PP eta Vox daude Valentziako Gobernuaren agintean, eta iazko ekainean Hezkuntza Askatasunaren Legea onartu zuten. Orduan adierazi zutenez, lege horrek bidea emango du aitzineko gobernuak egindako «inposaketa linguistikoari» aurre egiteko. Hala, kontsulta bat egin zuten ikastetxeetan oinarrizko hizkuntza katalana edo gaztelania izanen den erabakitzeko, eta Valentziako hezkuntza sisteman matrikulatuta dauden familiek hartu ahal izan zuten parte. Otsailaren 25etik martxoaren 4ra arte bozkatu ahal izan zuten, telematikoki, eta martxoaren 6an argitaratu ziren kontsultaren emaitzak: %50,53k nahiago dute ikastetxeetan katalana izatea oinarrizko hizkuntza. %49,47k, aldiz, gaztelaniaren aldeko hautua egin dute. Castello probintzian %70,5ek egin dute katalanaren alde; Valentzian eta Alacanten, berriz, portzentajea txikiagoa izan da, Alacanten %34,1ek egin baitute katalanaren alde, eta, Valentzian, %57,8k.
Gerard Fullana Compromis alderdiko diputatua da Valentziako Gorteetan, eta, azaldu duenez, kontsultak ez zuen aukera ematen katalanaren edo gaztelaniaren artean aukeratzeko soilik; hautua, «funtsean», hizkuntza ofizial bat debekatzea edo onartzea zen. «Horixe da Alderdi Popularrak eta Voxek ireki duten atea, baina guk itxi egin diegu». Diputatuaren ustez, Carlos Mazon (PP) buru duen gobernuak ezustekoa hartu du emaitzak ikusita, ez baitzuen uste herriak «kontra» eginen zionik ezarri nahi duten lege berriari.
Escola Valenciana erakundeko presidente Alexandra Uso «pozik» dago emaitzekin, baina ez du uste «bereziki onak» direnik; izan ere, «gorrotoa» dago legedia horren guztiaren gibelean. «Gorroto hori erraietan dago, eta etengabe saiatuko dira gure hizkuntza eta kultura ahalik eta gehien zapaltzen». Azaldu duenez, gobernuak kontsulta egin aitzinetik ere hasiak ziren gorroto hori nozitzen, bertzeak bertze, agintariek katalan hutsean ziren ekitaldiak debekatzen zituztelako, baita liburutegietan liburuak zentsuratzen ere. «Hagitz politika errepresiboa dugu».
«Gorroto hori erraietan dago, eta etengabe saiatuko dira gure hizkuntza eta kultura ahalik eta gehien zapaltzen»
ALEXANDRA USOEscola Valenciana erakundeko presidentea
Bozketa telematiko horretan, ordea, jende anitz geratu zen parte hartu ezinik. Fullanaren aburuz, bi faktorek eragin zuten nagusiki: ezin bozkatu izateak eta bozkatu nahi ez izateak. «Datuak onak dira, baina alde onari begiratzen badiogu soilik. Hau da, uste dut ahantzi egiten zaigula %58,6k bakarrik hartu dutela parte bozketan, eta botorik ez ematea ere bada iritzia emateko modu bat». Datuei erreparatuz gero, emaitzak bertze itxura bat har dezake: bozkatu ez zutenak eta hezkuntza legean aldaketarik ez egitea bozkatu zutenak familien %75 dira. 240.000 familia inguru gelditu ziren botorik eman gabe, eta bada bozkatzean ezintasunik izan zuen familiarik ere.
Azaroan ziren galdeketa egitekoak, baina uholdeengatik gibeleratu egin zuten. Orain, ordea, aurrematrikula egiteko datak gainean direla, «presaka eta korrika» egin dute bozketa, Fullanaren arabera. «Bozketa sistema ez da batere erraza izan; telematikoki egin zitekeen soilik, baina huts egiten zuen anitzetan, eta ez zegoen guztiontzat eskuragarri; gainera, azken egunean ezin izan zen botorik eman, uholdeengatik alerta egoeran geundelako».
Hezkuntza Askatasunaren Legeak dioenez, ikasleek hiru hizkuntza menderatu behar dituzte beren ikaskuntza ibilbidearen amaieran, edo behintzat bi hizkuntza ofizial eta atzerriko bat; hala zehaztu du Fullana diputatuak. Mazonen gobernuak, ordea, zalantzan jarri du katalana irakatsi behar ote den.
«Uste dut ahantzi egiten zaigula %58,6k bakarrik hartu dutela parte bozketan, eta bozkarik ez ematea ere bada iritzia emateko modu bat»
GERARD FULLANACompromis alderdiko diputatua Valentziako Gorteetan
Kontsultaren emaitzak katalanaren aldekoak izan diren arren, legedia «tranpatia» dela adierazi du Usok, bertzeak bertze, ezinezkoa delako hezkuntza sistema osorik katalanez egitea. Escola Valenciana erakundea iragan urrian hasi zen gaiaren inguruko hitzaldiak ematen, «argi» gera zedin Mazonek planteatutako galdeketan katalana hautatzeak ez zuela erran nahi haurrek ez dutenik gaztelania ikasiko. Horixe baitzen batzuen «beldurra»: katalana aukeratzeak zer ondorio edukiko zituen gaztelaniaren ezagutzan. Usok azaldu duenez, gehienez ere irakasgaien %65 «bertzerik ez» da irakatsiko katalanez. «Valentziera dago arriskuan, ez gaztelania, eta valentziera aukeratzeak aukera elebidunaren alde egitea erran nahi du». Usoren erakundeak 41 urte daramatza ikastetxeetan katalana irakasten, eta «borrokan» jarraituko dute hori hala izan dadin aurrerantzean ere.
Gela mistoak
Ikastetxe bakoitzaren erabakia izanen da ikasturte bakoitza nola banatu; hau da, gaztelaniaz irakatsi, katalanez irakatsi edo gela elebidunak sortu. «Duela hilabete batzuk [Hezkuntza] kontseilariarekin bildu ginen, legeari buruzko zalantza batzuk geneuzkalako, eta gertaera posible bat planteatu genion: zer gertatzen da familia batzuek hizkuntza hautu bat egiten badute, eta bertze familia batzuek bertze hautu bat?». Erantzuna argia izan zen: talde mistoak eginen dituztela. Escola Valenciana erakundeari, ordea, zentzugabea iruditzen zaio erabaki hori, eta ez du uste irakasle batek talde misto bat kudeatu dezakeenik.
Ikastetxe batzuek ez dute aukera mistorik eskainiko; aitzitik, zuzenean gehiengoak erabakitzen duenaren alde eginen dute zuzenean. Alegia, familia batzuek katalanaren alde eginen dute eta seme-alabek gaztelaniaz ikasi behar izanen dute, gainerakoek hala erabaki dutelako. «Hori ez da bidezkoa», salatu du Usok.
Fullanaren aburuz, ikasleak bereizteak «bazterkeria» eraginen du. «Gaztelaniazko klaseetan etorkin anitz egoten dira, eta eskuin muturreko familiek horren kontra eginen dute berehala».
Usok argi du, dena den, orain ezin dutela gibelera egin. «Ezagutza anitz handitu da, baina bortz urte baino gutxiagoan erabilera gutxitu egin da». Kaleko erabilerak kezkatzen ditu gehien, geroz eta gutxiago aditzen baita katalana karrikan. Legearen berri eman zutenean, erakundeak desadostasuna adierazi zuen, eta hasieratik utzi du argi legeak ondorio larriak eraginen dituela valentziarrengan. Azken emaitzak ikusita, baina, «erdi kontent» dago Uso, Mazonen gobernuari «jokoa» ez zaiolako uste bezain ongi atera.
Biak ala biak ikusten dute tokiko hizkuntza egoera «zaurgarrian» dagoela, batik bat kanpo faktoreek hala eragin dutelako. Sare sozialek, Internetek eta hizkuntza zapaltzaileek eragin dute, bertzeak bertze, hizkuntza minorizatua are txikiago bihurtzea.