AEBak. Presidentetzarako hauteskundeak

Urriko langabezia datuek ekonomia jarri dute berriz lehiaren erdigunean

Virginian, Romney doa aurretik, ozta-ozta; urte luzez errepublikanoa izan den estatuak zalantza ageri du orain

Samara Velte.
2012ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
AEBetako ekonomia ez dago prest hauteskunde kanpainako azken egunetan itzalpean gelditzeko. Atzo eman zituen urriko lan merkatuaren datuak Lan Sailak: AEBetan 171.000 lanpostu sortu dira, espero baino dezente gehiago. Langabeziak, ordea, gora egin du apur bat: iraileko %7,8tik, %7,9ra.

Nola begiratzen zaion basokada erdiari: Barack Obamak eta Mitt Romneyk, biek erabili dituzte datuok euren alde. Demokratek lanpostu sortu berrien kopurua esanguratsuagoa dela nabarmendu dute, langabeziak lan bila dabiltzan pertsonak adierazten dituelako. Hilabete honetan pertsona gehiago hasi dira lan bila, eta hori ere seinale positiboa da: lana topatzeko aukerak ikusi dituztela eta ekonomian konfiantza berreskuratu dutela erakusten du. Errepublikanoentzat, berriz, 12,3 milioi langabe 12,3 milioi langabe dira, ekonomia «oraindik borrokan» ari den seinale. Romneyk «benetako aldaketa» baten promesa egin zuen atzo, Wisconsinen.

Hain justu, ekonomiatik egin dio eraso Romneyk aste honetan Virginian: petrolioaren garestitzea izan du mintzagai, eta krisiaren ondorioz tokiko hainbat negozio txiki itxi dituztela nabarmendu du. Gobernuari bota dio errua: zergek, Washingtongo murrizketek eta Obamaren gizarte segurantzako programek «Amerika osoan negozio txikiak suntsitzen» dituztela esan du.

Langabezia gutxien duena

Okerreko lekuan egin ditu adierazpenok Romneyk: Virginian oso jende gutxik daki zer diren arazo ekonomikoak. AEBetako langabezia tasarik apalenetakoa izan du —urrian, %5,9—, eta iparraldeko eskualde batzuk AEBetako aberatsenak dira; han, 25 urtetik gorakoen herenek baino gehiagok dute unibertsitate titulua —AEBetako batez bestekoa %10 baino gutxiago da—.

Historikoki errepublikanoa izan da Virginia, baina 2008an Obamak irabazi zuen, ohi baino alde txikiagoz bada ere. Horrek estatu zalantzatien zerrendan sartu du. Presidenteak alde ditu beltzak —Virginian, herritarren %19,8 dira; estatu guztietan, batez beste, %13,1— eta gobernuko langileak. Izan ere, Washington Hiria Virginiara itsatsita dago, eta hark, neurri handi batean, Etxe Zuriko dolarrei eskertu behar die bere oparotasuna.

Inkestek diote Virginiako hamahiru hauteskunde botoak Romneyren aldekoak izango direla, baina aldea hain da txikia —%0,05 baino ez—, ezer ez baita ziurra. Eta hamahiru horiek ere ez diote ziurtatzen Etxe Zurirako sarbidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.