Ez azokarik, ez bidaiarik, ez gabon ospakizun jendetsurik. Etxean geratzeko agindua ebolak gehien erasandako eremuan, Sierra Leona iparraldean, Port Lokon. Eta «etxez etxe gaixo bila» abiatzeko agindua. Bihar gauerdian bukatuko da hiru eguneko «blokeo» epea, baina Sierra Leonako Gobernuak ez du baztertu urte berrira arte luzatzeko aukera. Ez alferrik, ebolak jende gehien kutsatu duen Afrika mendebaldeko estatua da. Ekainean, Ginearekiko eta Liberiarekiko mugak eta muga eremuetako eskola, zinema areto eta dantzatokiak itxi zituen; uztailetik dago larrialdi egoeran gaitzaren eraginez; hala ere, gora egiten ari da hildakoen eta kutsatuen kopurua —2.500dik eta 9.000tik gora dagoeneko, hurrenez hurren—.
Sierra Leona ez da herrialde bakarra ebolari inoiz ezagutu zaion inarrosaldi erasokorrena eta luzeena nozitzen, ordea. Normalean denboran eta espazioan oso mugatuta agertu izan den gaitz horrek —1976an identifikatu zuten ebolaren birusa, Zairen—, izan ere, urtebete egin du oraintxe bertan, eta Afrika mendebaldeko eremu handi bat hartua du beretzat. Liberiak uztail amaieran itxi zituen bere muga guztiak, eta abuztuan ezarritako larrialdi egoera ez zuten indargabetu joan den hilera arte. Azaroaren 29tik, herrialdeko hondartza guztiak itxita daude, eta urrian egitekoak zirenhauteskundeak larunbatean egin zituzten. Orain arteko ebola izurriterik handienak Ginea hegoaldea du sorburu, hala ere. Gueckedou eskualdeko Meliandou herrixkan datatu zuten zientzialariek, zehatzago izate aldera, zero gaixoa deitu dutena.
Emile Ouamouno
The New England Journal of Medicine aldizkarian urrian argitaratu zuten 2 urteko ume bat izan zela gaitzaren lehen biktima datatua. Abenduaren 6an hil zela zioten ikerlariek lan hartan, baina heriotza data abendu amaierakoa izan zitekeela ere erantsi zuten. Gerora zabaldu da bi urteko ume hark Emile Ouamouno zuela izena. Sukarrarekin, buruko minarekin eta beherakoarekin eraman zutela osasun etxera gaur urtebete justu, eta abenduaren 28an hil zela. Egun gutxi geroago, Emileren arreba txikia, ama eta amama hil ziren. Artean inork ez zekien, baina ebola izurritea abian zen.
Lassa sukarra edo Marburg birusa izan zitekeen, izan ere. Gaitz horiek Gineako baso guneetan ohikoak direlako oso, Afrika ekialdeko beste hainbat eskualdetan bezalaxe. Martxoaren 10ean, Macentako eta Gueckedouko osasun zerbitzuetako arduradunek abisua eman zioten Gineako Osasun Ministerioari gaitz kutsakor eta oso hilgarri baten kasuak artatzen ari zirelako. Martxoaren 19an, Gineako Gobernuak ebola izan zitekeela esan zuen. Hiru egun geroago, hipotesia baieztatu egin zuen. Ordurako, gutxienez 59 ginear hilak zituen gaitzak.
Eta zabaltzen hasia zen. Martxoaren 23an, OME Osasunaren Mundu Erakundea ebola inarrosaldiaz mintzatu zen ofizialki. Liberian egun gutxi geroago jaso zuten lehen kasuaren berri; maiatzaren 24an Sierra Leonan. Ekainean, Mugarik Gabeko Medikuek ebola inarrosaldia «kontroletik kanpo» zegoela jakinarazi zuten. Uztailean, Nigerian zen ebola. Abuztuan, gaitza Liberiako hiriburura, Monroviara heldua zen; baita Senegalera ere.
Abuztuan, NBE Nazio Batuen Erakundeak «nazioarteko osasun larrialdi egoera» aldarrikatu zuen. Izurriteaz hitz egiten hasi behar izan zuten agintariek. Behar bezalako osasun zerbitzu gabeziak eta gaitzaren inguruko ezjakintasunak hartaratuta, kutsatu eta hildakoen kopurua aparra bezala hasi zen gora egiten, eta baita panikoa ere. Landa eremuetan hasitako izurritea hiri guneetara heltzearekin bat, panikoak Afrikako mugak ere gainditu zituen, ebolak itsasoak eta zeruak zeharka zitzakeela aurreikusita. Egoera «nazioarteko bakearentzat eta segurtasunarentzat arriskutsua» zela esan, eta Ebola Larrialdiari Erantzuteko Misioa (UNMEER) sortu zuen NBEk irailaren 19an. Urri hasieran, berriz, Afrikatik kanpo kutsatutako lehendabiziko pertsonaren kasuaren berri jakin zen: Espainiako erizain batena zen. Erizain hura ez zen hil, eta ebolak kutsatutako mendebaldarren kopuruak behera egin ahala, desagertzen joan da agentzia nagusietatik.
«Ebolak eragindakoa larrialdia da oraindik; ez da lasaitzeko ordua iritsi», zioen astelehenean Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak. «Izurriak eboluzionatu egin du, eta dozenaka transmisio kate isolatu daude». Ebolak erasandako herrialdeei burua altxatzen laguntzeko plan bat iragarri zuen.
Atzo zortzi, Londresko parlamentuak agindutako txosten batek OMEren eta nazioartearen jarrera kritikatu zuen, «beranduegi» eta eskas erantzun zutela argudiatuta. OMEren arabera, «beste sei hilabete» beharko dira gutxienez izurritea ezabatzeko. Tarte horretan, gaitzaren kontrako txertoa lortzeko ahaleginetan segituko dute AEB, Kanada, Errusia eta Japonian; eta Mugarik Gabeko Medikuak Liberian erabiltzen ari diren tratamenduaren emaitzei begira daude denak.
Afrika mendebaldeko herrialdeek ebolaren abailari ahal duten neurrian galga jartzen segitu beharko dute puska batez. Horren adierazle da Sierra Leonako Gobernuaren azken erabakia.
Ebola. Izurriteak urtebete
Urtea, abailan
Sierra Leonako iparraldea hiru egunez 'ixtea' erabaki du hango gobernuak, ebolagatik.Duela urtebete justu hasi zen kutsatze katea ez da oraindik eten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu