Fronte Polisarioaren 50. urtemuga

Urtebete gutxiago infernuan

Marokoren eta Fronte Polisarioaren arteko gerrak kanpamentuetako eguneroko bizimoduari eragin dio; gazteak frontera joan dira, eta lurralde liberatuetan bizi ziren nomada asko errefuxiatu guneetan babestu dira. Nazioarteko laguntza murriztu egin da, eta prezioak, igo.

1. Droneetatik ihesi. Said Lehbib eta Aziza Fadli Esmara kanpoaldean ezarri dira. KRISTINA BERASAIN TRISTAN.
Kristina Berasain Tristan.
Tinduf
2023ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Basamortuan, denbora ez da lineala: egutegi batean sartzen ez diren pausak eta erritmoak daude. Kolonialismoak ekarri zituen urteak, baina adineko sahararrentzat, jatorri nomada dutenentzat behintzat, urteak ez dira existitzen. Denborak gertaera gogoangarriak edo miresgarriak markatzen ditu; asteroide zaparrada handiaren urtea, eguzki eklipsearena, edo okupazioarena.

Ikusi gehiago:KLANDESTINITATETIK ERBESTERA

Said Lehbibek ez daki zer urtetan jaio zen. Tirisen zegoen putzu handia erori zen urtea zela dio. «1947. eta 1950. urteen artean izango zen. Putzuan hainbat lagun hil ziren», zehaztu du desertuan jaio eta bizi izan den azal belztuko nomada horrek.

Aziza Fadli Bali emaztea alboan duela ari da hizketan. Tifaritin jaiotako emakumea etengabe ari da eskuekin arrosario bihiak zenbatzen. Senar emazteak duela bi urte ezarri ziren hemen, haima bat eta oihalez egindako bi etxola xumek osatzen duten hondarrezko eremuan, ezerezaren erdian. Esmara kanpoaldean eratu dute kanpaleku txiki hori, errepide ertzetik kilometro eskasera. Txakur bat eta bi ahuntz baino ez dituzte.

Mendebaldeko Saharako lurralde liberatuetatik ihes egin behar izan duten saharar ugarietako batzuk dira. «Droneekin eraso ziguten, gau eta egun, milaka aldiz. Dena suntsitu zuten, gure haima barne. Gameluak, ahuntzak, baita astoa ere. Zortzi egunez egon ginen ezkutatuta kobazulo batean. Emaztea ikaratuta zegoen. Jan ere ez zuen egiten. Polisarioko militarrek lagundu ziguten alde egiten».

Koloretako alfonbraz josita dute lurra, eta, haima guztietan bezala, tea egiteko tresnak dituzte albo batean, baita lubjor-a ere, lurrin berezia sortzen duen intsentsua. Bilobak eramaten dizkie nazioarteko laguntzari esker kanpalekuetan banatzen den saskia. Ez dute wilayara joan nahi. Desertuko bizimodura daude ohituta.

Lehbib beduinoa da jaiotzetik, hodeien semeetako bat —halaxe esaten diote herri nomada horri—. Mahbes izeneko lurraldean jaio zen, eta oraingoa ez da bizi behar izan duen lehen desplazamendua: «Marokok harresia eraiki zuenean, lurraldea bitan zatituta geratu zen; orduan, lurralde liberatuetara joan ginen animaliekin. Hor bizi izan gara duela bi urtera arte».

Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko gobernuko datuen arabera, gerra hasi zenetik 800 familia saharar babestu dira kanpalekuetan, 4.000 lagun inguru, dena atzean utzita. Lehbib eta Fadliren haiman zirrikituetatik sartzen den haize zakarra entzuten da. Hondarrak zirimolak egiten ditu kanpoan. Irifi-a hego-mendebaldetik datorren hondarrez betetako haizea da.

Bigarren ihesaldia

Marokok Mendebaldeko Sahara okupatu zuenean, 1975ean, bonbardaketen lekuko izan ziren. «Orduan ere dena suntsitu zuten. Ezer gabe utzi gintuzten. Tankeekin sartu ziren. Marokok akabatu egin nahi gintuen. Ni hankan zauritu ninduten». Lehbib herren dabil, baina ez du bizipoza galdu.

2020ko azaroaren 13an piztu zen gerra isilarazitako gerra bat da, baina, gerra guztiak bezala, ankerra da, eta ondorio latzak ditu. Mauritaniako muga ere zeharkatzen dute droneek.

