Ez da egoeraren larria salatzen duten lehen aldia. Baina aurten eta kasu honetan ere pandemiak piztutako krisiak zuzenean eragin dio UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoari. Azaroaren hasieran iragarritakoa bete egin da, eta erakundea langileei ordaintzeko eta errefuxiatu palestinarren laguntzeko funtsik gabe geratu da lehen aldiz.
«Amildegi baten ertzean gaude, baina erorikoa saihestu genezake oraindik nazioarteak hitzemandako laguntza berehala ematen badu», adierazi du Philip Lazzarinik, erakundeko idazkari nagusiak. Aurtengo urterako hitzemandako funtsetatik erdia besterik ez du jaso erakundeak Gaza eta Zisjordaniarako eta %40 Siriarako. Gehiago jaso ezean, UNRWAko arduradunek ohartarazi dute datorren urteko lehen hiruhilekorako milioi bat errefuxiaturentzako janari banaketa kolokan legokeela. Horrez gain, erakundeko langileetako askok errefuxiatuak dira haietako %99 soldataren zati bat kobratu ahal izango lukete gehienez.
Urte amaierara arteko lanak aurreikusi moduan egin ahal izateko, erakundeak 167 milioi euro beharko lituzke. Ez da lehen aldia halako egoera batean dagoena. Joan den irailean, NBEren Larrialdietarako Funtsaren laguntza eskatu behar izan zuten 30.000 langileri ordaindu ahal izateko, eta duela aste batzuk bigarren kreditu bat eskatu behar izan zuten, 16 milioi eurokoa. NBEk ohartarazi die ez diela diru gehiago aurreratuko.
Duela urtebete baino gutxiago nazioarteak erakundearen beharra nabarmendu zuen, hari eustearen alde bozkatuz. Baina babes politikoak ez du babes ekonomikoa ekarri. Arduradunek salatu dute azken bost urteotan ez dutela nahikoa dirurik jaso 5,7 milioi errefuxiatu palestinarren oinarrizko beharrak asetzeko.
UNRWAk lanak eten beharko ditu nazioarteak dirurik eman ezean
Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak 5,7 milioi errefuxiaturen oinarrizko beharrak asetzen ditu. Urte amaiera arte aurreikusitako lanak egiteko, 167 milioi euro beharko lituzke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu