MOSKU. Atzo arratsaldean lurra jo zuen, Errusian, ustez Wagner talde paramilitarreko buru Jevgeni Prigozhin zeraman hegazkin pribatuak, Tass berri agentziak jakinarazi zuenez. Errusiako Aire Garraioko Agentzia Federalaren esanetan, hegazkineko bidaiarien zerrendan zegoen duela bi hilabete Kremlinen aurka altxatu zen enpresari haren izena. Errusiako Larrialdi Ministerioaren arabera, hiru tripulatzaileak eta zazpi bidaiariak hil dira. Tassek esan zuenez, hegazkina erre egin zen lurra jo zuenean, eta ordu erdi baino gutxiago zeraman airean. Moskutik San Petersburgora zihoan hegaldia. Edizio hau ixteko orduan, Wagnerrekin lotutako Telegram kanal batek esan zuen, Reuters agentziaren arabera,hil egin zela Prigozhin istripuan.
Bestalde, Kremlinek kargugabetu egin du aire indarreko buruzagi Sergei Surovikin, atzo jakinarazi zuenez. Ukrainako inbasioaren testuinguruan, Errusiako indarren buruzagi nagusi ezarri zuten Surovikin iazko urrian, baina, urtarrilean, kargu hori Valeri Gerasimov jeneralaren esku geratu zen, eta Surovikin haren alboko izendatu zuten. Orain, Kremlinek kargutik kentzea erabaki du, Wagnerrek ekain amaieran egindako matxinada saiakerarekin ustez izandako loturagatik.
Ustez Prigozhin zeraman abioi batek lurra jo du Errusian
Wagner taldearen burua bidaiarien zerrendan dago. Hamar pertsona zihoazen airekoan, eta guztiak hil dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu