Ikertzaile gutxik ezagutzen dituzte Hamas miliziaren zirrikituak Tareq Baconik baino hobeto. Askotariko think tank-etan palestinarren eta israeldarren arteko gatazka aztertzeari emana bizi izan da luzaro. Gaur egun, Al-Shabaka palestinar ikasketen zentroko presidentea da —New Yorken dauka egoitza nagusia zentro horrek—. Hamasen argitalpenak xehe-xehe aztertuta eta talde horretako buruzagi eta militanteekin elkarrizketa sakonak eginda, liburu bat kaleratu zuen 2018an: Hamas Contained: The Rise and Pacification of Palestinian Resistance (Hamas mugaturik: palestinar erresistentziaren goraldia eta baketzea).
Zure ustez, Hamasek bazekien zer gertatuko zen urriaren 7aren ondoren?
Ez dut uste inork halakorik pentsatu ere egin zezakeenik. Hamasek eta palestinar guztiek badakite Israelek indar neurrigabez erantzuten diela beti erresistentzia armatuko ekintzei: halaxe izan da azken hamasei urteetan. Hamasek blokeoa hausteko asmoz suziriak jaurtitzen zituen bakoitzean, Israelek erabat bortitz erasotzen zion Gazako zerrendari. Urriaren 7koa, ordea, ez zen uste bezala joan, eta Hamasek ezin zuen pentsatu ere egin Israelek genozidio bati ekingo zionik. XXI. mendean ez da sekula hainbesteko suntsipenik eta hilketarik izan.
Urriaren 7ko erasoa, beraz, ez zen gertatu Hamasek pentsatua zuen bezala...
Hala da. Nire ustez, haien asmoa zen Gaza inguruko base militarrei erasotzea eta soldadu israeldar batzuk harrapatzea, preso israeldarrekin trukatzeko gero. Hamasek pentsatu zuen israeldarrek askoz gogorrago egingo zietela aurre, eta operazio mugatu bat baino ezingo zutela egin. Baina ez zen hala izan: uste baino gehiago luzatu zitzaien operazioa, eta Hamasek ez ezik, beste fakzio eta zibil palestinar batzuek ere esku hartu zuten. Hortaz, Hamasek operazioaren kontrola galdu zuen. Gainera, Hamasek ez zekien Nova musika jaialdia egiten ari zirenik ere. Horren ondorioz, zibil israeldar asko hil ziren.
Orduan, ez duzu uste Hamaseko buruzagiek zibilak hiltzea agindu zutenik?
Ez daukat halako informazio pribilegiaturik, baina haren historia aztertu izan dut, eta ez dut uste haren estrategiaren helburua hori zenik, modu sistematikoan zibilak hiltzea, askok esaten duten bezala. Era berean, badakigu Hamasek ez dituela zibilak bere borrokatik kanpo utzi izan. Dena dela, Israelek ez zien erantzun urriaren 7ko erasoei bakarrik: aurretik ere bazeukan genozidiorako asmo hori, palestinarrak deuseztatu beharra dagoelako ideia hori.
Batzuek diotenez, adar militarra adar politikoari gailendu izanaren emaitza da urriaren 7koa. Ados zaude?
Beti egon da oreka adar politikoaren eta militarraren artean. Modu kolektiboan hartzen dituzte erabakiak. Beti izaten dira eztabaidak bi adarren artean. Baina, Palestinako auziei irtenbide politiko bat aurkitu ezin horretan, egia da adar militarrak indarra hartu duela.
«Palestinako auziei irtenbide politiko bat aurkitu ezin horretan, egia da [Hamasen] adar militarrak indarra hartu duela»
Mendebaldeko klase politikoaren ikuspegitik, eragile irrazional eta berez bortitz bat da Hamas. Hala da?
