Urriaren 7tik Israelen desagertuta zegoen euskal herritarraren gorpua aurkitu dute

Israelgo iturrien arabera, Hamasek urriaren 7ko erasoan bertan hil zuen.

Hamasek bahitutakoen senideek atzo egindako elkarretaratze batean ateratako argazkia, Tel Aviven. MANUEL BRUQUE / EFE
2023ko azaroaren 8a
13:49
Entzun

Espainiako Atzerri ministerioak jakinarazi duenez, hil egin da Ivan Illarramendi, urriaren 7tik Israelen desagertuta zegoen euskal herritarra.Zarauzkoa (Gipuzkoa) zen jaiotzez, baina Israelgo kibbutz batean bizi zen emaztearekin, Gazako mugatik bi kilometrora. Espainiako jarduneko presidente Pedro Sanchezek urriaren 17an baieztatu zuen Hamasek bahitutakoen artean zegoela.

Baina, orain, kontrakoa adierazi dute. Europa Press berri agentziak Israelgo iturri diplomatikoak aipatuz kaleratu duenez, ez da bahituta egon, eta Hamasek urriaren 7ko erasoan bertan hil zuen. Atzo gauean identifikatu zuten Illarramendiren gorpua, eta haren emaztea ere hilda aurkitu dute. EITBren arabera, Tel Aviveko ospitaleko gorputegian identifikatu dituzte DNA proben bidez.

Albistea jakin berritan, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eman ditu azalpenak. Baieztatu du familiari jakinarazi diotela Illarramendi hilda dagoela, baina esan du ez dutela gertakariaren inguruko informazio gehiagorik. Doluminak adierazi dizkio sendiari, eta eskatu du Illarramendiren familiaren nahiz hilabete honetan Israelen nahiz Gazan hil diren 10.000 lagunen senideen lekuan jartzeko: «Eusko Jaurlaritzaren izenean, gure gaitzespenik sendoena adierazten dugu heriotza honegatik, eta eskatzen dugu nazioartean egin daitekeen guztia egitea indarkeria hau amaitu dadin, sufrimendu hau amaitu dadin, eta elkarbizitzarako oinarriak ipini daitezen Nazio Batuen Erakundearen erabakietan oinarrituta».

Berehala iritsi dira erreakzioak. Denis Itxasok, Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkariak esan du «mina eta ezintasuna» sentitzen dituela, eta elkartasuna helarazi die senideei eta lagunei. Erantsi du: «Fanatismo biolentoek min eta pena kate jasanezin batera lotzen gaituzte». Halaber, Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak «atsekabea» helarazi du heriotzagatik. Eta konponbidea galdegin du: «Su etenerako, elkarrizketarako eta negoziaziorako deia areagotzen dugu». EAEko PPren buru Javier de Andresek ere hizpide izan du gaia. «Erabateko gaitzespena» adierazi du.

Atzo, Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak deituta, milaka herritarrek kaleak hartu zituzten Israel Palestinan egiten ari den sarraskia geratzeko eskatzeko eta konponbide politiko baten alde. Gaur, balorazioa egin du elkarteak. Hasteko, «atsekabea» azaldu du Illarramendiren «heriotza dramatikoagatik»: «Bere familiari eta inguruari gure doluminak helarazten dizkiegu. Honek gatazka palestinarrari eman beharreko konponbide politikoan eta bakearen aldeko apustuan berresten gaitu».

Atzoko mobilizazioei erreferentzia eginez, nabarmendu dute eguerdian dozenaka elkarretaratze egin zituztela lantokietan, institutuetan eta unibertsitate campusetan; arratsaldean, berriz, elkarretaratzeak egin ziren 144 herritan gutxienez: «Atzo mobilizatu ziren milaka pertsonak interpelazio sozial argia egin dute sarraski hori amai dadin». Zarauzko Udalak, bestalde, elkarretaratzera deitu du bihar eguerdirako.

Ikusi gehiago:Gazan «eten humanitarioak» egiteko eskatu dute G7koek

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.