Espainiako errege etxea eta polemika. Azken urteetan, harreman estua izan dute bi elementu horiek, eta eztabaida ugariren foku izan dira. Felipe VI.ak garai berri baten hasiera nabarmendu zuen 2014ko haren tronuratze ekitaldian: «Monarkia eraberritua garai berri batentzat». Bada, ikusi da aldaketa gabeko aldaketa izan zela, eta, bien bitartean, ustelkeria auziek beste behin astindu dute errege familia. Argi geratu da: monarkiak lehengo lepotik du burua. Hori horrela, egun, krisi sakonean murgilduta dago Espainiako errege etxea, eta, azken istiluak medio, hainbatek salatu eta arbuiatu dute instituzioa bera, haren funtzionaltasuna kolokan jarriz. Hala ere, Eneko Compains EHUko Zuzenbide Konstituzionaleko irakasleak deitoratu egin du horraino iritsi beharra, zenbaitek koroa auzitan jartzeko urratsa egiteko: «Ikuspegi demokratiko hutsetik, tristea iruditzen zait batzuek ustelkeria kasuak behar izatea monarkia arbuiatzeko. Onargarria al da monarkia, ustela ez bada? Monarkia, bere hartan, demokraziaren aurkako erasoa besterik ez da, iraganeko herentzia antidemokratikoa». Hala, «erregimen demokratiko bakarra errepublikanoa» dela zehaztu du.
Suitzako auzitegi batzuk egiten ari diren ikerketa batek zartarazi du egoera. Bertan, irregulartasunak tarteko, susmopean dauden bi fundaziorekin lotu dute Juan Carlos Borboikoa: Zagatka eta Lucum. Errege etxeko negoziazio sekretuak eta ondasunaren sorburuaren inguruko mamuak ez dira istorio arrotzak monarkiaren historian: Noos auzia, kasurako. Hala, instituzioak izandako gardentasun falta salatu du Iñigo Bullain EHUko Zuzenbide Konstituzionaleko irakasleak: «Ez dago inongo gardentasunik. Ez da inoiz egon. Klase politiko eta mediatikoek erregearen figura blindatzea adostu zuten». Compainsek gaineratu du esanguratsua dela atzerriko auzitegi bat izatea errege emerituaren ustelkeria kasuak azaleratu eta ikertu dituena; horrek erakusten duelako, immunitateaz eta bortxaezintasunaz baino, «erabateko zigorgabetasunaz» gozatu duela.
«Laguntza» funts bat
Azken ustelkeria kasuei dagokienez, Zagatka fundazioaren onuradunen artean hirugarrena zen egungo Espainiako erregearen aita, eta erakunde hark hainbat hegaldi pribatu ordaindu zizkion 11 urtez. Juan Carlos Borboikoaren lehengusu Alvaro Orleans da funts horren jabea, eta, haren esanetan, fundazio hori Europako errege-erregina etxeei «laguntzeko» eratu zuen. Hala, sortze aktan jasotzen denez, «demokratizazio prozesuan egindako lanaren esker ona erakusteko» izendatu zuen errege emeritua hirugarren onuradun gisa. Ukatu egin du, baina, haren izenean mailegari aritu izana.
Juan Carlos Borboikoaz gain, onuradunen artean zegoen Felipe VI.a ere. Laugarrena zen bera, eta,beraz, errege emeritua hilez gero,haren esku geratuko litzateke fundazioa. Zarzuela jauregiak zabaldutako komunikatuak jasotzen duenez, ordea, egungo Espainiako estatuburuak ez zuen dokumentu horien berri izan orain arte.
Hari mutur gehiago ditu Lucum fundazioaren inguruko kontuak. Yves Bertossa Suitzako fiskalaren ikerketen arabera, 2008an Saudi Arabiako errege etxetik 65 milioi euro jaso zituen Panamako fundazio bateko lehen onuraduna litzateke Juan Carlos Borboikoa. Diru hori, ustez, Espainiako errege ohiari ordaindutako legez kanpoko komisioen zati bat litzateke, Mekarako abiadura handiko trena egiteko lanen eskuduntza lortzearen truke.