Ez. Hamas mugimendu jakintsua da arlo politikoan, eta, herri babes handia lortzeko gai ez ezik, kapaz izan da hamasei urtez Gaza gobernatzeko ere, Israelek babestuta gainera, bide batez esanda; izan ere, Israelek ahaldundu zuen, eta finantzatu zedin utzi ere bai, boterean egonkortu zedin. Iraganean, Hamasek hauteskunde demokratikoetan parte hartu izan du, batasun nazionaleko gobernuetan ere bai... Mugimenduak argi esplikatu izan du zergatik darabilen borroka armatua: Palestinako herriaren autodeterminazioa lortzeko. Eta asmo hori ez dauka Hamasek bakarrik. Hamas talde terrorista odolzale hutsa dela esanez gero, ezabatu egiten da haren alde politikoa, testuingurua, eta beste ideia bat legitimatzen da: Israelek eskubidea duela bere burua defendatzeko. Okupatzaile gisa, ordea, ez dauka halako eskubiderik. Nazioarteko zuzenbideak okupazio bati aurre egiteko eskubidea aitortzen du.
Batzuk sinetsita daude Hamasen helburua ez dela bakarrik Palestinako estatu bat lortzea, baizik baita Israel suntsitzea ere.
Zergatik erreparatzen diogu soilik horri: alegia, zer jarrera duen Hamasek Israelen inguruan, eta ez zer jarrera duen Israelek Palestinako estatuari dagokionez? Uztailean, Israelgo Parlamentuak, Knessetek, Palestinako estatua sekula ez onartzearen alde bozkatu zuen. Israelgo ezein gobernuk ez du onartu bi estaturen konponbidea. Esku hartze politikoren batek zerbait ordainaraziko balio Israeli bere apartheid supremazistagatik, urriaren 7koa ez zen gertatuko.
2017an, Hamaseko buruzagi Khaled Mixalek berrikusi egin zuen Hamasen Gutuna, argi uzteko prest zeudela 1967ko mugak izango zituen Palestinako estatu bat onartzeko. Baina Israeli ez zion inork inolako presiorik egin. Uko egin zitzaion palestinarren autodeterminazio eskariei modu politikoan eta baketsuan heltzeari. Hortaz, Hamasek ondorioztatu zuen Israelek indarrez behartuta baino ez duela erantzuten.
Beraz, nazioarteak konponbide politikoaren alde egin izan balu, urriaren 7koa agian ez zen gertatuko?
Hori da. Nazioarteak ez du inolako asmorik palestinarren autodeterminazio gurariei heltzeko, uste duelako posible dela okupazioa kudeatzea. Beraz, zera egiten du: palestinarrei dirua bidali, hau arazo humanitario bat balitz bezala; edo, are okerrago, negoziazioak abiarazten ditu, jakinik ere ez direla inora iritsiko. Urriaren 7koak erakutsi du ezin dela izan apartheid mugagabeko erregimenik. Israelek ezin du ondorio kaltegarririk gabe kontrolatu Palestinako lurralde historikoa bi lege sistema edukita, bata israeldarrentzat eta beste bat palestinarrentzat.
Nolakoa izango da zure ustez gerraren osteko lehen eguna?
Denak esaten ari dira, antza, urriaren 6ra itzul gaitezkeela. Baina hori ez da posible. Palestinarren auzia serio eta bide politikotik konpondu ezean, ez da segurtasunik izango juduentzat. Oraintxe, bi aukera erreal baino ez daude mahai gainean. Bata Israelgo eskuinak nahi duena, hots, genozidioa eta garbiketa etnikoa; horrek desagerrarazi egingo luke Palestinako auzia. Beste aukera da estatu bakar bat osatzea itsasotik hasi eta ibairaino, biztanle guztiei eskubide berberak bermatuta. Ez zait iruditzen bi estatuen konponbidea bideragarria denik, eta, nazioarteak baietz esaten duenean, aipatu dudan lehen jokaleku horri bide eman baizik ez du egiten.
Alegia, azkenean Gazako palestinarren garbiketa etniko baten lekuko izango garela beharbada...
Lehen gerra asteetan, horixe zen Israelen helburua, Israelek berak esan zuenez: Gazako zerrenda hustea. Baina Egiptok ezezko biribila eman zuen, eta horregatik ez zen azkenean halakorik gertatu. Hala ere, ez dago zalantzarik gobernu honek konpromisoa hartua duela Nakbarekin aurrera jarraitzeko. Nazioarteak, esaten duenean Israel demokrazia liberal bat dela, ahalegina egiten du ez entzuteko zer esaten ari diren politikari israeldarrak. Izan ere, argi eta garbi esana dute Nakba burutu nahi dutela. Gazatik palestinarrak bota ezin izan zituztenean, orduan erabaki zuten genozidioa egitea eta hango palestinarrak sarraskitzea.
