Cumbre Vieja sumendiko (Kanariak, Espainia) isuria itsasora irits daiteke datozen orduetan, adituen arabera, eta, La Palma uhartean, prestatzen ari dira laba kostaldera heltzen denerako. Atzo arratsaldean, ordu batzuetako kontua izan zitekeela adierazi zuen Miguel Angel Morcuende Arrisku Bolkanikoetarako Prebentzio Planen (Pevolca) zuzendari teknikoak. Hala ere, ez zuen baztertu kostaldera ez iristeko aukera. Laba Todoqueko mendia inguratzen ari da, eta abiadura moteldu du nabarmen. «Litekeena da iristea». Edizio hau ixterako, itsasotik kilometro bat baino gutxiagora zegoen laba.
Sumendiaren aktibitateak gorabeherak izan zituen atzo, eta horren arabera azkartzen edo geldotzen da labaren abiadura. Espainiako Geografia institutuak jarduera bizia atzeman zuen igande gauean. Hamasei lurrikara zenbatu zituen atzo goizaldeko 04:00 eta 07:00 artean, zazpi eta hamalau kilometro arteko sakoneran. Segidan, «atsedenaldi» batean sartu zen, eta erupzioa erabat gelditu egin zen 08:00 aldera. Laba eta errautsak botatzeari utzi zion. Hiru ordu inguru iraun zuen etenak. 11:00 aldera hasi zen berriz laba jariatzen.
Isurketa berriak labaren abiadura azkartu zuen, orduko ehun metroraino. Morcuendek azaldu zuenez, laba sumendiaren hamar kilometro inguruko sakoneratik kanporatu zenez, 1.200 graduko tenperaturan lurrazaleratu zen, eta arinagoa bihurtu zuen jarioa. Geografia institutuaren esanetan, ohikoak izaten dira halako etete eta berpizte zikloak erupzioan dauden sumendietan.
Uretara iristen denerako, hainbat neurri hartu dituzte La Palmako agintariek, sor daitezkeen arriskuetatik babesteko. Laba Tazacorte herriko kostaldean itsasoratzea espero da, Los Guirres hondartzaren iparraldean. Hura erdigune hartuta, hiru kilometro eta erdiko segurtasun eremu bat ezarri dute, eta itxita dago inguru hori. Horrez gain, Tazacorteko lau auzotan etxetik ez irteteko eskatu diete herritarrei. Konfinamendua agindu dute.
«Talka termikoa»
Arriskua labaren eta uraren arteko «talka termikoak» eragin dezake. 1.000 gradu baino gehiagotara dagoen isuriak hogei gradura dagoen itsasoko urarekin bat egiten duenean, lurrun zutabeak sortuko dira. Ur lurruna izango da nagusiki, baina nahastuta izango ditu azido klorhidrikoa eta beira bolkanikoko partikula txikiak.
Involcan Kanarietako Bolkanologia Institutuak ohartarazi du gas eta likido azidoek azala, begiak eta arnas aparatua narritatu ditzaketela. Dena den, «talka termikoak» eragingo lukeen arriskua «tokikoa» litzatekeela gaineratu dute, eta, beraz, kontrolatzeko modukoa.
Beste kezketako bat da labak kostaldeko bidearen zati bat estaliko duela, eta, ondorioz, moztuta geldituko dela ingurura iristeko dagoen errepide bakarra.
Irailaren 19an erupzioa hasi zenetik labak 500 eraikin baino gehiago eta 240 hektarea inguru suntsitu ditu itsasorako bidean, Copernicus Europako Batasunaren satelite bidezko behaketa proiektuak jakinarazi duenez. Orotara, 6.000 herritar baino gehiago atera behar izan dituzte etxetik. Cumbre Vieja isurtzen ari den errautsa ere kezkarako motibo da. Copernicusen arabera, 1.500 hektareako eremu batean zabaldu da. Ondorioz, hainbat herritan maskarak jantzi behar dituzte herritarrek kalera ateratzeko.
Azken egunetako eremurik kaltetuena Todoque izan da. Joan den asteazkenean sartu zen laba herrira, eta atzo utzi zuen atzean. Tazacorte aldera doa orain, punturik zabalenean 600 metro dituen harkaitz urtu erreka lodiak.
Ura, kilometro batera
Adituen ustez, Cumbre Viejako laba itsasora irits daiteke datozen orduetan. Konfinamendua ezarri dute Tazacorteko lau auzotan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu