Izotz bloke handi eta astuna osatzen dute munduko herrialde industrializatuek, nekez mugituko dena bere mesedetan ez bada. Agerian utzi dute hori Varsovian, NBE Nazio Batuen Erakundearen Klima Aldaketari buruzko 19. goi bileran. Hamabi egunez eztabaidatu dituzte berotegi efektua murrizteko hartu beharreko neurri eta konpromisoak. Atzo amaitu behar zuten, baina edizio hau ixteko orduan akordio erdi baten itzala baino ez zuten zirriborratu. Auzi nagusiak zintzilik gelditu dira.
Karbono dioxido isurketak murrizteko nazioarteko akordioaren oinarriak adostea zen aurtengo goi bileraren helburua; hartara, herrialde bakoitzak datorren urtera arteko epea izango luke bere konpromisoak aztertu eta ekarpenak zehazteko. Akordioa 2015eko goi bileran sinatu nahi dute, 2020an indarrean sar dadin: urte horretatik aurrera, ezinbestekotzat jotzen dute isurtzen den gas kopurua murriztea.
Etxeko lanak herrialde bakoitzak egin beharko ditu 2014ra bitartean, baina goi bilerak plaza egokia dira konpromisoak sinatu eta falta diren hariak lotzeko. Denera, 134 ministro elkartu dira guztiei eragiten dien arazoari buruz eztabaidatzeko. Gobernuz kanpoko erakundeek eta elkarte ekologistek ere baliatu nahi izan dute aukera euren ekarpena egiteko, baina izozmendiarekin egin dute topo. Alferrik eskatu die Ban Ki-moon NBEren idazkari nagusiak gobernuei «irtenbide global» baten mesedetan pentsatzeko: bakoitzak bereari begiratu dio. Lortu behar liratekeen helburu globalak adostu dituzte, baina teoriaz harago, nagikeria da nagusi konpromisoak hartzeko orduan.
Herrialde pobretuak kexu dira energia eredua aldatzea garestiegia delako, eta laguntza eskatu diete industrializatuei, inbertsioak finantzatzeko. Dagokien «ardura historikoaz» ohartarazi dute: orain arte, haiek izan dira gehien kutsatu dutenak, eta ondorioz, baldintza zorrotzagoak bete behar dituztela defendatzen dute pobretuek. «Herrialde industrializatuek gehiago egin behar dute, eta orain egin behar dute», esan du Jayanthi Natarajan Indiako Ingurumen ministroak: «Ezin dute klima aldaketaren zama osoa 2020ra atzeratu eta herrialde pobretuen gain utzi».
Beste auzi gatazkatsu bat berotegi efektuaren ondorioena da. Klima aldaketak gehien eragiten dien herrialdeentzako kalte-ordainak bermatzeko mekanismo bat sortzea adostu zuten iaz Dohako goi bileran, baina Varsoviarako utzi zuten hura zehaztea. Auzia asteazkenean eztabaidatu behar zuten ministroek, Galera eta kaltea konferentzian. Behar horiei erantzuteko, nazioarteko funts bat sortzea proposatu zuten garapen bidean diren herrialdeek. Diru poltsa hori nork bete behar duen galdetu baino lehenago, begirada aldendu zuten herrialde industrializatuek. Europako Batasunak, Australiak eta AEBek goi bileraren amaierara atzeratu zuten eztabaida hori; Txinak eta beste 132 herrialdetako ordezkari, haserre, aretotik irten ziren.
Klima aldaketa, «negozio»
GKEak ere zapuztuta daude goi bilerarekin: beste hainbat gaitan zirt edo zart egiten dakiten gobernu berberak mugiezin ikusi dituzte Varsovian. Erregai fosilen industriako lobby-en menpe egotea egotzi die Carmen Capriles ekintzaile boliviarrak: «Klima negozio bihurtzen ari da, eta korporazio handiek erabakitzen dituzte negoziazio agendako gai asko».
Herenegun, GKE nagusietako 500 kidek konferentzia utzi zuten: harrerako mahaian ipini zituzten euren akreditazioak, eta ez ziren berriz itzuli esparrura. «Ematen du goi bilera honek erregai fosilen industriari aurpegia garbitu nahi diola», salatu du Kumi Naidoo Greenpeaceko zuzendariaren ondokoak: nabaria ei da gobernuek ez daukatela presarik energia eredua aldatzeko. Ironikoki, arlo horretan kritika asko jaso dituen herrialde batean ari dira egiten goi bilera: Poloniak menpekotasun handia du ikatzarekiko, argindarraren %90 hari esker sortzen baitu. Klima gaietan oztopo gehien jarri dituztenetakoa da.
Klima aldaketa. NBEren 19. goi bilera
Urtzen ez den iceberga
Klima aldaketari buruzko NBEren 19. goi bilerak ez ditu apaldu herrialdeek hartu beharreko neurriei buruzko desadostasunakEnergia enpresa handiei men egitea egotzi diete gobernuei erakunde ekologistek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu