Kolonbiako Corporacion Juridica Libertad elkarteko abokatua

Sergio Arboleda: «Uriberen agintaldian ikaragarri ugaritu ziren exekuzio sumarioak»

Alvaro Uribe Kolonbiako presidente ohiaren aurkako kereila bat aurkeztu zuten iaz Argentinan. «Erantzukizunak argitu nahi ditugu, Kolonbian ezin baitira presidente ohiak epaitu».

Sergio Arboleda, Corporacion Juridica Libertad erakundeko abokatu kolonbiarra, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Sergio Arboleda, Corporacion Juridica Libertad erakundeko abokatu kolonbiarra, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2024ko azaroaren 7a
05:00
Entzun

Kolonbiako militarrek desagerrarazitako pertsonen kasuak aurretik ere baziren, baina Alvaro Uribe presidentearen agintaldian (2002-2010) armadak exekuzio sumarioen bidez hildako 6.402 pertsona zenbatu dira. Positibo faltsu esan izan zaie kasu horiei, FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak gerrillako kide gisa aurkezten baitziren hildakoak. Nazioarteko Bake Brigaden eskutik, Sergio Arboleda (1987, Medellin, Kolonbia) Corporacion Juridica Libertad elkarteko abokatua Euskal Herrian izan zen urria erdialdean. Iazko azaroan Argentinan kereila bat aurkeztu zuten Uriberen aurka, eta haren nondik norakoak azaldu ditu.

Zeri erantzuten dio bisita honek?

Bake akordioa ez da betetzen ari, eta hona ekarri nahi izan dugu horren inguruko ikuspegi kritikoa, Kolonbiako Estatuak dioenarekiko diferentea. Uribe presidente ohiaren aurkako Argentinako kereilaren berri ere eman nahi izan dugu, eta nazioarteko babes eta elkartasun sareak ehuntzeko aukera ematen digu.  

«Bake akordioaren ondorioz, ezin dugu presidente ohirik epaitu. Ez dugu mekanismorik Alvaro Uribe epaitzeko»

Iazko urtearen amaieran aurkeztu zenuten kereila. Zergatik jo zenuten Argentinara?

Bake akordioaren ondorio den auzitegi trantsizionalak debeku bat du. Ezin du presidente ohirik epaitu. Hortaz, Kolonbian ez dugu mekanismo eraginkorrik Alvaro Uribe Velez epaitzeko bere agintaldian izandako exekuzio estrajudizialen kasuak direla eta. Alvaro Uriberen inguruan, krimen ugari daude: exekuzio sumarioak, behartutako desagerpenak, paramilitarrak, narkotrafikoa... Hala ere, inoiz ez da epaitua izan. Ezintasun horri erantzuteko, lehen aldiz justizia unibertsalaren printzipioa aplikatu dugu, eta Argentinara jo, frankismoaren biktimek egin zuten modu berean. Gizateriaren aurkako krimenen ikerketan eskarmenturik handiena duen herrialdea da. 

Zer bide egin du orain arte?

Ez da gauza bere fiskaltzaren babesik gabe aurkeztea, eta fiskala zein epailea aurka izateko arriskua genuen. Hala ere, Uriberen aurkako ikerketa abiatzeko eskatu zuen fiskalak abenduan, eta horrek lasaitasun handiagoa eman zigun. Uztailean, berriz, zigor arloko bigarren epaile federalak, Sebastian Ramosek, gertaerak eta biktimak aitortu zituen, baita haren ondorioak ere. Ez du oraindik eskatu ikerketa formal bat abiatzeko. Itxaron egin beharko dugu. [Javier, Argentinako presidentea] Mileiren gobernu aldaketak eragina izan du, dena motelago baitoa.

Nola hartu du hori Kolonbiak?

Kolonbia konplexua da. Oso eskuinekoa den sektore bat dago, eta hark uko egiten dio presidente ohia epaitzeari. Exekuzio estrajudizialekiko elkartasuna adierazi duen beste sektore batek, aldiz, ardura hori argitu dadila nahi du. 

«Kasu batzuetan, lana aurkitzeko promesa egiten zitzaien oso baldintza kaskarretan diren pertsonei. Hara joaten zenean, bertan hiltzen zuten»

Nortzuk zaudete kereilaren atzean?

Giza eskubideen babeserako hiru erakunde gaude: Preso Politikoen Elkartasunerako Batzordea, Jose Alvear abokatu kolektiboa eta Corporacion Juridica Libertad. Gainera, Torturaren Aurkako Munduko Batzordeak eta justizia trantsizionalaren Gernika zentroak babestu gaituzte nazioartean. Kereila barruan 11 kasu daude; horietako zazpi oraindik identifikatu gabeak dira.

Zer dira positibo faltsuak?

