Kolonbia. Bake elkarrizketen geroa

Uribek aitortu du CIAren laguntza jaso zuela FARCeko kideak hiltzeko

'The Washington Post' kazetaren arabera, isilpeko ituna sinatu zuten Bogotak eta Etxe Zuriak 2000. urtean

Ion Orzaiz.
2013ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Askok susmatzen zutena baieztatu du Alvaro Uribe Kolonbiako presidente ohiak: herrialde horretako armadak AEBen «laguntza» jaso izan duela FARC-EP gerrillaren kontrako operazio militarretan. The Washington Post kazetak iragan igandean eman zuen Etxe Zuriaren eta Kolonbiako Gobernuaren arteko isilpeko itunaren berri, eta Uribek informazio hori zuzenean aipatu ez duen arren, de facto onartu du bertan azaltzen zena; hau da, Kolonbiako militarrek dozenaka gerrillari hil zituztela iragan hamarkadan AEBetako zerbitzu sekretuen teknologia erabilita.

«Nire ardurapean egin zen, gure gizonez eta baliabideez osatutako operazio militarrak erabilita. AEBen laguntza izan genuen, narkobahitzaileak detektatzeko», idatzi du presidente ohiak Twitter sare sozialean. Gerora zehaztu duenez, CIA agentziaren teknologia erabili zuen armadak FARCekoen kokaleku zehatzaren berri jakiteko, baina soldadu kolonbiarrak izan ziren erreboltariak «atxilotzeaz eta baja emateaz [hiltzeaz]» arduratu zirenak.

The Washington Post-ek igandean argitaratu zuenaren arabera, Uribe eta George W. Bush presidente ohiek sinatu zuten isilpeko ituna 2000. urtean, baina indarrean egon da Juan Manuel Santos eta Barack Obama presidenteen agintaldietan ere. Ordurako, abian zen Kolonbia Plana, baina egitasmo horretatik kanpo sortu zuten programa militar ezkutua, eta aurrekontu propioa eman zioten: 9.000 milioi dolar (6.570 milioi euro). «Elkarlanerako esparru» horren barruan, FARCeko dozenaka kide hil dituzte indar armatuek; tartean, Raul Reyes (2008), Jorge Briceño (2010) eta Alfonso Cano (2011) buruzagiak. CIArenak ziren gerrillarien kokapena detektatzeko erabili ziren GPS sistemak, eta baita jaurtitako misil adimendunak ere.

Kolonbiako Gobernuko zenbait ordezkariren irudiko, Washingtonen eta Bogotaren arteko hitzarmenak abantaila eman dio Santos presidenteari Habanako elkarrizketetan, «FARC indargabetuta heldu baita negoziazio mahaira». Gabriel Silva Kolonbiako Defentsa ministro ohiak, adibidez, «oso onuragarritzat» jo du gerrillariak hiltzeko programa, «horri esker, bahitutako asko erreskatatu ahal izan genituelako». The Washington Post-ek argitaratutakoa egia dela aitortu zuen Silvak iragan den astelehenean. «Baina informazio hori nekez izan daiteke ustekabekoa inorentzat, urteak baitaramatzagu zenbait herrialdetako informazio zerbitzuekin elkarlanean».

Ministro ohiak ez zuen operazio militarren gaineko xehetasunik eman nahi izan, «segurtasun nazionala babesteko», baina gaineratu zuen elkarlan hori «ezinbestekoa» izan zela «buruzagi terroristei baja emateko eta kolonbiar asko oihanetik atera ahal izateko». Defentsa ministro izan zen Silva 2009tik 2010era. Urte horretan, kargua utzi zuen Washingtonen enbaxadore izateko.

AEBetako eta Kolonbiako gobernuen arteko ituna gogor salatu dute Kolonbiako ezkerreko alderdiek, eta kargu hartuko diote Santosi legebiltzarrean afera argitu dezan, baina kritikarik gogorrenak Ekuadorko presidente Rafael Correak egin ditu. 2008an, FARCek Ekuadorren zuen kanpaleku bati eraso zioten Kolonbiako militarrek, eta operazio horretan zerikusi handia izan zuen CIAk. Gertatutakoa «oso larritzat» jo du, eta informazio hori une honetan azaleratu izana ez dela «kasualitate hutsa» gaineratu du sare sozialetan: «Jada ez dut halabeharrean sinesten. Nazioarteko eta Kolonbiako eskuin muturra edozertarako gai da, eta, akaso, Washingtonen eta Bogotaren arteko harremanetan eragitea izan daiteke informazio horien helburua, Habanako elkarrizketek porrot egin dezaten».

Ameriketako Eskola

Hau ez da Kolonbiako matxinatuen kontra Washingtonek abiarazitako lehen egitasmoa. Esku sartze politikoak, diplomatikoak edo militarrak etengabeak izan dira azken bi mendeetan, eta horien artean, odol isurketa handienak eragin dituena Ameriketako Eskola da.

Etxe Zuriak finantzatutako zentro horretan, gerrarako entrenamendua jaso dute kontinente osoko 65.000 soldaduk. AEBen interes estrategiko eta ekonomikoak defendatzea da eskolaren helburuetako bat, eta bertan prestatu ziren Latinoamerikan gertatutako sarraski eta estatu kolpe odoltsuenak. Han ikasi zuten, besteak beste, Manuel Noriega, Hugo Banzer edo Efrain Rios-Montt diktadoreek, eta baita Kolonbiako paramilitar askok ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.