UNRWAko langile batzuk Jerusalemdik ateratzen hasi dira, Israelek bisak baliogabetu dizkiela eta

Israelgo Parlamentuak onartutako lege batek agintzen du Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak ezin duela jardun Jerusalem ekialdean; langileek bihar arteko epea dute erakundearen egoitzak uzteko.

Pertsona batzuk UNRWAk emandako laguntza humanitarioa banatzen, Khan Yunisen, Gazan, iazko urrian. HAITHAM IMAD / EFE
Pertsona batzuk UNRWAk emandako laguntza humanitarioa banatzen, Khan Yunisen, Gazan, iazko urrian. HAITHAM IMAD / EFE
maddi iztueta olano
2025eko urtarrilaren 29a
14:54
Entzun

UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak bihar arteko epea du Jerusalem ekialdean —mendebaldean ez du jarduten— dituen egoitza guztiak ixteko eta husteko. Agindu horren berri eman zuen atzo NBE Nazio Batuen Erakunderako Israelek daukan enbaxadore Danny Danonek, prentsaurreko batean. Horrekin lotuta, erakundeko 50 langile ingururen bisak baliogabetu ditu gaur Israelgo Gobernuak, eta horietako hainbat hasiak dira Jerusalem ekialdetik ateratzen —300.000 palestinar bizi dira hor—; Amman Jordaniako hiriburuan daukaten egoitzara joan dira, UNRWAko iturri bat aipatuz EFE berri agentziak jakinarazi duenez.

Israelgo Parlamentuak iazko urrian onartutako bi lege ditu oinarri debekuak. Horien arabera, UNRWAk ezin du lan egin Israelgo Estatuaren menpeko lurraldeetan, ezta Israelgo funtzionarioekin harremanik izan ere. Bisarik gabe, erakundeko langileak ezingo dira Israelen sartu, baina ezta estatu juduak okupatutako lurralde palestinarretan ere, eta ezingo dira Israelgo armadarekin koordinatu Gazara laguntza humanitarioa bidaltzeko. Hain justu, UNRWA da zerrendara laguntza humanitario gehien bidaltzen duen erakundea, eta erakundeko zuzendari nagusi Philippe Lazzarinik atzo bertan ohartarazi zuen debekua gauzatuko balitz «asko kaltetuko» liratekeela meniarako baldintzak eta Gazako egoera.

NBEko Batzar Orokorrak sortu zuen UNRWA, 1949an, Israelgo Estatua sortu eta gutxienez 750.000 desplazatu eragin zituen Nakba-tik urtebetera. Bere misioa zehazten duen dokumentuan jasota dagoenez, erakundearen helburua da palestinar errefuxiatuei hezkuntzarekin, osasunarekin eta beste zerbitzu sozialekin lotutako laguntza ematea. Israelek 1967ko Sei Eguneko Gerran Gaza, Zisjordania eta Jerusalem ekialdea okupatu ondoren, UNRWAk akordioa egin zuen Tel Avivekin, agentzia arduratu zedin palestinarrei oinarrizko zerbitzuak bermatzeaz. Iazko urrian, Knessetek bertan behera utzi zuen hitzarmen hori. Denera, erakundeak 30.000 langile inguru ditu, eta Gazan, Zisjordanian, Libanon, Jordanian eta Sirian jarduten du.

12

Zenbat lagun atxilotu dituen Israelek preso palestinarren ongietorrian. Israelek gutxienez hamabi pertsona atxilotu zituen atzo gauean, Jerusalem ekialdeko Kafr Aqab auzoan, larunbatean aske geratu ziren preso palestinarren ongietorri ekitaldian «Hamasen aldeko ikurrak eta banderak» erabiltzeagatik.

Organismoaren jardunaren debekua txalotu dute Israelgo hainbat agintarik, hala nola Jerusalemgo alkateorde Arieh Kingek. Gaur zabaldutako komunikatu batean, ohartarazi du  «UNRWA etsaiaren legez kanpoko ekintzak» debekatuta daudela, eta biharko topaketaren berri eman du: «Bihar 11:00etan elkartuko gara etsaiaren egoitzako atarian». «Haren langileak Hamaseko kideak dira», gehitu du. AEB Ameriketako Estatu Batuak ere Israelgo Parlamentuaren erabakiaren alde agertu dira. Herrialde horrek NBErako daukan enbaxadore Dorothy Sheak atzo adierazi zuen Israelen «erabaki subirano bat» dela, eta AEBek babestu egiten dutela erabaki hori.

Akusazioak

Israelek behin baino gehiagotan leporatu dio UNRWAri Hamasekin «lotura zuzena» izatea; are gehiago, erakundeko langile batzuei egotzi izan die 2023ko urriaren 7ko erasoan parte hartzea. Gaur-gaurkoz, hamabi langile ingururen aurkako probak aurkeztu ditu Israelgo Gobernuak. Bada, atzo gauean zabaldutako ohar batean, erabakia «zentzugabea» dela iritzi zion Antonio Guterres NBEko Idazkari nagusiak, eta Israeli gogorarazi zion debekuak urratu egingo lituzkeela estatu juduak nazioarteko zuzenbidearekiko dituen betebeharrak. NBEren menpeko erakunde bat izanik, UNRWAk erabateko immunitatea du ezein prozesu judizialen aurrean.

Tel Avivek orain urtebete salatu zuen aurrenekoz jendaurrean agentzia humanitarioak «lotura estuak» dituela Hamasekin. Akusazio horren harira, hamasei herrialdek UNRWA finantzatzeari utzi zioten aldi baterako, hala nola AEBek, Kanadak, Italiak, Erresuma Batuak eta Australiak. Hamasek hasieratik gezurtatu zuen salaketa, eta zertxobait geroago, apirilean, gauza bera egin zuen NBEk, ikerketa baten bidez. Horren arabera, Tel Avivek ez du «inoiz pisuzko frogarik» aurkeztu agentziako langileek «terroristekin» harremanik dutela ondorioztatzeko. UNRWAko Espainiako adarreko zuzendari exekutibo Raquel Martik iritzi bera adierazi zion BERRIAri: «Lekuko deseroso bat delako akabatu nahi du Israelek agentzia».

Eraso gehiago Zisjordanian

PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Osasun Ministerioak gaur jakinarazi du Israelek palestinar bat hil duela drone bidezko eraso batean, Jeninen. Palestinako Wafa albiste agentziaren arabera, halaber, Tulkarem hirian palestinar bat hil zuen atzo Israelgo armadak, sarekada batean.

Bestalde, albiste agentzia horrek berak gaur kaleratu duenez, Israelek sei etxebizitza, jatetxe bat eta meskita bat bota ditu gaur goizean Hebronen, Jerikon, Salfiten, Betleemen eta Jerusalem ekialdean.

Israelek bost pertsona zauritu ditu libano hegoaldean

Drone bidezko eraso batean bost pertsona zauritu ditu Israelgo armadak Libano hegoaldean, herrialdeko Osasun Ministerioak jakinarazi duenez. Erasoa gaur goizean izan da, Majdal Selem herrian, eta, ministerio horren arabera, zauritu guztiak zibilak dira. Horrez gain, atzo gauean Israelgo armadak hainbat bonbardaketa egin zituen eremu bereko Nabatieh herriaren aurka, eta eraso horretan 24 pertsona zauritu ziren. Ondoren zabaldutako komunikatu batean, Israelgo armadak argudiatu zuen Hezbollahren ibilgailu batzuen aurka egin zuela, «armak» garraiatzen ari zelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.