Hasieratik argi utzi nahi dugu ez zirela kasu bakanak. Praktika sistematiko eta orokortua izan zen. Nahiz eta armadak Uriberen gobernuaren aurretik krimen horiek egiten zituen, bere agintaldian exekuzio sumarioak ikaragarri ugaritu ziren. Militarrek edo estatuko agenteek egiten zuten. Legez kanpo atxilotzen zituzten pertsona horiek, eta bere borondatearen kontra beste toki batera eramaten zituzten, eta bertan hil. Krimenaren eszena makillatu egiten zuten: ondoren, gerrillarien uniformea jartzen zieten, eta eskuetan armak jartzen zizkieten bolboraren aztarnak izan zitzaten. Gero, beste toki batera eramaten zituzten, eta borrokan hildako gerrillari gisa aurkezten zituzten. Horregatik, biktimetako asko identifikatu gabeko pertsonak dira. Bidean, armadak kendu egiten zien nortasun ikur oro. Beste kasu batzuetan, lana aurkitzeko promesa egiten zitzaien oso baldintza kaskarretan diren pertsonei; adibidez, beste departamentu batean lana zuela proposatuz. Hara joaten zenean, bertan hiltzen zuten. 

Zein da biktimen profila?

2002 eta 2003 artean, giza eskubideen aldeko pertsonak edo laborariak izan ohi ziren. Gerora, praktika hori areagotu egin zenean, etxegabeen eta muturreko egoera ekonomikoa zutenen aurka jo zuten. Pobreziaren etsai izateko beharra errotu da Kolonbian. Pobreak deuseztatu egin behar ziren.

Zer lortzen zuten militarrek?

Onura indibidualak eta kolektiboak. Gobernuak segurtasun politika diseinatu zuen militarrak saritzeko: bidaiak eta oporraldiak eskaintzen zizkien, eta mailaz igotzeko aukera ematen zitzaien komandanteei. Komandante ugarik aitortza izan zuten dominei esker, eta, zenbaitetan, positibo faltsu ziren kasuei esker egin zuten gora. Horrez gain, armada eraginkor gisa aurkezten zuten operazio horiek, nahiz eta emaitza iruzurrean oinarritu. Uribek, bere mezuetan, segurtasunaren garaipen gisa saltzen zituen operazioak: «Begira zer emaitzak lortzen ditugun». Auzia konplexua da, sari horietako batzuk zibilentzakoak ere bai baitziren. Laguntzaile sarea behar zuten. Gerora jakin genuen horietako batzuk paramilitar taldeetako kide zirela. Horietako asko erail dituzte. Oso gutxi geratzen dira bizirik.

«Armadak 100 eta 150 euro artean ordaintzen zuen lortzen zuten biktima bakoitzeko. Saria hainbestekoa zenez, haietako batek bere familia saldu zuen»

Zergatik hil dituzte?

Haietako batek kontatzen zuen armadak 100 eta 150 euro artean ordaintzen ziela lortzen zuten biktima bakoitzeko. Hainbestekoa zenez saria, haietako batek bere familia saldu zuen. Beste lekuko batek kontatu zuen nola komandanteak esan ohi zien: «Ez dut atxiloturik nahi, hildakoak nahi ditut». Eta halaxe ematen zen hiltzeko agindua. 

Bakerako Jurisdikzioak 2021ean egindako txostenak ondorioztatu zuen 6.402 kasu zeudela. Nola joan zen azaleratuz auziaren tamaina?

Datu hori partziala da, askoz ere gehiago izan daitezke. Lehendik ere erabiltzen zen praktika hori, desagertzeak eta exekuzioak etsaia amaitzeko instrumentu izan direlako betidanik Kolonbian. Dena den, 2002tik aurrera %140 gehitu ziren kasuak, eta oso esanguratsua da. Nekazari komunitateekin egiten genuen lan, eta euren senideen aurka armadak egindako erailketen berri izaten hasi ginen. Hasieran uste genuen salaketa haiek ez zirela sistematikoak, baina Antioquia departamentuan kasuak bildu ahala joan ginen ikusiz masiboak zirela. 

Zer erreakzio izan du Uribek kereila dela eta?

Guretzat ez da berria. Publikoki leporatu zigun gerrillaren abokatu ginela eta tematuta gaudela haren aurkako kanpaina juridikoa egiten, presidentetzako gestioaren zilegitasuna auzitan jartzeko. Dena den, gure eskaera hortik harago doa. Erantzukizunak argitu nahi ditugu, baita Juan Manuel Santosena ere [presidente, 2010etik 2018ra]. Bake prozesuagatik Bakearen Nobel saria jaso zuen, baina garai hartan Defentsa ministro zen. Ez da soilik presidente ohiaren auzi bat.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.