu nagusiak dira bizitzak salbatzea, gorpuak erreskatatzea eta berreraikitzea, eta ez gara bide horretatik mugituko», amaitu du.

Debekuak

Gaur, Cecopik, Generalitateak larrialdia koordinatzeko darabilen organoak, boluntarioei ez die utzi sartzen hondamendiak kalteak eragin dituen 11 herritan, erakundearen arabera, Aemet meteorologia agentziak alerta horia ezarri duelako. Aldaia, Alaquas, Picanya, Sedavi, Benetusser, Alfafar, Massanassa, Catarroja, Albal, Beniparrell eta Paiporta dira. Azken hori da istiluak izan diren udalerria; han baieztatu da, oraingoz, hildako gehien.

Mazon eta Felipe VI.a lokaztuta, gaur, Paiportan. ANA ESCOBAR / EFE
Mazon eta Borboikoa lokaztuta, gaur, Paiportan. ANA ESCOBAR / EFE

Hala ere, milaka boluntariok ez diote jaramonik egin debekuari, eta herri horietara joaten ari dira. Batek baino gehiagok errege-erreginen bisitarekin lotu dute debekua, hedabideetan egin dituzten adierazpenetan. 

Azken orduetan, Aemetek zenbait alerta ezarri ditu Valentzian, Katalunian, Aragoin eta Murtzian, baina momentuz ez da eurite handirik izan.

Hildakoen kopurua ez da ia batere handitu. Bakarra baieztatu dute gaur; 214 dira oraingoz, horietatik 211, Valentziako erkidegoan. Oscar Puente Espainiako Garraio ministroak X-n azaldu du kopurua zergatik ez den handitu azken orduetan. Kontatu duenez, gainazalean jada ez dira askoz gorpu gehiago azalduko. Oraindik aparkaleku eta sotoetakoak falta dira, baina gune horiek hustu egin behar dira lehenik eta behin.

Esan du ezinezkoa dela zenbat hildako gehiago topatuko dituzten jakitea, eta datu zehatzak eman dituztenak espekulatzen soilik ari direla kritikatu du. Gehitu du Madrilek ez duela hildakoen kopurua ezkutatzeko inongo interesik.

Mazonek atzo goizean eskatu zion militar gehiagoren laguntza Espainiako Gobernuari, eta Sanchezek ontzat jo zuen: «Baliabide gehiago behar baditu, eskatu besterik ez du». Hori dela eta, hondamendia izan den guneetan 7.500 militar eta 9.000 polizia baino gehiago arituko dira lanean datozen orduetan, Victor Angel Torres ministroak jakinarazi duenez. 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.