Kanpainan erakutsi ez duen tonu lasai eta instituzionala erabilita, Giorgia Meloni FdI Italiako Anaiak alderdi ultraeskuindarraren buruzagiak mezu argi bat bidali die bai haren herrialdeari, baita EB Europako Batasunari ere: eskuin muturraren garaia da, FdI buru duen gobernu batena. «Erantzukizunaren garaia da. Italiar guztientzat gobernatuko dugu», esan du Melonik haren alderdiaren garaipena ziurtatu denean.
Italiako eskuin muturrak lehen aldiz irabazi ditu parlamenturako hauteskundeak, eta, hortaz, herrialdeak Bigarren Mundu Gerraz geroztik izan duen gobernurik eskuindarrena izango du. Besteak beste, FdIk, Matteo Salviniren Legak eta Silvio Berlusconiren FI Forza Italiak osatu duten aliantzak botoen %44 inguru bildu ditu Diputatuen Ganberan eta Senatuan, behin-behineko emaitzen arabera, eta, printzipioz, gehiengo osoa izango du bi ganberetan; hori bai, ez dira aulkien bi herenera iritsi, aldaketa konstituzionalak egiteko gutxiengo kopurura.
«Oroitu behar dugu ez gaudela amaieran, hasieran baizik. Bihartik aurrera gure merezimendua frogatu behar dugu. Italiak gu aukeratu gaitu, eta ez diogu traizio egingo», adierazi die Melonik haren jarraitzaileei gaurko ordu txikietan. Oposizioan geratuta, FdIk sekulako gorakada izan du azken agintaldian: 2018an %4ko babesa lortu zuen, eta atzoko bozetan, %26 inguru. Batez ere koalizioko haren aliatuei botoak kenduta egin du gora, Legak (%8,8) eta FIk (%8,1) duela lau urteko babesaren erdia galdu baitute.
ð;Â;Â;ÂÂÂ;Â;ŸÂ”µ Uno straordinario risultato di Giorgia #Meloni e di #FratellidItalia
— Fratelli d'Italia ð;Â;Â;ÂÂÂ;Â;ŸÂ‡®ð;Â;Â;ÂÂÂ;Â;ŸÂ‡¹ (@FratellidItalia) September 26, 2022
Grazie, Italia ð;Â;Â;ÂÂÂ;Â;ŸÂ‡®ð;Â;Â;ÂÂÂ;Â;ŸÂ‡¹#ElezioniPolitiche2022pic.twitter.com/BE1b2hdjAo
Halere, Salvinik eta Berlusconik zeresan handia izango dute datorren legealdian, ez baitaude ados Melonirekin hainbat auziren inguruan. Errusiari ezarritako zigorrak, zergak txikitzea eta pentsioen erreforma izango dira eztabaida iturrietako batzuk, eta horrek agerian utzi du, beste behin ere, koalizio gobernua osatzea baino zailagoa izango dela agintean irautea. Batez ere FIren buruzagia agertu da pozik emaitzarekin, eta aliantzan izango duen rol «erabakigarriarekin»; Salvinik, berriz, lasaitasun mezua helarazi du gaur, «bost urteko egonkortasuna» bermatuko dutelakoan.
Oposizioa, berriz, nahiko ahulduta atera da atzoko parlamenturako hauteskundeetatik. Zentro-ezkerreko koalizioaren parte den PD Alderdi Demokratikoak ez du esperotako baina gutxik aurreikusitako garaipenik lortu, eta aliantza horrek botoen %26,15 bildu ditu, FdIk bakarrik baino pixka bat gehiago. Enrico Letta gobernuburu ohiaren PDk ez zuen bozetarako akordiorik egin Giuseppe Conte lehen ministro izandakoaren M5S 5 Izar Mugimenduarekin, eta horrek nabarmen egin die kalte arrakastarako aukerei, batez ere kontuan harturik M5Sk kanpaina ona egin duela; gauza bera gertatu da zenbait indar politiko txikik —tartean, Matteo Renziren IV Italia Bizirik alderdiak— osatu zuten Hirugarren Poloarekin, zeinak %7,8ko babesa lortu duen.
Behin-behineko emaitzen arabera, PDk botoen %19,1 bildu ditu, eta espero baino zailtasun gehiagorekin lortu du bigarren indarra izatea, Conteren alderdia %15,4ra igo baita, inkestek aurreikusitakoa baino askoz ere gehiago; Lettaren alderdiak pixka bat gora egin du duela lau urteko emaitzekin alderatuta, baina ez dio etekin handirik atera kanpainako estrategiari, hau da, eskuin muturraren garaipenaren beldurrari. Debora Serracchiani PDren Diputatuen Ganberako presidentea argi mintzatu da eskuineko koalizioaren garaipena aitortzerakoan: «Hauteskunde lege honekin eskuinak gehiengoa du parlamentuan, baina ez du herrialdearen gehiengoa».
M5S, espero baino hobeto
Conte ere antzera aritu da emaitzen balorazioa egiterakoan, eta arreta jarri du, kanpainan egin bezala, urteotan sustatu duten oinarrizko errentan, hori defendatuko duelakoan datorren legealdian ere. M5Sk jarrera horri esker lortu du berriz ere gora egitea, batez ere pobreagoa den herrialdearen hegoaldean, eta agintaria horretaz jakitun dago datozen lau urteei begira.
Halere, alderdi horrek kexa agertu du PDk ez zuelako nahi izan elkarrekin aurkeztu, hori baitzen eskuineko koalizioaren garaipena eragozteko aukera bakarretako bat. Riccardo Ricciardi M5Sren presidenteordeak Lettaren kontrako mezuak helarazi ditu horregatik, eta argudiatu du PDk duela «erantzukizunik handiena» ultraeskuindarren garaipenean. Luigi Di Maio M5Sren buruzagi ohi eta Atzerri ministro izandakoarentzat ere gau txarra izan zen atzokoa, alderdi berri bat sortuta ez baitu lortu berriz ere diputatu kargurik; zentro-ezkerreko koalizioan parte hartu du, baina horrek ez dio askorako balio izan.
Oro har, alderdi guztiek asko dute egiteko boto emaileei begira, abstentzioa inoizko handiena izan baita (%36), herritarren haserrearen eta politikarekiko geroz eta interes txikiagoaren erakusle. Berritasuna izateak ere mesede egin dio Meloniri, baita ultraeskuina eta bere ideiak pixkanaka normalizatu egin direla ere.
Diputatuek eta senatariek datorren urriaren 13an hartuko dituzte beren karguak, egun horretan osatuko baitira bi ganberak; oraingoan, ordezkari politikoak gutxiago dira, hori egitea onartu baitzuten 2020ko irailean, erreferendum bidez —Diputatuen Ganbera 630 aulkitik 400era jaitsi da, eta Senatua, 315etik 200era—. Ekitaldi horren ondoren, Sergio Mattarella presidenteak alderdiekin hitz egingo du, erabakitzeko nori emango dion gobernua osatzeko ardura; printzipioz, Meloniri eskatuko dio, eta hurrengo pausoa izango da buruzagi ultraeskuindarrak lantaldea osatu eta parlamentuko bi ganberen inbestidura botoei aurre egitea. Ziurrenik, bozketa horiek urri amaiera aldera egingo dituzte, eta orduan izango da buruzagi utraeskuindarra ofizialki lehen ministroaren karguan.