Frantziako Asanblearako bozak

V. Errepublikaren estres neurgailua

Frantziako Asanblearako bozen lehen itzulia egingo dute gaur, eskuin muturra agintera iristeko moduan dagoen honetan. Kanpainan ezkerreko aliantza bilakatu da RNren egiazko lehiakidea, eta macronismoa saiatzen ari da bere amaieraren hasiera eragozten.

Joan den legegintzaldian RN Batasun Nazionalaren Asanbleako talde parlamentarioaren buru izandako Marine Le Pen, iragan astelehenean, agerraldi batean, Parisen. MOHAMMED BADRA / EFE
Joan den legegintzaldian RN Batasun Nazionalaren Asanbleako talde parlamentarioaren buru izandako Marine Le Pen, iragan astelehenean, agerraldi batean, Parisen. MOHAMMED BADRA / EFE
ander perez zala
2024ko ekainaren 30a
05:00
Entzun

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak estrategia bat diseinatu zuen: ezkerra zatituta zegoenez, eta oraindik ere badagoenez eskuin muturrarekiko beldurra, hura izango zela, berriz ere, salbatzailea, hauteskundeetan ultraeskuinari aurre egiteko aukera bakarra.

Iritsi da Asanblearako bozetako lehen itzulia, eta egoera bestelakoa da erabat. RN Batasun Nazionala inoiz baino indartsuago dago; ezkerreko alderdiek azkar erreakzionatu dute eskuin muturraren mehatxuaz oharturik, eta NFP Fronte Popular Berria aliantzan elkartu dira; eta macronismoa horien atzean geratu da, politikoki bizirik irauteko nahikoa lan duela, kanpainan Frantziako presidenteari ia erreferentziarik egin gabe.

Hauteskundeok estres proba bat izango dira V. Errepublikarentzat. Fronte errepublikanoaren herrialdean eskuin muturra lehen aldiz boterea bereganatzeko moduan dagoela aintzat hartzeaz gain, iragan legegintzaldiak agerian utzi du alderdiak ez daudela ohituta koalizioetara, gehiengo osorik gabe elkarrekin lan egitera. Eta, beraz, lehen ministroa ultraeskuindarra izateko aukera handiak dauden honetan, erakundeak eta herrialdea esploratu gabeko egoera batera doaz; eremu politiko ezezagun batera, alegia. Macronek nola erreakzionatuko duen, hori izango da lehen gakoa.

Frantziako presidenteari, behintzat, plan bakar batek ere ez dio funtzionatu asteotan. Bere burua irtenbide gisa aurkezten aritu da, baina agerian geratu da jada zazpi urte egin dituela agintean, 2024a ez dela 2017a, eta hainbat neurri antisozial sustatu ondoren, mezu horrek dagoeneko ez duela balio herritarrak konbentzitzeko, harekin haserre dauden boto emaileak berriz ere erakartzeko ultraeskuinaren aurrean. RNren presidente eta lehen ministrogai Jordan Bardellak berak kanpainan aitortu du haien lehiakide nagusia ezkerreko aliantza dela, eta ez Frantziako estatuburuaren aldekoen Ensemble koalizioa.

Macronek eta gobernuko ministroek, gainera, zeharka lagundu dute eskuin muturra, kanpainan kritikak eta erasoak batez ere NFPri egin dizkiotelako, LFI Frantzia Intsumisoa horren parte dela baliatuta; are, RN eta LFI parez pare, neurri berean jarri dituzte, horrek balioko dielakoan Asanblearako hauteskundeak irabazteko, oraindik ere uste baitute egiazko lehia Ensembleren eta ultraeskuinaren artekoa dela.

Olivier Faure PSren lehen idazkaria -ezkerrean-, hilaren 14an, Fronte Popular Berriaren agerraldi batean hitz egiten. MOHAMMED BADRA / EFE
Olivier Faure PSren lehen idazkaria —ezkerrean—, hilaren 14an, Fronte Popular Berriaren agerraldi batean hitz egiten, Parisen. MOHAMMED BADRA / EFE

Praktikan, horrek guztiak hondamenezko ondorio bat eragingo du: ezkerreko aliantzaren kontrako iritzia sustraitzea, eta RNren garaipenari bide ematea datorren igandean egingo duten bigarren itzulian. Hau da, fronte errepublikanoa are gehiago ahultzea —oraindik ere existitzen bada—; hori baita Macronen tesietako bat, 2022ko presidentetzarako bozen ondoren esan baitzuen jada ez dagoela halako fronterik.

Eta bitartean, RN saiatu da ahalik eta harrabots gutxien egiten, ahalik eta itxurarik hoberena erakusten, hilaren 9ko Europako Parlamenturako hauteskundeetan lortu zuen garaipenaren aparretan egonda. Eta ikusi du, macronismoaren amaieraren hasiera finkatzeko aukerarekin batera, LR Errepublikanoak eskuindarra zatitu egin duela, Eric Ciotti alderdi horretako buruzagiarekin adostu ondoren 62 diputatugai babestea. Eskuin muturrak dena du aldeko, hortaz, bigarren itzulira indartsu sailkatzeko.

Horiek horrela, NFPren apustua bere boto emaileen mobilizazioa da, batez ere, hilabete hasierako Europako Parlamenturakoetan baino askoz ere handiagoa izateko. Duela bi urteko Frantziako Asanblearako hauteskundeetan %47,5 izan zen parte hartzea, eta aurten inkestek aurreikusi dute gutxienez %60ra igoko dela; hori bai, aldi berean RNren gorakada islatzen dute, ziurrenik, Errekonkista ultraeskuindarraren eta LRren oinarriak erakarri dituelako. Hortaz, ezkerreko aliantzari ezinbestekoa zaio, eskuin muturraren gehiengo osoa eragotzi nahi badu, ahalik eta pertsona gehien mobilizatzea.

Kaos politikora bidean

Asteotako joerei, zantzuei eta inkestei erreparatuz gero, bi itzulien ondoren kaos politikoa izango da nagusi Frantzian, Asanblean ez baita gehiengorik egongo gobernu bakar bat ere sostengatzeko; eta egoera hori berria izango da, ez baitu aurrekaririk, behintzat, V. Errepublikan.

Horren aurrean, ez da irtenbide errazik espero. Horietako bat parlamentuko behe ganbera desegitea litzateke, baina, konstituzioaren arabera, gutxienez urtebete pasatu behar da berriz ere hori gauzatzeko, hau da, baliteke Frantzia urtebetez gobernaezina izatea. Gainera, aurten ere badirudi kohabitazio bat errepikatzeko aukera handiak daudela, betiere Macronek erabakitzen duenaren arabera. Edonola ere, berritasuna zera litzateke: balizko lehen ministro horren alderdiak edo aliantzak ez lukeela gehiengo osoa izango Asanblean.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea, hilaren 18an, Enez-Sun uharteko taberna batean (Bretainia), ekitaldi militar baten ondoren. CHRISTOPHE ENA / EFE
Emmanuel Macron Frantziako presidentea, hilaren 18an, Enez-Sun uharteko taberna batean (Bretainia), ekitaldi militar baten ondoren. CHRISTOPHE ENA / EFE

Baliteke oposizioko alderdiek Macron estuago hartzea dimisioa eman dezan —2027an amaituko da haren agintaldia—, baina, aldi berean, horrek ez luke egoera konponduko, Asanblea desegiteko debekuak bere horretan jarraituko lukeelako. Frantziako presidenteak, gainera, kanpainan esan du ez duela kargua uzteko asmorik, nahiz eta ikusteko dagoen jarrera horri eutsiko dion.

Beste aukera bat konstituzioko 16. artikulua erabiltzea litzateke: estatuburuak botere guztiak hartzea, «botere publiko konstituzionalen funtzionamendu egokia gelditu» delako argudioa erabilita. Europe 1 irrati kateak hilaren 19an argitaratu zuen Macron horretaz mintzatu zela gertuko batzuekin; Eliseoak hori gezurra dela erantzun zuen. Edo, Italian zenbaitetan gertatu bezala, gobernu teknokratiko bat izendatzea.

Aukerak aukera, aurrekaririk gabeko garai politiko batean murgiltzear dira Frantzian. Asanblea gehiengo osorik gabe egonda ere, edo eskuin muturrak edo ezkerreko koalizioak gehiengoa lortzen badute ere, bestelako egoera bat ezagutuko dute, egoera ezezagun bat. Argitzeko dago, hortaz, Macronek zenbat iraungo duen kaos horretan. Gaurko lehen itzuliak lehen zantzuak emango ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.