Mexiko Hiriak Gipuzkoak baino azalera txikiagoa du, baina populazio aldetik ia hirukoiztu egiten du Euskal Herriak, bere osotasunean hartuta, duena. Guztira, 9.209.000 mexikar inguru bizi dira hiriburuan. Hala ere, hiriburuko metropolia kontuan hartuta, hau da, hiri orban bera osatzen duten udalerri guztiak, kopurua 22 milioitik gorakoa da. Eta horietatik guztietatik, askok Mexiko Hirian egiten dute lan. Ez da harritzekoa, hortaz, egunero 2,3 milioi lagun sartzea bertara inguruko eskualdeetatik; Hidaldotik eta Mexikotik, batez ere. Gehien-gehienak autoz sartzen dira, hiriko trafikoa itogarria eginez, eta garraio publikoa erabiltzen dutenei bidea eragotziz, haien bidaia betikotuz. UNAM Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomikoak eman du zenbakia: Mexiko Hirian 34 milioi bidaia egiten dira egunean. Hargatik, gauez ordu erdi eskasean egiten den ibilbidea, hiru eta lau ordu artekoa izan daiteke egunez, puntako orduetan.
Munduko hiri nagusietako trafikoa aztertzen duen txosten baten arabera, Mexiko Hiriko auto gidariek urtean batez beste 152 ordu galtzen dituzte trafikoan; sei egun eta zortzi ordu. Mexikoko hiriburua da munduan trafikoan denbora gehien galtzen duen bigarren hiria, Limaren (Peru) atzetik. Denbora bakarrik ez, dirua ere bai: auto-pilaketa horietan xahutzen dute mexikarrek euren ibilgailuak urtean kontsumitzen duen gasolinaren heren bat. Nork bere autoa edukitzeak, baina, estatusa ematen die bertakoei, eta ahal badute muzin egingo diote garraio publikoa erabiltzeari.
Autoekin batera, metroa da batetik bestera joateko mexikarrek gehien erabiltzen duten garraiobidea. Egunean batez beste 3,1 milioi bidaiarik hartzen dituzte metro sarea osatzen duten hamabi trenbideetako trenak. Pandemia aurretik, 4,3 milioikoa zen bidaiarien kopurua, eta kosta bazaio ere, metroak atzean utzi du pandemiaren unerik latzenetan izandako milioi bakarreko kopurua.
Metroa da hirian leku askotara joateko modurik azkarrena eta seguruena, eta, ezbairik gabe, merkeena; baina ez da mexikarrek lehenesten duten garraioa. Esan daiteke, huts egin gabe, lurpeko trenetan herri xehea eta turistak besterik ez direla ibiltzen, eta asko direla metroa sekula hartu ez duten hiritarrak. Eta oraindik gutxiago metrobusa, berariazko erraila duenez, semaforoekin baino lehiatzen ez den garraiobidea. Bi horiek oso merkeak dira jendearentzat, Mexikoko Gobernuak bere gain hartzen duelako kostuaren zatirik handiena. Erabiltzaileek bost peso (25 zentimo) besterik ez dute ordaintzen metroan bidaiatzeagatik, eta sei peso (30 zentimo) metrobusean joateagatik. Bi horiek hiriaren zati handi bati ematen diote zerbitzu, baina ez dira toki guztietara heltzen, eta hiritarrek beste garraiobide osagarriren bat hartu behar izaten dute inora joateko, bidaiaren kostua garestituz.
Nork bere autoa edukitzeak, baina, estatusa ematen die bertakoei, eta ahal badute muzin egingo diote garraio publikoa erabiltzeari
Poltsikoari ez ezik, osasunari ere kalte egiten dio horrek guztiak. UNAMeko adituek 2022an egindako inkesta baten arabera, hiriburuko herritarren %18k estresa izaten dute garraio publikoan egiten dituzten lekualdatzeetan.
Mexikoko Gobernuko Estatistika Institutuaren txostenetan azaltzen dutenez, hiriburuko metropoliak du Mexikon garraio sistemarik onena, baina agintariek beraiek aitortzen dute garraio sistemarik onenak badituela alde ilunak ere: guztiak ez dira garbiak edo osasuntsuak, seguruak ere ez hainbat auzotatik igarotzean, eta Mexikoko Gobernuak iragan abenduan ezagutzera emandako datuen arabera, gainera, garestia da herri xehearentzat. Langile mexikarrek hilean 1.200 eta 1.800 peso arteko gastua izaten dute garraioan; eta gutxieneko soldata hilean 6.200 pesokoa da, 319 euro ingurukoa.
Aipatutako garraiobideez gain, hiriburuan mugitzeko badira aukera gehiago: hegoaldeko auzoak lotzeko, «tren arina» deiturikoa; metroko geltokiak hiriko zenbait tokirekin lotzeko, «trolebus» sarea; eta ehunka autobus txiki hiriko auzo guztietan, «pesero» izenarekin ezagun direnak, martxan jarri zituztenean bidaiak peso bat balio zuelako.
Kaleak, esan bezala, gainezka daude trafikoarekin, eta lurpean metroarentzako bide berriak irekitzea horren garesti izanik, agintariek aireko garraioaren aldeko apustua egin dute azken urteotan: Cablebus deitu diote Mexiko Hiriko goialdeetan zerbitzua ematen duen teleferiko bidezko garraioari. Ia hogei kilometroko ibilbidea egin daiteke hiria airetik ikusiz zazpi pesoren truke, 35 zentimo, alegia.
Azkenik, pertsona bakarreko garraio publikoa dugu, hiriguneko auzoetan gero eta gehiago erabiltzen dena. Zein? Bizikleta, noski. 2010. urtean sortu zuten Mexiko Hirian Latinoamerikako lehenengo bizikleta sarea. Ecobici du izena, eta erdiko klaseko auzoetan jarri zuten abian lehenik. Arrakasta erabatekoa izan da, eta etxe onekoak bizikletan ikusita, langile auzoetako gazteek galdu diote lotsa pedalei emateari.