Argentinako presidentetzarako bozak

ULTRAESKUINAREN EGIAZKO PROBA

Polarizazioa erabatekoa den honetan, Milei faborito eta protagonista gisa iritsi da Argentinako presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulira. Hori bai, badirudi bigarren itzulian ere lehiatu beharko duela; ziurrenik, Massa hautagai ofizialistaren edo Bullrich eskuindarraren kontra.

Milei —eskuinean—, Bullrich —erdian— eta Massa —ezkerretik bigarrena— dira bigarren itzulira pasatzeko aukerak dituzten presidentegaiak. T. CUESTA / EFE.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2023ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Autoa izkina batean geratu, eta egun hauetan Argentinan nonahi entzuten den galdera bota du haizetako-garbitzaileak: «Nori emango diozu botoa?». Hauxe erantzuna: «[Javier] Milei ez beste edozeini». Botoa sekretua da, eta nahitaezkoa, baina, egiatan, premisa horietako bat ere ez da guztiz betetzen. «Ia denek esaten dute hori», erantzun du garbitzaileak, gidari presatuekin izandako hizketaldietan oinarrituta azterketa azkar bat eginez.

Ikusi gehiago:«Mileiren boto emaileek zera nahi dute, kirchneristek nahi ez duten guzia»

Azterketa hori ez da galdeketa ofizialak bezain zorrotza, baina litekeena da arrastoren bat ematea, edo behintzat aholkularitza enpresek emandako datuak baino argigarriagoa izatea. Gaurkoak presidentetzarako hauteskunde ezohikoak dira Argentinaren historian, eta litekeena da aro aldaketa bat ekartzea. Abuztuaren 13an, PASO aldibereko eta nahitaezko boz primario irekiak egin zituzten, urrian lehian arituko ziren hautagaiak eta zerrendak aukeratzeko, eta Milei izan zen garailea; kolpe gogorra izan zen, eta jende guztia harri eta zur geratu zen.

PASO bozek, sinbolikoki, lehen itzuli gisa funtzionatzen dute, baina inork ez zuen espero gertatutakoa gertatuko zenik. Emaitzek berretsi zuten nagusiki hiru hautagaik dutela irabazteko aukerarik handiena: Mileik, Askatasuna Aurrera Doa alderdikoak (%29,8); Patricia Bullrichek, Elkarrekin Aldaketaren Alde alderdikoak (%28); eta Sergio Massak, Aberriaren Aldeko Batasunekoak (27,2%).

Hala ere, inork ez zuen espero Mileik lehenengo postua lortzea. Beste bi hautagaik ere gainditu zuten %1,5en langa, eta, beraz, haiek ere parte hartuko dute bozetan: Juan Schiarettik, Gure Herriaren Alde Lanean alderdikoak (%3,7); eta Miriam Bregmanek, Ezkerraren eta Langileen Frontekoak (%2,6). Buenos Aires probintzian —kirchnerismoaren gotorlekua da; hauteskunde erroldaren %37 hartzen du, eta Axel Kicillof egungo gobernadorea du hautagai—, Aberriaren Aldeko Batasuna ofizialistak irabazi zuen, botoen %35 baino gehiago lortuta.

PASO bozen emaitzek berehala azalarazi zuten zer hautagaik galduko zuen babesik handiena botoa polarizatzearen ondorioz: Bullrichek. Elkarrekin Aldaketaren Alde alderdi barneko bozetan, Horacio Rodriguez Larreta Buenos Airesko egungo alkateari irabazi zion, ordenan eta segurtasunean oinarritutako diskurtso bat erabilita; lehiakidearen aldean, askoz eskuinerago aritu zen, eta, beraz, Mileirengandik gertuegi. Ondorioz, haren proposamena galdu egin da erdibide zabalegi batean, eta lehen itzulirako osatu duen kanpainan zehaztasunik eza izan da nagusi.

Bullrich ez da bereziki gailentzen oratorian, eta hori oso nabarmen geratu zen debateetan; oro har, eroso sentitzen den gaietatik ateratzen dutenean ere ez du aurkitzen definizio egokirik: segurtasunaz eta esku irmoaz mintzatzeari utzi, eta ekonomiari dagokionez zer proposamen dauzkan azaltzeko eskatzen diote. Gai horretan, bai Mileik eta bai Massak badute zeri heldu, beren proposamenetan oinarrituta. Zenbaitetan huts egin badu ere, litekeena da Elkarrekin Aldaketaren Alde alderdiaren —Mauricio Macri presidente ohiarena— boto emaile askok Bullrichen alde egitea orain ere, baina, hark ez badu lortzen bigarren itzulian aritzea, beste bi hautagaietako bat aukeratu beharko dute: batetik, Milei dago, baina haren jokabidea neurriz kanpokotzat joko dute, dena leherrarazi nahi baitu; bestetik, Massa dago, baina harekin ere ez dira guztiz bat etorriko, antiperonismo eta antikirchnerismo sendoa baitaramate odolean.

Massa eta boto baliagarria

Edonola ere, Massa ere ez da bereziki nabarmentzen odolean peronismoa eta kirchnerismoa eramateagatik, eta, nahiz eta hura izan zen ofizialismoak adostutako hautagaia, ez da kirchnerista peto-petoa. Massak peronisten botoa lortuko du, baita boto baliagarria ere, hau da, ultraeskuinari galga jarri nahi diotenena.

Harrigarria da Massak aukera asko edukitzea bigarren itzulian egoteko, kontuan hartuta ofizialismoaren hautagai izateaz gain Ekonomia ministro ere badela oraindik, eta haren kudeaketak porrot egin duela argi eta garbi.

Argentinan 1991tik izandako inflazio tasarik handiena dute orain —%140 ingurukoa—, eta %40ko pobrezia indizea; horrek erakusten du krisi ekonomiko gero eta sakonagoan dagoela herrialdea. «Milei boterera heldu ez dadin ordaindu beharreko prezioa da Massa», iritzi dio Diego Genoud kazetari eta analista politikoak. «Baina ez dakit boto baliagarriari esker irabaztea lortuko duen, Massak bere buruaren kontra lehiatu behar baitu kontu batzuetan; hau da, hautagaiak ministroaren aurka lehiatu behar du. Hauteskundeak horren polarizatuta daudela aintzat hartuta, eta ikusirik inflazioa gero eta handiagoa dela eta larritasuna eta ezegonkortasuna direla nagusi, ez dirudi polarizazio horretatik kanpoko sektoreek haren alde egingo dutenik».

Massak eta Bullrichek harreman ona dute establishment-arekin eta boteretsuekin, baina badirudi hori ez dela aski izango orain. Milei ez da boteretsuen hautagaia, baina haiek ere ez dira gai izan hautagai bat ezartzeko, ez behintzat modu tradizionalean.

Oraingo honetan, herritar askok erabaki dute peronistak eta kirchneristak aspalditik banatzen dituen arrakalaren gainetik salto egitea, eta bere burua politikako outsider-tzat daukan hautagai baten alde egitea —nahiz eta hala ez izan—: Javier Mileiren alde. Bozkalekuetan argi adierazi dute nazkatuta daudela klase politikoaz eta haren pribilegioez, Mileik kasta deitzen dion horretaz. Zenbait analistaren ustez, herritar asko progresismoez gogaituta daudela ere erakusten du horrek.

«Badirudi aldaketarako, eraldaketarako eta matxinadarako proposamena eskuin berriaren eskuetan dagoela», adierazi du Daniel Feierstein soziologoak. «Alegia, eskuin neofaxista ari da proposatzen gauzak aldatzea, eta progresismoa, berriz, gauzei bere hartan eustea. Nire ustez, identitate eraldaketa bat gertatu da, eta horregatik gaude gaur egungo jokalekuan; izan ere, gauzak oso gaizki badoaz, bere hartan uztea proposatuz ez da lortzen jende asko interpelatzea».

Mileik identitate politiko ezin pertsonalago bat osatu du, bere irudian oinarritua eta ia inongo euskarri politikorik gabea. Nolanahi ere, nahiz eta berria balitz bezala aukeztu duen bere burua, badira hainbat urte politikan ari dela. Haren inguruan ikertu du Juan Luis Gonzalez kazetariak El Loco liburuan; autorizatu gabeko biografia bat da, eta, hartan esaten denez, Milei ulertzeko beharrezkoa da azterketa sakonagoa egitea eta haren izaera konplexua ulertzen saiatzea: haren harremanak, bakardadea, ezegonkortasun emozionala eta kontu mistikoen gainean duen interesa.

Ikusi gehiago:Krisien zoroan

Mileik behin eta berriz esan du jainkoak berak adierazi diola presidente izango dela, eta jainkoarekin hitz egiten duela hil zaizkion txakurren bitartez. Haren txakurrak eta Karina arreba dira Mileiren hurbilekoenak, eta indarkeria handia jasan zuen haurra zela: aitak jo egiten zuen, eta eskola jazarpena pairatu zuen. Horrek azaltzen du zergatik dituen ezaugarri jakin batzuk. Gonzalezen hitzetan, «bereizi ezinak» dira bi aldeak: «Batetik, Mileiren historia politikoa, eta, bestetik, bakardade izugarri hori, eta haren bide mistikoa». Egilearen esanetan, kanpainako estrategia bat da Mileik diskurtsoa moderatuago bihurtu izana PASO bozen ondoren, eta ez du luze iraungo. Azaldu duenez, outsider itxura horixe baino ez da, itxura hutsa, Milei gutxienez 2005etik baitabil politikan.

