Denboraleak gutxienez 200 lagun hil ditu Valentzian

Hildakoak askoz gehiago izango direla aurreikusten da, gorpuak aurkitzeko lanak azkartu baitituzte azken orduetan. Atzo, desagertutako 600 pertsona topatu zituzten.

Herritar batzuk garbiketa lanetan, Valentziako Masansa herrian. ANA ESCOBAR / EFE
Herritar batzuk, garbiketa lanetan, Paiporta Valentziako herrian. BIEL ALIÑO / EFE
Imanol Magro Eizmendi - Mikel Garcia Martikorena
2024ko azaroaren 1a
20:05
Entzun

Iragan asteartean Herrialde Katalanen hegoaldean hondamendia eragin zuen denboraleak 202 lagun hil ditu Valentzian, eta beste hiru Espainian, oraingoz. Horiek, baina, gora egingo dute datozen orduetan. Eldiario.es Espainiako egunkariak Cecopi Valentziako Generalitateko Koordinazio Zentro Operatibo Integratuaren txostena aipatuz argitaratu duenez, 70 gorpu inguru daude identifikatzeko zain. Gainera, desagertuen zerrenda luzea da. Hedabide berak adierazi duenez, gutxienez 1.900 lagun daude desagerturik. Desagertuen senideek larrialdietako zerbitzuetara egindako deien bitartez lortu dute jakitea kopuru hori. Txostenean diote, gainera, atzo desagertutzat jotako beste 600 lagun topatu zituztela.

Cecopik, baina, 1.900 lagunen kopurua gezurtatu du, «zuhurtziagabekeria» iritzi dio orain desagertuen kopuru bat emateari, eta adierazi asteartetik 20.000 dei baino gehiago jaso dituztela. Hedabideak, ordea, txostena argitaratu du. Bertan jasoa dutenez, asteartetik 75.000 dei baino gehiago jaso ziren 112 zenbakian denboralea dela medio.

Oraingo lehentasunik handiena gorpuak aurkitu eta identifikatzea dutela adierazi du Valentziako Generalitateak. Lanak azkartze aldera, Valentziako Auzitegi Nagusiak gorpuak altxatzeko baimena eman dio Espainiako Poliziari. Gainera, Espainiako Gobernuak beste hamar forentse bidali ditu Valentziara. Behin gorpuak jasota, Valentziako epaitegietara eramaten dituzte, eta, identifikatu ondoren, Valentziako erakustazokan egokituriko pabiloi batera eramango dituzte. Familiek, baina, oraindik ezingo dituzte hildakoak artatu. Montesek gaur jakinarazi duenez, ez diete bertan sartzen utziko: «Egin dezaketen onena etxean zain egotea da».

Valentziako suhiltzaile, polizia eta larrialdi zerbitzuak lanez gainezka daude. Madrilek jakinarazi du beste 500 militar bidaliko dituela eremu kaltetuetara, lagundu dezaten; beraz, guztira, ia 2.000 soldadu bidaliko dituzte. Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak gaur Valentzian egindako agerraldi batean esan du milaka soldadu eta polizia «prest» dituela laguntzeko, behar izanez gero. Militarren presentziarik ezagatik kritika ugari egin zizkioten Valentziako Generalitateari, egungo larrialdi egoeran hark eskatu behar baitio Espainiako Gobernuari militarrak bidal ditzan. Compromis ezkerreko alderdiak, ordea, Generalitateari jaramonik ez egiteko eta larrialdirako beharrezkoak diren baliabideak «lehenbailehen» bidaltzeko eskatu dio Madrili.

Gobernuek aurrera eramandako ekintzez gain, gizartea mugiarazi dute hondamendiaren ondorioek. Ehunka pertsona, fede onez, gehien kalteturiko herrietara agertu dira, laguntzera. Hori, baina, kaltegarria izan daitekeela ohartarazi dute bai Valentziako Generalitateak, bai Espainiako Gobernuak. Izan ere, jende oldeak errepideak moztu ditu, eta larrialdi zerbitzuek zail dute zenbait eremutara heltzea. Gauzak horrela, Grande-Marlaskak «norbanakoen mugikortasuna mugatzea» eskatu dio Generalitateari.

Politika, tarteko

Hondamendiak eragindako ondorioekin batean, eztabaida piztu da politikan zein kalean, alegia, ea erantzukizuna Valentziako Generalitatearena den edo Espainiako Gobernuarena. Valentziako hogei gizarte erakunde eta sindikatuk, esaterako, manifestaziora deitu dute bihar zortzirako, Valentzian. Bertan, Carlos Mazon Generalitateko presidentearen (PPCV Valentziako Alderdi Popularra) dimisioa eskatuko dute. Deitzaileen arabera, «tamalgarria» izan da Mazonek hondamendia nola kudeatu duen, eta haren erabakiek «hildako kopurua handitu baino ez» dute egin.

Ez da lehen aldia Mazonen larrialdien kudeaketari kritikak egiten dizkiotela. Izan ere, iazko uztailean hartu zuen kargu Mazonek, eta, hilabete batzuk egin ostean —azaroan, zehazki—, Valentziako Larrialdietako Zerbitzua kendu zuen haren gobernuak. Azken egunetan hamaika politikarik eta erakundek gogor egin dute erabaki horren aurka; ERC Esquerra Republicanako Gabriel Rufianek, esaterako.

Eztabaidak eztabaida, denboralea ez da amaitu. Ordurik latzenak asteartean izan ziren arren, euriteengatik alerta gorriak mantendu dituzte Herrialde Katalanetan eta Espainian. Metro koadroko 50 litro ur baino gehiago erortzeko aukera dagoenean aktibatzen da alerta gorria. Egun osoan, Espainia hegoaldeko zenbait eremu alerta gorrian egon dira, eta, egoerak behera egin duen arren, alertan daude oraindik ere. Valentzia alerta horiraino jaitsi da, eta, Balear uharteei dagokionez, eguneko zenbait ordutan alerta gorrian egon diren arren, laranjara jaitsi dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.