Martxoaren 1ean berrogei urte bete ziren Uruguaiko diktadura bukatu zenetik, nahiz eta, prozesu guzietan gertatzen den bezala, horretarako bidea lehenagotik hasia zen. Diktaduraren amaieran negoziazioak izan ziren, eta ordutik honat izan diren gobernu guziek, baita progresistenek ere, handitu bertzerik ez dute egin biktimen senideekiko eta herritar guziekiko zorra.
1973ko ekainaren 27an, uruguaitarrek demokratikoki hautatutako presidenteak, Juan Maria Bordaberryk, estatu kolpea jo zuen militarren laguntzaz, bolada hartan Latinoamerikako herrialdeetan izan ziren kolpeetan lehenbizikoa. Nahiz eta Uruguairi Latinoamerikako Suitza deitu ohi zaion erakunde demokratikoak sendotzen asmatu duelako, ekonomiari egonkor eusten diolako eta uruguaitarrek ez dutelako tirabiretarako joera handirik, herrialdea ez da gai izan eredugarri aritzeko diktaduraren ondoko berreraikitze prozesuan. «Hemen, azken batean, trantsizio luze bat izan zen: diktadura trantsizional deitzen diote batzuek». Hala azaldu du Ana Laura de Giorgi Gizarte Zientzietako doktore eta Errepublikako Unibertsitateko ikertzaileak. «Zenbaiten ustez, lehenbiziko hauteskunde libreak 1989koak izan ziren, ez 1984koak, 1984an proskripzioa indarrean baitzen». Hau da, hautagai batzuei galarazi egin zieten parte hartzea.
«Tupamaroen Nazio Askapenerako Mugimenduaren aldia bukatua zelarik jo zuten estatu kolpea. Talde horretako kideak espetxeratuak, hilak edo erbesteratuak ziren 1972. urtearen erditsutik. Beraz, estatu terrorismoa matxinada armatuari amaiera emateko egin zela dioen bertsio oro gezur hutsa da», nabarmendu du Carlos Pita Fronte Zabaleko parlamentari eta enbaxadore izandakoak, eta zera gehitu: «Halere, lortu zuten liskarrak izan zirelako ideia errotzea, eta hori ikaragarrizko kolpea izan zen uruguaitarrentzat, demokrazia aspalditik ezarria baitzen herrialdean eta, are, printzipio errepublikano hagitz sendoak baitzituen oinarrian».
«Estatu terrorismoa matxinada armatuari amaiera emateko egin zela dioen bertsio oro gezur hutsa da»
CARLOS PITAFronte Zabaleko parlamentari izandakoa
1984ko azaroaren 25ean, hamahiru urtean lehenbiziko aldiz, uruguaitarrek modua izan zuten presidentea aukeratzeko, baina hauteskunde prozesu hori 1980an hasia zen, urte hartan herritarrek ezezkoa eman baitzioten konstituzioa erreformatzeari. «Konstituzioaren erreformak porrot egin zuenez, armada arrunt zatitu zen, eta 1983rako herritarrak hasiak ziren mobilizatzen», esplikatu du Pitak. Hauteskundeak egin zirelarik, oraindik milaka lagun zeuden arrazoi politikoengatik erbestean edo preso, eta proskripzioa indarrean zen; hau da, hala herritar batzuek nola alderdi politiko zenbaitek debekatua zuten bozetan parte hartzea. Fronte Zabaleko kidearen erranetan, Uruguai «hain herrialde txikia» izanik, hainbertze lagun preso edo erbestean egoteak «ondorio lazgarriak» izan zituen.
Demokraziaren ezartzea militarrekin negoziatu zen, eta 1984ko abuztuaren 3an bururatu zen, Itsas Klubeko Ituna eginda, tartean zirela Colorado Alderdiko, Fronte Zabaleko eta Batasun Zibikoko ordezkariak. Gero, Itsas Klubeko Itunari esparru legal bat emateko de facto-ko gobernuak taxuturiko tresna batek —19. dekretu instituzionalak— modua eman zuen hauteskundeak egiteko, eta 1967ko konstituzioa berriz ere indarrean sartzeko 1985eko martxotik aitzinera.
Ordukotz, Hego Konoko diktadurek galdua zuten AEB Ameriketako Estatu Batuen babesa, eta boteretik aldentzen hasiak ziren. «Hemen, Iraungitze Legea ezarri zen 1986ko abenduan, eta, hala, galarazi egin zuten gizadiaren kontrako krimenen erantzuleak epaitzea», zehaztu du De Giorgik. «Iker zitekeen, baina justizia egiteko prozesua ez zen osatu; are, Fronte Zabala agintean egon zen garaian ere ez zen deus egin. Inpunitate giltzarrapo horrek hagitz ongi funtzionatu zuen. Garai batean, Fronte Zabalak bazuen Iraungitze Legea indargabetzeko beharrezko gehiengoa parlamentuan, baina ez zuen baliatu. Mingarria da, baina halaxe da».
«Hemen, Iraungitze Legea ezarri zen 1986ko abenduan, eta, hala, galarazi egin zuten gizadiaren kontrako krimenen erantzuleak epaitzea»
ANA LAURA DE GIORGIOGizarte Zientzietan doktorea
2011. urtean, gizadiaren kontrako krimenak preskribatu ezinezkoak izatearen alde bozkatu zuen Uruguaik NBEn, eta «kontuan hartuta nazioarteko hitzarmenak lege nazionalen gainetik daudela, fiskaltza espezializatu bat sortu zen Uruguain diktadura garaiko delituak ikertzeko», Pitak kontatu duenez. Uruguaiko bi ganbera legegileek erabaki zuten estatuari berriz ere ahalmena ematea estatu terrorismoarekin lotutako krimenak zigortzeko. Sitiosdememoria.uy webgunearen arabera, Uruguain gutienez 110 dira gizadiaren aurkako krimenak egiteagatik zigortutakoak, auzipetutakoak edo ihes egindakoak.
Bi ildo nagusi
Pitaren irudiko, diktaduraren ondoko berreraikitze prozesuak bi ildo nagusi izan zituen. Batetik, ekonomia suspertzeko prozesua, zeinak «luze jo» baitzuen, eta, horren ondorioz, militarrek «amore eman» behar izan zuten zenbait arlotan; eta, bertzetik, «Uruguain demokrazia berrezartzeko prozesua, inarrosaldi kultural izugarria eragin zuena». Galdetuta Yamandu Orsi presidente izendatuta abiatu berri den ziklo progresista bultzada bat izanen ote den aitzinera egiteko memoria, egia eta justizia bermatzeko prozesuan, argi eta garbi erantzun du De Giorgik: «Aitzineko zikloetan ez bazen halakorik gertatu, orain are gutiago, giza eskubideen auzia ez baita lehentasunezkoa agenda politikoan.
Memoriaren Museoak bildutako datuek erakusten dutenez, garai batean Uruguai izan zen munduan preso politikoen proportziorik handiena zuen herrialdea, kalkuluen arabera herritarren %20 atxilo hartu baitzituzten diktadura indarrean izan zen hamabi urteetan, eta %14 erbesteratzera behartu, tartean zirela Mario Benedetti eta Eduardo Galeano idazle ezagunak. Horrez gain, guti goiti-beheiti berrehun lagun hil zituzten, bertze 197 desagertu egin ziren, eta bederen 30en gorpuzkiak aurkitu zituzten. Atxilotu gehienak Argentinan atzeman zituzten, Argentinako eta Uruguaiko erregimena elkarlanean aritu baitziren, Kondor operazioaren barrenean.