Harago doaz, ordea, irregulartasunak. Izan ere, peskiza batzuen arabera, 2012an, diru hura Corinna Larsenek Bahametan zuen kontu batera mugitu zuten. Haren abokatu Robin Rathmellek azaldu zuen Espainiako monarkaren «opari bat» izan zela ordainketa, Larsenek «eskatu gabe» eginikoa.
Egungo erregea bera litzateke Panamako Lucum fundazioaren bigarren onuraduna ere. Felipe Borboikoak, ordea, ukatu egin du kasu horretan ere diru mugimenduekin zerikusia izatea, eta nabarmendu du joan den urtean izan zuela fundazio horren berri. Compainsek azaldu duenez, horrek guztiak bidea zabalduko luke zigor zuzenbidean hainbat delituren egiletza leporatzeko: nazioarteko transakzioetan ustelkeria, eroskeria, diru zuriketa eta iruzur fiskala. «Errege emeritua eta beste hainbat pertsona jo litezke erruduntzat», argitu du.
Ondareari uko
Testuinguru horretan, sortutako zalapartari ahalik eta azkarrena eman nahi izan dio erantzuna estatuburuak. Hala, koroaren «izen onari eusteko» eta errege etxearen irudia garbitzeko ahalegina egin du, aitaren ondare ekonomikoari uko eginez eta Juan Carlos I.ak estatuko aurrekontuetatik jasotzen zituen ordainketak eteteko eskatuz. Orotara, urtean 194.232 euroko soldata zuen. Haustura, ordea, sinbolikoa izan da. Izan ere, legez ezin dio ondareari uko egin haren aita hil arte. «Itxurakeria izan da. Gainera, urtebete lehenago ere jakitun zen Lucum fundazioaren existentziaz, eta koronabirusaren krisiak lehertu arte itxaron du horrelako adierazpenak egiteko», salatu du Bullainek. «Felipe VI.ak egindakoak juridikoki ez du ezertarako balio». Compainsen iritziz ere, «su hesi bat» altxatzen saiatzen ari dira, baina kaltea honezkero egina dagoela uste du. Beste xehetasun bat ere erantsi nahi izan du: «Paradoxikoki, tronuari uko egin diezaioke abdikazio baten ondorioz jaso baitu, baina herentziari ez ez baita heriotzarik egon».
Hain justu, tronuari uko egin ez izana da eztabaidatu den beste kontu bat. «Ez dute asmorik erreferendum bat egiteko, jendeari galdetzeko zer nahi duten, monarkia edo errepublika», azpimarratu du Bullainek. Halaber, Compainsek dio herentziak osoki onartu edo errefusatzen direla, eta ez zatika: «Egungo erregeak bere aitaren herentziarik nahi ez badu, ongi etorri; baina, horretarako, ezer baino lehen, tronuari uko egin beharko lioke, edo, gutxien-gutxienik,bere agintaldiaren inguruan erreferenduma antolatu, zilegitasuna aitak ez, baizik eta herritarrek eman diezaioten. Beste guztia antzerki hutsa besterik ez da». Gaineratu du koroa bera,bere hartan, «pribilegio» bat dela, onartezina, konstituzioak aldarrikatzen duen legearen aurreko berdintasunaren aurkakoa delako.
Bestalde, ustelkeria kasu horiek errege etxean izan ditzaketen ondorioen inguruan sakondu du Compainsek, eta horiek «larriak» izan daitezkeela ziurtatu du, «juridikoak nahiz politikoak». Halere, azken horretan jarri du arreta: «Prozedura judizialak aurrera egingo balu eta Juan Carlos I.ak zigorrik jasoko balu, hankaz gora geratuko litzateke Felipe VI.aren estatu buruzagitzaren zilegitasun konstituzionala, demostraturik geratuko litzatekeelako kargua gaizkile baten eskutik jaso zuela. Edonola ere, kaltea egina dago, errege familiaren prestigioa honezkero lurpean dagoelako. Horregatik saiatu dira errege etxetik, lehenbailehen, suebaki bat eraikitzen, Felipe VI.ak Juan Carlos I.aren herentziari uko egingo ziola esanez. Jakin badakite bigarrena noraino lokazturik dagoen, eta bi figurak ahalik eta gehiena bereizi nahi dituzte». Berdintsu aritu da Bullain ere, eta aita-semeen arteko lotura hautsi nahi izan dutela dio: «Felipe VI.ak Juan Carlos I.aren ondasunaren herentzia jasotzen badu, hor badago konexio zuzen bat. Errege ohiak 40 urtean egin dituen azpijokoen etekina jasoko bailuke».
Interpretazio dantza
Kaos horren erdian, Espainiako Kongresuak, oraingoz, uko egin dio ikerketa batzordea osatzeari. Besteak beste, horren aurka agertu da PSOE, eta alderdiaren bozeramaile Adriana Lastrak egindako adierazpenak ekarri ditu gogora Bullainek: «Kongresuan adierazi zuen errege ohiak inpunitatea zuela, bortxaezintasunak estalita zegoela». Hala, azaldu du PSOEren rola oso garrantzitsua izan dela monarkiari eusteko. «Printzipioz, espainiar eskuina beti izan da monarkikoa, hein handi batean. PSOE, hasieratik, errepublikanoa izan zen, baina prozesu konstituziogilearen ondoren monarkiarako zutabe oso inportantea bihurtu da; funtsezkoa hori legitimatzeko». Erantsi du, gainera, ez dela «nolanahiko» monarkia: «Diktadore batek izendaturikoa da, eta opakutasunez eta ustelkeriaz beterikoa».
Compainsen iritziz, berriz, errege etxeko «negozio ustelak» ezkutatzetik harago, 78ko erregimenaren zutoin garrantzitsu baten «onargarritasuna» gorde nahi dute, hura galduta, «erregimen osoaren onargarritasuna galduta ikusten dutelako». Galdera bat ere bota du: «Parlamentu batek nola ez du izangoaskatasunik estatuko instituzio nagusi baten gaineko azterketa egiteko?».
Askotariko interpretazioak egon dira erregearen bortxaezintasunaren inguruan. Hots, hori absolutua ala erlatiboa den. «Nire ustez, ez du justifikaziorik erregea karguarekin loturarik ez duten ekintzen ondorio juridikoez babesteak, baina nago ez dela aditu gehienen artean gailentzen den posizioa», iritzi du Compainsek. Espainiako Konstituzioaren 56.3 artikuluan jasotzen da errekonozimendu hori, eta, Bullainek dioenez ere, hura ulertzeko modu asko daude. Hori horrela, ez du uste errege emerituaren aurka prozesu judizialik abiatuko denik. «Nork interpretatuko dute bortxaezintasuna duen ala ez? Alderki monarkikoek, parlamentuan gehiengoa dutelako, eta Espainiako epaileek». Dena den, «pribilegio» hori galdu zuen abdikazioa emandakoan.
Espainiaren kultura politikoari ere erreparatu nahi izan dio Bullainek. Hark azaldu duenez, Espainia herrialde bakarra da monarkia bi aldizberreskuratu duena. Beste estatu batzuekin alderatu du: «Alemanian, Frantzian edo Italian, esaterako, konstituzioetan ukiezinezko klausulak ezarri zituzten. Hau da, ziurtatu zuten estatua ez izatea berriro monarkia. Espainian, aldiz, kontrakoa egin dute». Horrez gain, jende gaztearengan monarkia doktrinatzeko saiakerak egiten dituztela nabarmendu du, eta hori arrazoitzeko adibide bat jarri du: «Espainian urtero antolatzen dute erregearen figura loriatzeko lehiaketa bat, Zer da errege bat zuretzat? izenekoa. Ia 40 urte daramatzate hori antolatzen, nahiko esanguratsua da».
Beste kontu batekin ere ados daude Compains eta Bullain: Francok dena ondo «loturik» utzi zuela, eta ezer baino lehen, haren alde baldintzatu zuela funtsezkoa zen guztia.
Ustelkeriaz usteldutako etxea
Beste behin, ustelkeria auzietan murgilduta dago Espainiako errege etxea, eta, ondorioz, askok ezbaian jarri dute instituzioaren zilegitasuna. Compains eta Bullain EHUko Zuzenbide Konstituzionaleko irakasleek zorrotz kritikatu dute monarkia, eta horrek atzean dituen kontu ilunak deitoratu dituzte. Compainsek dio pribilegio bat dela koroa, onartezina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu