Valentzia (Herrialde Katalanak) astindu duen denboralearen osteko zazpigarren egunean, erreskate lanak fase batean sartu dira: batez ere, urak hartutako lurpeko guneetan eta ibaien ibilguetan ari dira orain desagertutako herritarren bila. Hildakoak 210 dira, Valentziako Generalitateak emandako azken datuen arabera. Herenegundik kopuru hori ez da aldatu, eta horren zergatia argitu du Espainiako Gobernuak Valentzian duen ordezkari Pilar Bernabek: «Gainazalean ez dituzte gorpu gehiago aurkitu».
Horregatik, sotoak, lurpeko aparkalekuak eta antzerakoak miatzeari ekin diote erreskate lanetan ari direnek. Horietako batean sartu dira gaur suhiltzaileak: Bonaire merkataritza guneko lurpeko aparkalekuan, Valentziako Aldaia herrian. Han jardun duten suhiltzaileen bozeramaile batek ziurtatu du ez dutela gorpurik topatu. Aurrez, aparkaleku horretan ehunka hildako zeudela zioten mezuak zabaldu dituzte sare sozialetan. Denboraleak utzitako ondorioen harira, informazio faltsu gehiago ere ari dira zabaltzen sare sozialetan; hori horrela, informazioa bilatzeko orduan iturri ofizialak erabiltzeko deia egin du Bernabek.
Euriteengatiko alertei eutsi diete Herrialde Katalanetan. Izan ere, euriteek uholdeak eragin dituzte Tarragonan eta Bartzelonan. Azken lurralde horretan, alerta gorria ezarrita egon da, eta Bartzelonako Udalak Larrialdietarako Udal Planaren alerta aktibatu du. Ohar bidez, hainbat gomendio eman dizkiete herritarrei; besteak beste, etxeetako teilatuak berrikusteko eskatu diete, urik ez pilatzeko. Egoera dela eta, bertan behera egon da Kataluniako Rodalies trenen zerbitzua, eta hegazkin batzuk Prat aireportutik Gironara bideratu behar izan dituzte. Bartzelonako Unibertsitateak ere eskola guztiak eten ditu, eta zenbait errepide ere itxita egon dira.
Raval auzoko etxebizitza sindikatuak eta beste hainbat erabiltzailek X sare sozialean salatu dutenez, Bartzelonan alerta ezarrita egon arren mossoak familia bat etxegabetzen aritu dira. Tartean adingabe bat dago.
⚠️ ACABA DE SONAR L'ALERTA DE PROTECCIÓ CIVIL A BARCELONA I ELS MOSSOS ESTAN DESNONANT UNA FAMÍLIA AMB UN NEN MENOR D'EDAT ⚠️
— Sindicat Habitatge Raval (@Raval_SHSC) November 4, 2024
AIXÒ ES UNA VERGONYA. MÀXIMA DIFUSSIÓ. @salvadorilla NO PENSES ORDENAR ALS MOSSOS QUE ATURIN AIXÒ? @socialistes_cat CÒMPLICES. pic.twitter.com/qQU5agVFt1
Bihartik aurrera, eguraldiak hobera egingo duela diote iragarpenek. Halere, kalte guztiei aurre egiteko lanean jarraitzen dute Valentziako suhiltzaile, polizia, larrialdi zerbitzu eta boluntarioek. Beste toki batzuetatik ere joan dira laguntzera. Besteak beste, Espainiak 5.000 militar eta 5.000 polizia mobilizatu ditu. Eta asteburuan jakinarazi zuten Hego Euskal Herritik ehun suhiltzaile joan direla.
Gaur, Valentziako ikasleen sindikatuak aste osoko grebara deitu du, «herriari laguntzen jarraitzeko». Erakundeen laguntzarik eza salatu dute: «Erakundeen utzikeria ikusirik, gazteak eta familia langileak duintasun eta elkartasun lezioa ematen ari dira».
Larrialdiaren kudeaketa
Carlos Mazon Generalitateko presidentea COPE irrati katean izan da gaur goizean, eta esan du joan den asteartean, «iraultza meteorologikoa» gertatu baino lehen, Espainiako Larrialdi Unitate Militarra aktibatzeko eskatu zuela, baita «ahal zen laguntza guztia» bidaltzeko ere. Salatu du Espainiako Trantsizio Ekologikoko Ministerioak hiru aldiz indargabetu zuela arriskuaren alerta asteartean.
Arratsaldean, Espainiako Larrialdi Unitate Militarreko buruak agerraldi bat egin du. Bertan, goizean Mazonek esandakoei erantzunez, azaldu du Espainiako soldaduak «hasiera-hasieratik» egon direla Valentzian laguntzeko prest, baina larrialdiaren kudeatzaileak «baimena eman ezean» ezin direla sartu.
Larrialdiaren kudeaketa Valentziako Generalitatearen esku dago uneotan. Horren harira, Alberto Nuñez Feijoo PP Espainiako Alderdi Popularreko buruak «larrialdi nazionala» deklaratzeko deia egin du gaur emandako prentsaurreko batean. Hori eginez gero, Espainiako Barne Ministerioaren kargu geratuko litzateke hondamendiaren kudeaketa. Espainiako Gobernuak, ostera, ez du horretarako asmorik azaldu. Lurralde Politikako ministro Angel Victor Torresi larrialdi nazionala deklaratzeko aukeraz galdetu diote kazetariek, eta horrek erantzun du Valentziako instituzioen «alboan daudela»: «Lurraldea gehien ezagutzen dutenak haiek dira».