Hildakoen artean, militarrak eta zibilak daude. Hamdi Sale izan da hildako zibiletako bat. 2022ko urtarrilaren 26an hil zuten. Haren arreba Saifak azaldu du nola gertatu zen: «Bir Lehlun bizi zen, gure amarekin, emaztearekin eta seme-alabekin. Nomadak ziren, eta, erasoak gero eta gertuago zeudenez, kanpalekuetara etortzea erabaki zuten. Inguruan zeuden beste familia nomadekin batera abiatu zuten bidaia; zazpi autotan zetozen, karabanan, baina gurpil bat zulatu egin zen. Hamdiri hura konpontzen ari zen bitartean eraso zioten. Inguruan zeuden haurrek zauri arinak izan zituzten».

Maluma ama dauka alboan Saifak. Begi iluneko eta begirada finkoko emakumea gaixorik dago, lurrean etzanda, beltzez jantzita, isilik, eskuarekin euliak uxatzen. Galtzen duen bigarren semea da. Hadi Salek, seme zaharrena, aurreneko gerran galdu zuen, ekintza militar batean, 1984an.

Ikusi gehiago:Brahim Gali: «Sanchezena hirugarren traizioa izan da; labana bera zauri berean mugitzea izan da»

Taufa eta Fatimetu alabek gamelu esnea ekarri diote amari. Etxe xume batean bizi da familia, denak elkarrekin, ama eta hiru alabak. Saifak, Taufak eta Fatimetuk, hirurek, gerran galdu zituzten senarrak. Martirren familia bat da.

Maluma Aaiunen jaio zen, 1943an, eta seme-alaba koskorrekin egin zuen ihes, basamortutik, bonbardaketetatik ihesi. Saifak dio ezerezetik hasi behar izan zutela: «Bizitza gogorra da, eta bizimodua oso latza da hemen. Aberririk gabeko herri bat ez da ezer. Badakigu gerrak zer dakarren, baina saharar bat bizirik dagoen bitartean, gerra egongo da. Gure herria eta gure lurra defendatuko ditugu».

Saifarena sahararren ahotsa da. Behin-behinekoa behar zuen egoera betikotzen ari da, eta kanpalekuetako paisaia aldatuz doa. Wilayen arteko errepideak txukunagoak dira, biribilguneak egin dituzte, eta daira guztietara argindarra iritsi da. Bost eta hamar tona ur jasotzeko plastikozko biltegi zapalak dituzte, eta zaborra ez da lehen bezala bazter guztietan pilatzen.

Tindufen gero eta negozio gehiago ikusten dira. Merkatu beltza aurrera egiteko modua da batzuentzat. Diasporan bizi diren senideek bidalitako diru apurrarekin zabaldu dituzte dendak, pizzeriak eta kebabak, ile apaindegiak, farmaziak, hortz klinikak... Eta Amazoneko paketeak jasotzeko biltegia.

Porlanezko etxeak, pixkanaka, adobezko etxeen lekua hartzen ari dira, euriteekin adobezko hormak suntsitu egiten baitira. Wilayen kanpoaldean ahuntzak eta gameluak ikusten dira, tartean zarpail jantzitako umeak, oinutsik, edozerekin jolasean, eta han eta hemen autoen arrastoak, animalia prehistorikoen eskeletoak izango balira bezala.

Kanpalekuetan denek dituzte sakelako telefonoak, hozkailuak, garbigailuak eta telebistak, baina hala ere errefuxiatu gune bat da oraindik, munduko zaharrenetakoa. Eskolak eta ospitaleak daude, baina baldintza oso eskasetan, eta bertako langileek 50 eta 75 euro artean irabazten dute hiru hilean behin. Tindufen, 200 euro kobratzen dituena zorionekoa da.

Aurrera egitea, beraz, nekeza da. Lurralde horretan apenas ekoizten den ezer, eta nazioarteko diru laguntza gero eta urriagoa da. Ilargi Gorriaren arabera, errefuxiatuen %91 zaurgarri bizi dira.

Azza Brahim (Tiris, 1971) Esmarako gobernadoreak ohartarazi du gero eta maizago geratzen direla banaketatik kanpo oinarrizkoak diren elikagaiak: «Iaz, hiru hilabetez egon ginen olioa jaso gabe, eta gure kultura nomadan berezkoak izan diren esnea eta haragia apenas dauden. Arraina eta fruta ere ez». Azken otarrean zer zegoen zerrendatu du: «Kilo bat azukre, kilo bat arroz, kilo bat dilista, bost kilo irin, litro bat olio, eta patatak, tipulak eta azenarioak. Ramadanean datilak eta arrautzak ere banatu dituzte». Pertsonako eta hilabeteko kopuruak dira. «Saharar herriak duen gauza ona da dena partekatzen duela: batek faltan duenean, besteak ematen dio».

Bada, nutrizio arazoak areagotu egin dira, eta elikagaien prezioak gero eta garestiagoak dira; tearen prezioa, esaterako, bikoiztu egin da. Familia batzuk ortuak jartzen ari dira. Ura, baina, eskasa da.

Izenik eman nahi izan ez duen saharar gazte batek hipokrisia agerian uzten duen paralelismoa egin du: «Minursoren [Mendebaldeko Saharan Erreferenduma Antolatzeko Nazio Batuen Misioa] urteko aurrekontua 60 milioi dolar da, eta misioak 245 soldadu ditu; errefuxiatuen artean banatzen den elikagaien aurrekontua 20 milioi dolarrekoa da».

Gerrak baldintzatuta

Bost wilaya daude kanpalekuetan, eta bakoitzak sei-zazpi daira ditu. Gerra aurretik, 170.000-180.000 saharar bizi ziren herri okupatuetako izenak daramatzaten herrietan; Aaiun, Auserd, Bojador, Esmara eta Dakhlan.

Gerrak eguneroko bizimodua baldintzatu du. Gizonek hilabete ematen dute frontean bi hilabetetik behin. Mohamed Mami Embarek (Tinduf, 1992) duela gutxi itzuli da gerratik. Harro doa frontera: «Guk arrazoi bat daukagu borrokatzeko: gure lurraldeagatik borrokatzen gara, askatasuna lortzeko. Marokoko soldaduak sos batzuen truke doaz frontera. Egia da droneak dituztela, baina guk adorea daukagu».

Saharako futbol talde nazionaleko jokalaria izandako gazte hori atletismo federazioan ari da lanean gaur egun. Azaroan doi-doi atera zen bizirik eraso batetik: «Meheris eskualdean ginen, harresitik gertu. Droneak ikusi genituen, eta zuhaitz baten azpian babestu ginen. Droneak erabat suntsitu zuen jeepa. Zortea izan genuen».

Mendebaldeko Sahara bitan zatitzen duen harresia 2.720 kilometro luze da, eta inguruan zazpi-hamar milioi mina daude. Maroko 1980an hasi zen murrua zutitzen, ipar-ekialdetik hego-mendebaldera, lur emankorra beretzat bereganatuz, eta lur antzua sahararren esku utziz. Hor 30.000-40.000 nomada saharar bizi izan dira. Askok Mauritaniara jo dute. Mugatik gertu babestu dira, batzuk handik bi kilometro eskasera.

Minak kentzen

Harresiaren inguruan zeuden minak eta luku bonbak kentzeko lanak ere bertan behera geratu dira. Hamalau urtean, berrehun pertsona aritu dira minak kentzen. Fatimetu Butxraya izan da horietako bat (Tinduf, 1988). 2015ean hasi zen minak kentzen, eta soilik emakumez osatutako talde bat eratu du: SMAWT Minen Aurkako Ekintzarako Emakume Sahararren Taldea. Zuzendariak dio droneek ez dituztela militarrak eta zibilak bereizten: «Marokok berriz ere minaz bete ditu aurretik garbitutako eremuak. Tamalez, orain lehen baino mina gehiago dago. Arriskua oso handia da».

Butxrayak dio nomada askok han jarraitzen dutela: «Familia asko itzuli dira, baina nomadak ahuntzekin eta gameluekin geratu dira, eta han bizi dira oraindik. Ez dira arduratzen gerra dagoen ala minak dauden. Abereentzako ura eta janaria bilatu nahi dute haiek: hori da nomadentzat garrantzitsuena. Sentsibilizazio kanpainak egiten ditugu harresitik urrun daitezen, baina zaila egiten zaie arrisku bat dagoela ulertzea».

Rabuniko egoitzan mapak eta mina mota ezberdinen argazkiak eta panelak daude. Astronauta batenak diruditen jantziak gorde egin behar izan dituzte.

Zeruan artizarra agertu da. Leku hau sapak hartua dago egunez, baina gauean asko freskatzen du. Izenik eman nahi ez duen sahararrak halaxe dio, hau infernu bat dela, hemen ez dagoela etorkizunik, urteak aurrera egin ahala gero eta makurrago daudela, zerumugan paisaia beti bera dela, baina, berezkoa duten denbora neurtzeko modu berezia aintzat hartuta, halaxe bota du: «Denbora aurrera doa, eta saharar herriak amaitu gabeko deskolonizazioaren ondorioak pairatzen jarraitzen du, baina hemen, denbora zenbatzean, ez da zenbatzen erbestean igaro beharreko beste urte bat, baizik etxera itzultzeko urte bat gutxiago».

Ikusi gehiago:Erresistentziara kondenatuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.