Klimarentzat mugarria jarriko duen urtea: tenperatura beroenen eta isuriak gutxitzeko erronkaren artean

Zenbait iragarpenen arabera, aurten tenperaturek gainditu egingo dute Lurraren 1,5 graduko berotzearen langa. Finantzaketa klimatikoari buruzko eztabaidek pisu handia hartuko dute.

13403306
Eguzkia, laino artean, Johannesburgoko zeruan, abenduan. KIM LUDBROOK / EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko urtarrilaren 16a
05:00
Entzun

Inoiz neurtu den urterik beroena izan da 2023a —Copernicus atmosfera behatzeko Europako Batasunaren agentziak, Munduko Meteorologia Erakundeak eta NASAk baieztatu dutenez—. Baina marka hori gainditzeko arriskua berehalakoa da. 2024ak egin dezake, zenbait iragarpenek aurreratu dutenez. Hala eginez gero, mugarri bat ezarriko luke ia ziur: tenperaturak 1,5 gradutik gora egitea, industriaurreko tenperaturarekin alderatuta. Dena den, baliteke lorpen baikorretarako aldia ere izatea: berotegi gasen emisioek handitzeari uzteko eta isuriak gutxitzeko baldintzak eskura daude. Climate Analyticsen txosten baten arabera, %70eko probabilitatea dago urrats hori 2024an egiteko, joera batzuei eutsiz gero.

El Niño fenomeno meteorologikoaren eraginpean dago klima, eta hala egotea espero du Munduko Meteorologia Erakundeak, apirilera arte. El Niño-k Lurraren tenperatura handitu ohi du, eta eragin handieneko garaia hasten ari da orain. Azkenekoz, 2016an izan zuen indar gehien, eta urte hura izan zen ordura arte neurtutako beroena. Horregatik, eta berotegi gasen isuriek handitzen jarraitu dutelako, 2024ak marka berri bat ezar dezakeela uste dute zientzialariek.

Berotzeak 1,5 graduren langa gaindituko balu, muga esanguratsu bat apurtuko luke. 1,5 graduren erreferentzia oinarrizkoa baita klima larrialdiari aurre egiteko. Zientzialarien arabera, klima aldaketaren kalteak askoz ere azkarrago handitzen dira hortik gorako tenperaturetan. Hori dela eta, Parisko Hitzarmenaren estatu sinatzaileek konpromisoa hartu zuten Lurraren berotzea bi graduren «oso behetik» mantentzeko, betiere 1,5 gradura mugatzea helburutzat hartuta.

Berotzeak 1,5 graduren langa gaindituko balu, muga esanguratsu bat apurtuko luke. Klima aldaketaren kalteak nabarmen azkartzen dira hortik gorako tenperaturetan

Hala ere, Parisko Hitzarmenak eta zientzialariek erreferentziatzat daukaten berotzea epe luzeko bilakaera bati dagokio, eta ez urte jakin bateko tenperaturen batez bestekoari. Lurrak gainditu du 1,5 graduren langa hori zenbait hilabetetan 2023an, esaterako. Aldiz, planeta 1,5 gradu berotu dela zehazteko, hogei urteko tenperaturen batez bestekoak gainditu behar du datu hori. Egun, Lurraren berotzea 1,2 graduren bueltakoa da, eta dagoeneko milioika lagunek pairatu dituzte berotze horrek eragindako edo areagotutako hondamendiak. 1,5 graduren muga zenbat eta gehiagotan gainditu, orduan eta hurbilago egongo da berotze hori egonkortzetik. 2023an 1,48 gradu berotu da Lurra, Copernicusen arabera, eta 2022an, El Niño-ren eraginetik salbu, 1,2 gradu berotu zen.

Bidearen garrantzia

Bizitzako arlo askotarako aipatu ohi da: ez du soilik helburuak inporta, bidea ere garrantzitsua da. Bada, planetaren tenperaturari dagokionez, ukaezina da hori. Parisko Hitzarmenaren arabera, estatuek mende amaierarako lortu beharko lukete berotzea 1,5 gradura mugatzea, baina ondorioak oso desberdinak izango dira, hartzen den bidearen arabera. Ez da gauza bera tenperatura 1,5 gradutik behera mantentzea, bidean 1,5 graduren langa epe motz batean gainditzea, ala hura hamarkadatan gainditzea gero 1,5era itzultzeko. Azken bide horrek eragingo du hondamendi gehien; horietako zenbait, atzera-bueltarik gabekoak.

Lurraren berotzea mugatze aldera, albiste positiboa litzateke emisio globalak 2024an murrizten hastea. Climate Analyticsen kalkulurik baikorrenen arabera, aukera handiak daude horretarako: %70eko probabilitatea. Lurraren berotzea 1,5 gradura mugatzeak nahitaez eskatzen du berotegi gasen isuriak murrizten hastea 2025a baino lehen, IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen arabera. Epe hori betetzeak esan nahi du 2023ak izan behar duela emisio handieneko urtea, eta isuri kopuruak gutxituz joan behar duela 2024tik aurrera.

Climate Analyticsek azaldu duenez, 2024a mugarri bat izango da baldin eta «teknologia garbiek» hazkunde joerari eusten badiote eta metano emisioak gutxitzeko neurri gehiago hartzen badira. Iragarri du kasu horretan nabarmen murriztuko dela erregai fosilen erabilera. Ikatzaren kontsumoak beherakada hasiko luke aurten, gasarenak datorren urtean, eta petrolioa apaldu egingo litzateke 2026tik aurrera, ibilgailu elektrikoen zabalkundearen eraginez.

2024an berotegi gasak murrizteko gakoa izango da «teknologia garbiek» hazkundeari eustea eta metano isuriak gutxitzea, Climate Analyticsen ustez

Emisioak gutxitzen hastea garrantzitsua litzateke, baina ez litzateke nahikoa bere horretan. Climate Analyticsek 2024rako aurreikusi duen agertokirik baikorreneko joera aintzat hartuta, isuriak %10 murriztuko lirateke 2030erako —2019ko datuekin alderatuta—, eta hori Parisko Hitzarmena betetzeko beharko litzatekeen isuri murrizketaren laurdena baino gutxiago da, IPCCren ustez. Gobernu arteko taldeak adierazi du isuriak %43 murriztu behar direla hamarkada honen amaierarako.

Isuriak behar adina murrizteko, nahitaezkoa da 2030erako energia berriztagarrien ekoizpen ahalmena oraingoa hala hiru izatea, energiaren eraginkortasuna oraingoa halako bi, deforestazioa etetea, metano isuriak %30 murriztea, eta erregai fosilen ekoizpena %40 gutxitzea, besteak beste, Climate Analyticsen esanetan. Ildo beretik mintzatu dira beste eragile batzuk ere; esaterako, IEA Nazioarteko Energia Agentzia.

Konpromisoetarako agenda

COP28an adostu zen lehen balantze globalak aipatzen du arlo horietan aurrerapausoak emateko beharra, nahiz eta zenbaitetan ez dituen helburu zehatzak ezarri. Dena den, 2024ak balioko du jakiteko agintariek zenbaterainoko konpromisoa duten COP28an sinatutako akordioekiko. Estatuek esku hartzerako planak aurkeztu beharko dituzte 2025ean, eta plan horiek modu zehatzean jaso behar dute zein neurriren bidez gauzatuko dituzten balantze globalaren helburuak.

Emisio murrizketarik baikorrenak ez dira gai izango Lurraren berotzea gelditzeko. Karbono neutraltasuna lortu arte, berotegi gasek atmosferan pilatzen jarraituko dute, askatutako gas kantitatea apalagoa izan arren. Horregatik, eta dagoeneko klima aldaketaren kalteak agerikoak baitira, adituek ohartarazi dute isuriak murriztea bezain garrantzitsua dela larrialdiaren ondorioetara egokitzea. Arlo hori lehentasunezkoa da hegoalde globaleko herrialdeentzat. Horiek pairatzen dituzte gehien klima aldaketaren kalteak. COP28ak urrats bat egin zuen ildo horretan, Egokitze Helburu Globalaren esparrua sortuta. Dokumentu horretan jasota daude egokitzeari begira bete beharreko helburu orokorrak. Aurten, ardatz nagusi horien bueltako eginkizun zehatzagoak zehaztu beharko dituzte. Hegoalde globaleko herrialdeek helburu kuantifikatuak ezarri nahi dituzte. Kontrara, estatu aberatsek: haien esanetan, ezin daiteke zenbakitan adierazi herrialde bakoitza zenbat egokitu den. Egokitzea hobetzeko hartu beharko diren konpromisoei buruzko eztabaida hizpidera ekarriko dute ekainean Bonnen (Alemania) egingo den klima aldaketari buruzko konferentzian, hurrengo ekainean.

Finantzaketa klimatikorako helburu berriak adostu beharko dituzte herrialdeek aurten. Negoziazio biziak espero dira COP29an, anbizio handiagoko akordio bat lortzeko

Estaturik pobreenek klima larrialdira egokitzeko izango duten gaitasuna jasoko duten finantzaketaren araberakoa izango da, hein handi batean. Estatu aberatsek konpromisoa hartu zuten 2020tik aurrera gutxienez 100.000 milioi dolar —920.000 milioi euro— hegoalde globaleko herrialdeetara helarazteko. Ez dute hitza bete, eta jakina da kopuru hori urrun dagoela garabidean dauden herrialdeek behar dutenetik. Konpromiso hori datorren urtera artekoa da, eta, 2024an, finantzaketa klimatikorako helburu berriak adostu beharko dituzte herrialdeek. Negoziazio biziak espero dira Azerbaijanen, han egingo den COP29an, anbizio handiagoko akordio bat lortzeko.

Nazioarteko finantzaketa ezinbestekoa izango da klima krisiak eragindako galerei eta kalteei aurre egiteko ere. COP27an onartu zen kalte eta galera horiengatik ordaina jasotzeko funts bat eratzea. Joan den urtekoan, funtsaren ezaugarriei eta funtzionamenduari buruzko oinarri batzuk adostu ziren, eta martxan jarri zen diru poltsa lehen ekarpenekin. Behar handikoa izango da, 2024an ere milioika laguni eragingo dieten hondamendi klimatikoak izango baitira. Aurtengoa funts horren lehen erronken urtea izango da.

Arlo batzuetarako diru gehiago jarri, eta beste batzuetarako diru iturriak itxi. Azken horien artean egon behar lukete erregai fosilek. COP28ko akordioaren puntu garrantzitsuenetako bat izan da «erregai fosiletatik ateratzeko energia trantsizio bat» abiatzeko deia, eta neurrien artean jaso du erregai fosilen arlorako jartzen diren diru laguntza publikoak amaitzea. Helburu horrekin, koalizio bat jarri zuten martxan Herbehereek Dubaiko goi bileran, argitze aldera estatuek zenbateko laguntzak ematen dituzten erregai fosilen arlorako. Haren parte dira Belgika, Danimarka, Espainia, Frantzia eta Kanada, besteak beste. Koalizioko kideek txosten bat argitaratuko dute, COP29 bilera baino lehen, erregai fosiletarako jartzen dituzten laguntzei buruzko datuekin.

Aurtengoa urterik beroena izan ala ez, isuriak murriztea lortu ala ez, 2024a erabakigarria izango da klima larrialdiaren erronkari aurre egiteko. Baita ondorengo urteak ere. Zientzialariek ohartarazi dutenez, ezinbestekoa da hamarkada honetan eraldaketa sakonak bultzatzea, gizakiak eta Lurreko gainerako bizidunak klima krisiaren ondoriorik bortitzenetatik babesteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.