Gerra Ukrainan. Inbasioak urtebete

Urte zaila errusiarrentzat

Errusiarren %70 inguruk esan dute zailtasun ekonomikoak izan dituztela berriki. Giro politikoa aldatu da, enpresek alde egin dute, eta horrek kalte egin dio herrialdeko ekonomiari.

Atzerriko enpresa asko joan egin dira, eta Errusiak ordezkoak bilatu ditu etxean, besteak beste, Vkusno eta McDonald'sen tokia hartu duen Tochka. ALEX BUSTOS.
Alex Bustos
Mosku
2023ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Errusiarentzat, 2022a, oro har, ez da ohikoa izan. Nahiz eta Errusiako lurralde gehientsuenetan bizimoduak martxan segitu duen, haren norabidea aldatu egin da. Giro politikoa aldatu da, enpresa anitzek alde egin dute, Errusiak munduko bertze herrialdeekin dituen harremanak ez dira lehengo berak, horrek kalte egin dio ekonomiari... Hala, horrek guziak eragina izan du Errusiako herritar anitzen egunerokoan, eta urtea luze joan zaie zenbaiti.

Juri da herritar horietako bat—ez du egiazko izena—. Azaldu duenez, «bertze herrialde batera bizitzera joateko» prozesuan da. 2022a urte zaila izan da; 2021ean, ez zitzaion bururatu ere egin Errusiatik alde egitea, baina, orain, ez du bertze aukerarik ikusten. Beraz, burokrazia kontuak bideratzen ari da, herrialdea «behin betiko» uzteko, printzipioz bederen. Solasaldia amaitzean, Jurik espresuki galdetu du ahalik eta xehetasun gutxien emateko hari buruz, kalterik ez eragiteko ez bere buruari ez eta hurbilekoei ere. Eta ez da zehaztasun gutxi ematea nahiago duen bakarra. Izan ere, errusiar anitzek alde egin dute herrialdetik 2022an: milioi bat lagunek baino gehiagok, Alphabank bankuaren kalkuluen arabera.

Disidenteak isilaraztea

2022a bereziki zaila izan da Errusiako hedabide independenteentzat ere. Komunikabiderik ezagunenetako batzuek alde egin dute Errusiatik, eta bertze batzuek ateak itxi dituzte, estatuak horietako zenbait «atzerriko agentetzat» edo «erakunde arbuiagarritzat» jo ondotik. Hain zuzen, «erakunde arbuiagarritzat» hartutako hedabide horietako batean lan egiten du Katiak. «Zenbait senitartekok ez dakite zertan lan egiten dudan, bete-betean sinesten baitute Kremlinek gerrari buruz zabaldu duen kontakizuna: borrokatzera behartu gintuzten, Kieven naziak daude, hedabide independenteak Mendebaldeko espioiak dira... », erran du. Ez dago «arrunt seguru» ez ote duten salduko «FSB Errusiako zerbitzu sekretuen aitzinean», eta horregatik dabil gordeka, bertzeak bertze.

Herritarren arteko giroa ere ez da ohikoa. Badira zenbait urte politika ez dela solasgai erosoena Errusian, baina, orain, are nabarmenago izkin egiten zaio gaiari. Belaunaldi arrakala bat nabari da arlo horretan: jende adinduak joera handiagoa du estatuaren hedabideen bidez informatzeko—hala nola telebistaren bidez—; gazteek, berriz, gehiago jotzen dute hedabide alternatiboetara, bertzeak bertze Telegramen bitartez. Ikuskera diferente horien erakusgarri da, konparazio batera, soldaduska ez egiteagatik semea salatu zuen amaren kasua.

Marinaren hitzek ere —izena asmatua da— hori erakusten dute, gurasoak Putinen eta haren gobernuaren jarraitzaile sutsuak baititu. «Uste dute Putin eta haren kideak direla 90eko urte lazgarrietara itzultzea eragotz dezaketen bakarrak», nabarmendu du. 90eko hamarkadan, pobrezia, segurtasunik eza eta krimen antolatua ziren nagusi Errusia osoan. Marina ataka estuan da, ez baitator bat gurasoekin, eta Errusiak Ukrainan hasitako erasoak zabaldu bertzerik ez baitu egin haien arteko arrakala. Marinak ere atzerrira joan nahi du bizitzera, baina, dioenez, «lehen baino hagitzez zailagoa da orain». Errusiako bankuak Swift sistematik atera direnez eta errusiarrak zenbait bankutan kontua ireki ezinik daudenez, herritarrentzat zailagoa da Errusiatik ateratzea.

Zailtasun ekonomikoak

Testuinguru politikoa ez ezik, bizimodua ere korapilatu da. Enpresa anitzek alde egin dute Errusiatik, eta kanpoan saldu eta erostea lehen baino zailagoa da, zigorren eta oztopo burokratikoen eraginez. Mundu zabalean ezagunak diren zenbait enpresa joan dira Errusiatik, hala nola Apple, Ikea eta McDonald's. Ihes horiek aski sinbolikoak dira, inportazio paraleloak eginez edo Errusian baliabideak sortuz bete baitute enpresa horien hutsunea, baina, era berean, izozmendiaren tontorra bertzerik ez dira. Errusiako Ekonomiako Goi Eskolak gizarte zibilari buruz bildutako datuen arabera, errusiarren %70 inguruk zailtasun ekonomikoak izan dituzte egunerokoan.

Aminak ere bai, adibidez. Moskun bizi da, nahiz eta Errusia hegoaldekoa den sortzez. Egun, zailtasunak ditu etxera itzultzeko senideak ikustera, eta, salatu duenez, «janaria eta fakturak» pagatzeko dirua bertzerik ez du. Erdi txantxetan, erran du oraindik baduela «tea eta ogia» erosteko adina: biak ere oinarri-oinarrizko produktuak dira, Errusiako supermerkatuetan merkeen saltzen direnetako bi. Inflazioa %15 den honetan, produktu anitz garestitu dira, tartean esnea, ogia, arrautzak eta esnea.

Rosstat Errusiako Gobernuaren estatistika erakundearen azken datuen arabera, BPG barne produktu gordina %2,1 apaldu da. Emaitza txarra da, baina espero baino hobea. Horrez gain, Errusiaren azkenaldiko historian izan diren defizitik handienetan bigarrena erregistratu dute, 42.000 milioi eurokoa. 2020an bakarrik izan zen defizit handiagoa, 52.000 milioi eurokoa, COVID-19aren pandemia betean. Hidrokarburoen salmentari esker, Errusiak izkin egin dio, oraingoz, hondamendi handiago bati. Hidrokarburoen sektorea baita Errusiari urrezko arrautzak ematen dizkion oiloa, estatuak hartatik lortzen dituenez gero diru sarreren %41,4 (150.000 milioi euro). Are, azkenaldian handitu egin ditu gas eta petrolio esportazioak; izan ere, nahiz eta Europan zenbait bezero garrantzitsu galdu, merkataritza harremanak ugaritu ditu Txina, India eta Turkiarekin, bertzeak bertze.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.