Brian Thompson UnitedHealthcare aseguru etxeko zuzendari nagusia hil dute gaur, New Yorken. Manhattan auzoko hotel baten aurrean izan da hilketa, New Yorken erdigunean. AEBetako hedabideek zabaldu dute berria, eta Poliziak baieztatu du prentsaurreko batean, eta aseguru etxeak ere heriotzaren berri eman du bere sare sozialetan.
UnitedHealthcare AEB Ameriketako Estatu Batuetako osasun aseguruen alorreko etxerik handienetako bat da, eta UnitedHealth Group taldearen barruan dago. Talde hori munduko enpresarik handienetan zortzigarrena da Fortune aldizkariaren Fortune 500 zerrendaren arabera. Enpresek izan dituzten diru sarrerak hartzen ditu kontuan zerrenda horrek. Hain justu, zerrenda horretan Apple enpresaren atzetik ageri da UnitedHealth Group.
Thompsonek 50 urte zituen, eta bilkura batera zihoan. Jessica Tisch New Yorkeko Poliziaren ordezkariak prentsaurreko batean esan du ez dela «ausazko» gertakari bat izan, Thompson erasotzailearen «helburu» zela. Polizia erasotzailearen bila ari da.