Bi estaturen konponbidea baztertzen duzu zuk, baina ez al da zailagoa estatu bakarrean elkarrekin bizitzea, kontuan hartuta nolako gorroto gorria piztu den azken urtean?
Palestina juduen eta palestinarren artean banatzeko planak duela mende bat hasi ziren. Gainera, 30 urteko bake prozesu bat izan dugu, porrot egin duena. Alegia: argi dago bi estaturen konponbidea ez dela bideragarria izan. Palestina historikoan estatu bakar bat egotea, berriz, hori bai, existitu da, eta kontua da hango biztanle guztiei bermatzea libertatea, berdintasuna eta justizia. Inoiz ez dira bi estatu egongo. Hori defendatzen dutenak fantasia batean bizi dira, beren politiketan sinetsi nahi dutelako.
Kamala Harris hautatuko balute, aldaketa politikoren bat izango litzateke Joe Bidenen politikarekin konparatuta?
Erantzun baino lehen, garrantzitsua da gogoraraztea AEBak eragile aktiboa direla genozidio honetan, ez behatzaile inpartzial bat. Genozidio hau sustatzen ari dira, bide politikotik, diplomatikotik eta militarretik. AEBena ere bada gerra hau. Harrisek kanpainan zantzuren bat erakutsi izan du Gazako sufrimendua aitortzen duela, Bidenek ez bezala; hura Israeli oso atxikia zaio ideologikoki, eta palestinarren kontrako erreakzio arrazistak izan ditu. Baina, hala eta guztiz ere, nik ez nuke inondik ere esango Harris Bidenengandik hain urrun dagoenik. Harris boterera heltzen bada ere, armak eta babes diplomatikoa emango dizkiote Israeli. Netanyahuk kontrolpean du AEBetako klase politiko gailena.
«Palestinarren auzia serio eta bide politikotik konpondu ezean, ez da segurtasunik izango juduentzat»
Eta Donald Trumpek irabaziko balu, zer gertatuko litzateke?
Trump ere oso konprometituta dago Israelekin eta sionismoarekin. Ikusi genuen zer egin zuen bere lehen agintaldian. Aldi berean, ordea, ez du argi esaten zer jarrera duen atzerriko esku hartzeen inguruan. Ez dauka halako gerra goserik. Kanpainan esan du Israel babestuko duela, eta ez zaio inporta palestinarrak hiltzea, baina politikari gisa alderraiagoa da, eta ez da erraza esaten zer-nolako politikak egingo dituen. Badakigu ideologia aldetik Netanyahuren aldeago dagoela Trump, biak baitira eskuindarrak, arrazistak eta populistak. Baina kontua da Biden jada ematen ari zaiola Netanyahuri hura eskatzen ari zaion guztia; halaxe egingo du Trumpek ere.
Askotan, Israelen eta Palestinaren gatazkaz mintzo, aditzera ematen da gatazka konplexua eta konponezina dela. Hori da arazoa, ala problema da AEBak ez direla bitartekari inpartziala?
Argi dago ez dela inpartziala. Gainera, Palestinan gertatzen ari dena ez da salbuespena. Izan dira beste apartheid sistema batzuk, Hegoafrikan, AEBetan. Hain zuzen, AEBak eta Europako botereak izan ziren azkenak aitortzen Hegoafrikako apartheida gizadiaren kontrako krimen bat zela. Palestinakoa ez da konponduko Mendebaldeko botereei esker, baizik eta haien despit. Arraza menperakuntzaren egiturek azkenean porrot egin dute leku guztietan.
Zer egin behar dute palestinarrek askapenaren aldeko borroka biziberritzeko?
PAE Palestina Askatzeko Erakundea berriz eratu behar dugu, gaur egun hilda baitago, eta PAE berri horrek oinarri izan beharko du denen izenean hitz egingo duen ordezkaritza lidergo bat. Halaber, ahaztu egin beharko du bi estaturen konponbidea, eta Palestinako Aginte Nazionala desegin, eta konponbide gisa proposatu ibaitik itsasoraino iritsiko den estatu demokratiko eta bidezko bat.