Gazako gerrak hamaika fronte ditu, eta denak ez dira bonbekin jorratzen. Hainbat erakundek behin eta berriz salatu dute Israelek galarazi egin duela zerrendara laguntza humanitarioa sartzea eta bertan banatzea. Israelek erakunde bat izan du jomugan bereziki: UNRWA NBE Nazio Batuen Erakundearen Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoa. Urtarrilean Israelek salatu zuen bulegoko kideek harremana zutela Hamasekin, eta, horren ondorioz, nazioarteak haren finantzaketa eten zuen, hein handi batean. Gaur kaleratu dute leporatutako horren inguruko ikerketa, eta emaitza argigarria da oso: Tel Avivek ez du frogarik eman UNRWAko langileak «terroristekin» harremanik dutenik ondorioztatzeko.
NBEk bere garaian abiatutako ikerketatik at dago gaur kaleratutakoa. Frantziako atzerri ministro ohi Catherine Colonna izan du buru kanpo ikerketak, eta, UNRWAk «funtzionamenduko hainbat esparru hobetzeko» dituela adierazi duten arren, iritzi diote ez dagoela «Hamasekin edo beste edozein talde islamistekin» lotzeko adina frogarik. Israelen salaketa horiek direla eta, herrialde andanak —hamaseik, zehazki— behin-behinean edo behin betiko eten zituzten agentziari helarazten zizkioten funtsak, tartean zirela Europako Batzordea eta AEB Amerikako Estatu Batuak, esaterako.
Jakinarazi dutenez, ikerketa egiteko ez ziren soilik UNRWAko langileekin batu, eta azken hilabeteetan Israelgo Gobernuko hainbat kiderekin harremanetan egon direla azpimarratu dute.
Txostenaren arabera, UNRWAk Gazan eta Palestinako beste lurretan —eta bestelako herrialdeetan sakabanaturik dauden errefuxiatuekin— egiten duen lana «ordezkaezina eta ezinbestekoa» da. Izan ere, «askok» NBEren lan bulegoa «salbagailu humanitariotzat jotzen dute»: «Israelen eta palestinarren arteko irtenbide politiko baten faltan, agentziaren lana nahitaezkoa da gizarteko hainbat esparrutan, bereziki hezkuntzan eta osasunean».
Neutraltasuna hobetu
UNRWAk Palestinan eskaintzen duen hezkuntza sistema, hala ere, hobetzeko dituen esparruen artean zerrendatu dute kanpo ikerketaren egileek. Agentziaren eskoletan erabiltzen diren liburuen «eduki problematikoak» kezkatzen du ikerketa garatu duen taldea. Hori dela eta, NBEri eskatu dio material hori ikuskatu dezan —eta beharrezkoa den kasuetan beste batekin ordezkatu dezan— «joera ideologikoak alde batera uzteko». Are gehiago, «erreferentzia antisemitaren bat» izan dezakeen edozein liburu «galarazteko» eskatu dio.
Agentziaren neutraltasuna hobetzeko langileek publikoki adierazten dituzten mezuak «zaintzea» eta UNRWAren eraikinen «izaera zibila momentu oro errespetatzen dela ziurtatzea» gomendatzen dute txostenean.
450Galdutako laguntza milioi dolarretan Israelen salaketak direla medio, hamasei herrialdek laguntza emateari utzi zioten. Hala, urtarriletik 450 milioi dolar ez dira heldu UNRWAra.
Neurriak hartu behar dituztela argi duten arren, UNRWAk urteetan neutraltasun hori bermatu ahal izateko egindako saiakerak goraipatu dituzte txostenean: «Esparru sendoak ditu UNRWAk neutraltasun horretatik at dauden ekintzak identifikatzeko». Are, Colannaren taldeak azpimarratu du UNRWAk beste agentzia batzuek baino «zailagoa» duela neutraltasunari eustea langileen artean. Izan ere, agentziako kide gehienak palestinarrak dira —NBEren azken datuen arabera, %99 inguru—, beraz, laguntza humanitarioa banatzeaz gain, «laguntza hori jasotzen dutenen artean egon daitezke».
NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresek Colonnaren eta haren taldearen lana eskertu du, eta «gomendioak onartzen» dituela adierazi. Gomendio horiek oinarri hartuta, «ekintza plan bat» abiaraziko dute, esan duenez.