2023
Urriaren 7a. Palestinako erakunde islamista Hamasek, beste zenbait milizia palestinarren laguntzarekin, ezusteko eraso bat abiatu zuen Israelen kontra: airekoa, itsasokoa eta lurrekoa. Dozenaka milizianok, muga pasatu, eta zenbait herriren kontrola bereganatu zuten, eta gatibu hartu zituzten 200 pertsonatik gora. Gutxienez 1.200 lagun hil zituzten, eta beste hainbeste zauritu. Israelek berehala abiatu zuen kontraerasoa: Gazaren aurkako gerra deklaratu zuen, eta, zerrenda erabat setiatu ondoren, erasoaldia areagotu zuen.
Urriaren 19a. Israelek erabaki zuen Gaza hegoaldeko Rafah pasabidea irekitzea, zerrendara laguntza humanitarioa sartu ahal izateko, baina bi baldintzarekin: soilik zibilentzako elikagaiak, ura eta botikak eramatea, eta, horretarako, Israelen kontrolpeko lurraldeak ez zapaltzea. Egiptok onetsi egin zuen erabakia, Gazarekin duen mugan baitago pasabide hori. Azaroaren 1ean, Gazako zauritu batzuk eta dozenaka atzerritar Rafahko pasabidetik irten ziren.
Azaroaren 22a. Israelgo Gobernuak eta Hamasek su etena adostu zuten, Qatarren, Ameriketako Estatu Batuen eta Egiptoren bitartekaritzarekin. Hasieran, lau egun iraun behar zuen meniak, baina abenduaren 1era arte luzatu zuten, eta zazpi egun iraun zuen azkenean. Aste horretan, Hamasek 110 bahitu utzi zituen aske: 86 israeldar eta 24 atzerritar; eta Israelek, 240 preso palestinar, guztiak adingabeak eta emakumeak. Su etena bukatu ondoren, Israelek behin-behinean eten egin zuen Gazarako laguntza humanitarioa.
2024
Urtarrilaren 11. Historian lehen aldiz, Nazioarteko Justizia Auzitegiaren aurrean eseri zen Israel. Hegoafrikak estatu juduaren aurkako salaketa bat jarri zuen Hagan (Herbehereak) egoitza duen Nazio Batuen Erakundeko auzitegi horretan, Gazako palestinarren aurka «genozidio kalkulatu bat» egitea leporatuta.
Martxoaren 3a. Frantziak, Egiptok eta Jordaniak egun batzuk lehenago egin bezala, Ameriketako Estatu Batuak ere airetik Gazan laguntza humanitarioa banatzen hasi ziren. Astebete ondoren, martxoaren 12an itsas korridore humanitario bat ireki zuten, Gazara laguntza humanitarioa eramateko. Zipretik abiatu zen lehenbiziko ontzia, Open Arms gobernuz kanpoko erakundeak World Central Kitchenekin zeukan misio bateratuan.
Maiatzaren 20a. Nazioarteko Zigor Auzitegiak Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa atxilotzeko agindua eman zuen.
Maiatzaren 28a. Espainiako, Irlandako eta Norvegiako gobernuek Palestinako estatua aitortu zuten.
Uztailaren 31. Ismail Haniyeh 2017. urtetik Hamasen adar politikoko lider izandakoa hil zuten, Teheranen (Iran). Israelek ez du hilketa bere gain hartu, baina Palestinako erakunde islamistak eta Irango Gobernuak Tel Avivi leporatzen diote hura hiltzea. Abuztuaren 7an, Hamaseko adar politikoko buruzagi berria hautatu zuten: Yahya Sinwar, ordura arte erakunde islamistaren Gazako arduraduna zena.