Palestinako gatazka

UNRWAren egoitza bati eraso egin izana ukatu du Israelek

Bonbardaketan dozenaka palestinar hil eta ehundik gora zauritu dituzte, eta Tel Avivek Hamasi egotzi dio erasoa. Nazioarteko Justizia Auzitegia bihar da ematekoa Hegoafrikak genozidioagatik Israeli jarritako salaketaren behin-behineko neurriak.

(ID_13532566) MIDEAT ISRAEL PALESTINIANS GAZA CONFLICT
Zenbait lagun eraikin azpian egon litezkeen pertsonen bila, gaur, UNRWAren bonbardatutako egoitzan, Khan Yunisen (Gaza). HAITHAM IMAD/EFE
maddi iztueta olano
2024ko urtarrilaren 25a
14:00
Entzun

Gutxienez ehunka palestinar zauritu eta dozenaka hil dituzte bart, UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren egoitza baten aurka egindako bonbardaketa batean. Khan Yunisen dago egoitza, Gaza hegoaldean, eta, UNRWAk jakinarazi duenez, zortziehun desplazatu inguruk hartzen dute hor babes. Horrenbestez, litekeena da datozen orduetan hildakoak gehiago izatea. NBE Nazio Batuen Erakundeak Israelgo armadari egotzi dio erasoa, baina Israelek berehala ukatu du, eta Hamasi leporatu dio bonbardaketa.

Euren errugabetasuna defendatze aldera, Israelgo iturri militarrek bi prentsa ohar kaleratu dituzte erasoaren ondoren: Palestinako organizazio islamistako milizianoek euren baseak Khan Yunisko eremuan dituztela, eta hori dela-eta maiz borrokak zibilak dauden tokietan izaten direla argudiatu dute, lehenbizi; eta euren operazioak berrikusi ondoren tropa israeldarrek bonbardaketarekin loturarik ez dutela izan, ondoren. AEB Ameriketako Estatu Batuek segidan gaitzetsi dute erasoa, eta, iragan urriaren 7az geroztik enegarrenez, «zibilak, NBEren egoitzak, eta laguntza humanitarioa ematen ari direnak babesteko» eskatu dio Tel Avivi.

Baina bi azalpen horietako bat berak ere ez du UNRWAko buru Philippe Lazzarini konbentzitu, eta gerra krimentzat jo du bonbardaketa. «Mapa guztietan argi eta garbi adierazita dago eraikina NBEren egoitza bat dela, eta horren koordenatuak, gure gainontzeko egoitza guztienak bezalaxe, Israelgo agintariekin partekatu genituen». Beste behin, gauez izan da erasoa, eta, horren ondorioz, hainbat orduz bertan behera gelditu dira Gaza hegoaldeko telekomunikazio zerbitzuak.

Eraikinaren aurkako bonbardaketaz gain, Gazako Osasun Ministerioak salatu du Israelgo armadak hogei zibil inguru hil eta ehunka zauritu zituztela atzo, tiroz. Ministerioko bozeramaile Axraf al-Qidraren arabera, janaria hartzeko ilaran zeuden dozenaka palestinar, eta horiei tiro egiten hasi ziren soldaduak. Gaza Hirian izan zen erasoa. Urriaren 7az geroztik, Israelgo armadak 25.700 palestinar baino gehiago hil ditu, eta 60.000tik gora zauritu.

Errugabetasuna frogatzeko

Israelen eta Gazako milizia palestinarren arteko gerra lau hilabete betetzear den honetan, ICJ Nazioarteko Justizia Auzitegia bihar da ematekoa Hegoafrikak Israeli «genozidio kalkulatu bat» egitea leporatuta jarritako salaketaren harira hartu behin-behineko neurriak, 13:00etan. Hegoafrikaren eskariaren aldera lerratzen bada, ICJk kautela neurriak har ditzala eska diezaioke Israeli, hala nola Gazan su eten bat indarrean jartzea, eta NBEren laguntza humanitario gehiago sartzen uztea. Dena den, Israel ez litzateke neurri horiek betetzera behartuta egongo, eta, halaber, epai horrek ez luke esan nahi Israel genozidioagatik erruduntzat joko dutenik. Behin betiko ebazpena iritsi artean, Israelek aukera du bere errugabetasuna defendatu eta azpimarratzeko, eta horretan ari da, hain justu, egunotan.

The New York Times egunkariak argitaratu duenez, Israelek 30 dokumentu baino gehiago desklasifikatu ditu. Gazan egindako operazio militarren inguruan Israelgo armadako goi kargudunek eta gobernuko agintariek hartutako hainbat erabaki eta emandako zenbait agindu agertzen dira horietan.

Asmoa da, hain zuzen ere, frogatzea Israelgo armadako agintariek zibilak babesteko ahaleginak egin dituztela operazio militarrak agintzean. Besteak beste, dokumentu horietako batean jaso dute joan den azaroaren 14an Gazara laguntza humanitario gehiago sartzearen beharra azpimarratu zuela Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak.

Hegoafrika 1948ko Genozidioaren Konbentzioan oinarritu da Israelen aurkako salaketa aurkezteko. Horren arabera, genozidio bat egitea ez da «soilik» etnia edo talde bateko kideak hiltzea, talde hori «suntsitzeko asmoarekin» hilketak egitea baizik. Horregatik, Hegoafrikak frogatzat aurkeztu ditu Israelgo zenbait agintarik egindako adierazpen arrazistak, hala nola Israelgo Defentsa ministro Yoav Gallantek palestinarrak animaliekin alderatu zituenekoa.

Negoziazioetarako urratsa

Datozen hilabeteetan, negoziazioetan murgilduko dira AEBak eta Irak, Iraken dagoen eta AEBek gidatzen duten nazioarteko kooperazio militarraren irteera eztabaidatzeko —Estatu Islamikoaren aurka borrokatzeko sortu zuten—, eta horren ondoren bien arteko harreman diplomatikoei nola heldu argitzeko. Reuters berri agentziak hainbat iturri aipatuz ezagutarazi duenez, Washingtonek atzo helarazi zion mezua Bagdadi, AEBek han duten enbaxadore Alina Romanowskik Irakeko Atzerri ministro Fuad Husseini emandako gutun baten bidez.

Hori bai, negoziazio horiei ekin aurretik, baldintza bat jarri du Etxe Zuriak: Irakeko milizia xiitek berehala etetea AEBek Iraken dituzten base militarren aurka egiten ari diren erasoak. Besteak beste, Israel Gazaren aurka egiten ari den sarraskia salatzeko egin dituzte eraso horiek Iranen babespeko Irakeko milizia xiitek. AEBak hasi dira eraso horiei erantzuten, eta tentsioa gero eta handiagoa da Ekialde Hurbilean.

Horiek hala, ikusteko dago ea Bagdad eta Washington mahaiaren bueltan hitz egitera eseriko diren, baina elkarrizketa horiek hilabeteak emango lituzkete, eta AEBek ez dute ziurtatu Iraken dituzten tropak lurraldetik irtenaraziko lituzketenik. Gaur-gaurkoz, 2.500 tropa dauzkate han.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.