Hala ere, Milei agertzean hankaz gora jarri da dena: horretan ez dago zalantzarik. Eta jakina da, era berean, bere agenda inposatzea lortu duela PASO bozak egin zirenetik. Alde batera utzi zituen proposamenik polemikoenetako batzuk, hala nola organoak eta umeak saltzekoa, eta ekonomiako eskuliburu eta teoria ortodoxoenen kontrakoa da; hala ere, behin eta berriz esan du dolarizaziora jo asmo duela inflazioa amaitzeko, eta egoera desegonkortzeko jokalekuak sortuko dituela, beharrezkoak dituen dolarrak lortuko dituela bermatzeko.

Hiperinflazioaren mamua

Azken egunetan, hiperinflazioaren mamua zabaltzen ibili da hautagaia, eta, gainera, pesoak erabiltzeari uzteko deia egin du, baliorik ez daukatelakoan; hala, mugimendu handia eragin du diru trukeetan, eta dolarraren balioa handitu.

Argentinako ekonomia bi dibisakoa denez, horrek eragin handia izango du soldatetan eta prezioetan. Ezker-eskuin arbuiatu dituzte ultraeskuineko hautagaiaren hitzak, eta Alberto Fernandez presidenteak ere salatu du Milei, «intimidazio publikoa» egotzita, baina ezin jakin horrek ondoriorik izango ote duen bozetan.

Egun hauetan, operazio politiko ugari egin dira alde guztietan. Alderdi batzuek eta besteek eskura duten guztia baliatu dute: entzuketak, bankuko kontu ezkutuak, Whatsappeko audio mezuak, aurkaria estutasunean jartzeko moduko argazkiak eta abar. Eta halakoak erabilitakoan, zain geratzen dira, nolako eragina duten ikusteko.

Alde horretatik, hedabideetan oihartzunik handiena izan duten kontuetako bat Insaurralde eskandalua izan da, eta baliteke ofizialismoari kalte egitea bozetan. Martin Insaurraldek, Buenos Aires probintziako Ministroen Kabineteko buruak, kargua utzi behar izan zuen, haren argazki batzuk zabaldu baitziren: emakumezko modelo batekin ageri zen yate batean, Marbellan, xanpaina edaten. Klase politikoa eta haren pribilegioak auzitan zeudenez, erabat onartezintzat jo zen hark egindakoa, eta aurrez Olivoseko argazkiarekin sortu zen zalapartaren parekoa eragin zuen: hartan, Argentinako presidentea ageri zen, presidentearen egoitzan urtebetetze bat ospatzen, itxialdi bete-betean. Askorentzat, horren ondorioz behin betiko hautsi zen gizartearen eta klase politikoaren arteko lotura.

Demokraziaren adostasuna

Ultraeskuinaren gorakadaren ondorioz, auzitan jarri dira demokraziaren adostasun oinarrizkoenetako batzuk ere: horrek pentsaezina zirudien orain dela zenbait aste, Argentina erreferentea baita mundu guztian giza eskubideei dagokienez. Orain arte, Milei ezer esan gabea zen gaiari buruz, baina, presidentetzarako lehen debatean, ukatu egin zuen 30.000 lagun desagertu zirela, eta adierazi zuen Argentinan ez zela estatu terrorismorik izan, gerra bat baizik.

«Gauza batzuk izugarriak iruditzen zaizkit, hala nola dikadura osteko adostasun demokratikoa hausten saiatu izana, baina, hala ere, halakoei aurre egiteko ezin da besterik gabe baieztapen diskurtsibo bat erabili eta esan demokrazia ezin dela ukitu: beharrezkoa da azaltzea zergatik den garrantzitsua demokrazia, zer ez duen konpondu, zergatik ezin izan diren bete haren inguruko promes asko, eta zer egin behar den promes horiek bete ahal izateko. Halako galderak egiten ez badira, neofaxismoak baizik ez du edukiko kritiko izateko eta interpelatzeko gaitasuna», esan du Feiersteinek.

Polarizazioa erabatekoa den honetan, hautagai guztiek zenbait estrategia mota erabili dituzte botoak eskuratzen saiatzeko. Emakumeen botoa da garrantzitsuenetako bat: hauteskunde erroldan daudenen erdiak baino gehiago dira, eta gizonek baino boto gutxiago eman dizkiote Mileiri; hortaz, erabakigarriak izango dira urriko hauteskundeetan. Edonola ere, PASOetan bozkatzera joan ez ziren hamar milioi lagunen botoa ere funtsezkoa izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.