Aurreko larunbatean AEBetako Ordezkarien Ganberak onartu zuen Ukrainari laguntza militarrean 61.000 milioi dolarreko —57.000 milioi euro inguruko— diru sail bat emateko lege proiektua, eta gaur goizaldean Senatuaren txanda izan da. Aurreikusi bezala, senatari demokrata eta errepublikano gehienen babesarekin atera dute aurrera. 79 senatarik bozkatu dute alde, eta 18k kontra. Joe Biden AEBetako presidentea gaur da legea sinatzekoa, eta orduan sartuko da indarrean.
Demokratek dute gehiengoa goi ganberan, eta hango beren lider Chuck Schumerrek nabarmendu du lege proiektu hori aurrera ateratzea izan dela Senatuaren azken urteetako «lorpen handienetako bat». Demokratek iazko irailean aurkeztu zuten Kongresuan, eta errepublikanoen sektorerik kontserbadoreenak ahalegina egin du tramitazioa oztopatzeko, edo, trukean, onartzekotan, AEBek migrazio politikak gogortu beharko lituzketela eskatzeko.
Diru sailak barruan hartzen ditu, gainera, Israeli laguntza militarrean emango dizkioten 26.400 milioi dolarrak —24.700 milioi euro inguru—, eta Taiwani emango dizkioten 8.100 milioi dolarrak —7.600 milioi euro inguru—. Schumerrek osoko bilkuran adierazi duenez, lege proiektu hori onartuta, «mezu bat» bidali diote AEBek munduari: «Beti defendatuko dugu demokrazia». Eta gaineratu du «hitzemandakoa» beteko dutela, eta jarraituko dutela «lider baten gisara» jokatzen «munduko jokalekuan».
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak eskerrak eman dizkie Senatuko ordezkari errepublikano eta demokratei. Sare sozialetan idatzitako mezuan azpimarratu du bozketak «indartu» egiten duela «AEBek mundu askean duten lidergoa». Zelenskik hilabeteak zeramatzan laguntza militar handiagoa eskatzen, argudiatuta hori gabe Errusiaren kontra zereginik ez luketela edukiko gudu zelaian. Kremlinek azken egunetan adierazi duenez, baina, AEBak alferrik ari dira Ukrainari laguntzen.
Batez ere, aireko defentsa sistemak eta munizioa eskatzen ari da Zelenski, eta Bidenek ohar batean adierazi du saiatuko direla ekipamendu militarra aste honetan bertan bidaltzen.