AEB Ameriketako Estatu Batuen irismen handiko misilak Errusian erabiltzeak areagotuko egingo du herrialde horrek Ukrainako gerran duen inplikazioa, Errusiako Gobernuaren arabera. Tentsioa areagotzea ekarriko duela ere esan du gaur Dmitri Peskov Kremlinen bozeramaileak, gaur, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan. AEBetako zenbait hedabidek atzo gauean jakinarazi zuten Joe Biden AEBetako presidenteak baimena emango diola Kievi ATACMS misilak Errusian erabiltzeko.
Erlazionatuta
Ukraina armaz hornitu du Mendebaldeak Errusiari aurre egiteko; orain arte, baina, arma horiek herrialdearen barnean erabiltzeko baimena baino ez zuen Kievek. Bidenen erabakia babestu du Josep Borrell EB Europako Batasuneko diplomaziaburuak, eta EBko estatu kideei proposatu die Kievi emandako armak Errusian erabiltzea baimentzeko: «Behin eta berriz esan dut: Emandako armak erabiltzeko aukera izan behar du Ukrainak, geziak geldiarazteko zein arkulariari eraso egiteko».
EBko Atzerri ministroen bilkura egiten ari dira Bruselan, eta han mintzatu da Borrell —datorren hilabetean amaituko du bere agintaldia EBko diplomaziaburu karguan—. Bilkura berean, zenbait ministrok babestu dute AEBen erabakia; hala nola Herbehereetakoak zein Alemaniakoak. Frantziako Atzerri ministro Jean-Noel Barrotek jakinarazi du Paris ere AEBen bidea jarraitzea planteatzen ari dela: «Aukera bat da, eta kontuan hartuko dugu».
Azken hilabeteotan, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak etengabe eskatu dio Bideni ATACMS misilak erabili ahal izatea. Bidenek baimena eman zuela jakin ostean, Zelenskik zera esan zuen atzo gauean emandako hitzaldian: «Halakoak ez dira iragartzen, misilak euren kabuz mintzo dira». AEBek emaniko ATACMS misilek 300 kilometroko irismena dute; horiekin, Errusiaren barnealdera irits daiteke Kiev.
The Washington Post eta The New York Times egunkariek bart zabaldutako informazioaren arabera, Ipar Koreak Ukrainako gerrara tropak bidali dituelako baimendu dio Bidenek Kievi ATACMS misilak Errusian erabiltzea. AEBen arabera, Piongiangek 10.000 soldadu inguru bidali ditu Errusiako militarrei laguntzera.
Erabilpen mugatua
Edonola ere, informazio horietan Etxe Zuriko iturriek zehaztu dutenez, Bidenen erabakiak muga bat dauka: Ukrainak bere tropak defendatzeko erabili ahalko ditu misilok, Errusiako Kursk eskualdean. Udatik, Ukrainak okupaturik dauka eskualde horren puska bat, eta, orain, Ipar Koreako eta Errusiako soldaduak hura berreskuratzeko ahaleginetan dabiltza.
Misil horien erabilpena mugatuta, gatazkaren bilakaera ez da aldatuko, iturri ofizialek esandakoaren arabera; Ipar Koreari mezu bat bidali nahi diote, tropa gehiago bidal ez ditzan.
Mosku, ostera, ez da iritzi berekoa. Vladimir Putin Errusiako presidenteak irailean esandakoak ekarri ditu gogora Peskov Kremlinen bozeramaileak. Putinek adierazi zuen halako neurriak esan nahiko lukeela NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea zuzenean gerran parte hartzen ari dela. Eta gaineratu zuenez, hori gertatuz gero, Errusiak mehatxuari aurre egiteko beharrezko neurrik hartuko ditu.
Donald Trump AEBetako presidente hautatuak urtarrilaren 20an hartuko du kargua, eta agindua du Ukrainako gerra amaituko duela, nahiz eta ez duen zehaztu nola. Neurri honekin, Etxe Zuriak bake negoziazioetarako «ahalik eta jokalekurik onenean» utzi nahi du Ukraina, iturri ofizialek AEBetako hedabideei adierazi dietenez.
Itzalaldiak Ukrainan
Asteburuan erasoak areagotu ditu Errusiako armadak. Gaur, hamar pertsona hil ditu Odesa hirian, herrialdearen hego-mendebaldean, gerra fronteetatik urrun. Herrialdeko larrialdi zerbitzuek beren Telegram kanalean zehaztu dutenez, hiriko bizitoki eramu bat jo du Moskuk jaurtitako misil batek.
Atzo gauean, herrialdeko beste muturrean dagoen Sumi hiria bonbardatu zuen; Ukrainako ipar-ekialdean dago, eta Errusiako Kursk eskualdearekin egiten du muga. 11 pertsona hil zituen eraso hartan, tartean bi haur.
Aurrez, Ukrainako energia azpiegiturei egin zien eraso Moskuk. Zelenskik emandako datuen arabera, 120 misil eta 90 drone erabili zituen Errusiak eraso horietan; abuztutik ez zuen tamaina horretako erasorik egin. Azpiegiturak hondatuta, Ukrainako Gobernuak energia errazionamendua ezarri du herrialdean. Zortzi ordutik gorako itzalaldiak izango dituzte gaur Ukrainako eskualde gehienetan.
Gerra fronteetatik kanpoko azpiegiturei egin zien eraso Errusiako armadak, herrialdearen mendebaldeko eta erdialdeko guneetan. Zazpi pertsona hil zituzten. Eraso horiek Putinekin hitz egin duten liderrei emandako erantzuna izan direla aipatu zuen atzo Andrii Sibiha Ukrainako Atzerri ministroak. Ostiralean telefonoz hitz egin zuten Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak Putinekin, 2022tik lehen aldiz. Horrek Ukrainako agintarien ezinegona sortu zuen. Zelenskik Scholzen erabakia gaitzetsi zuen, argudiatuz elkarrizketa horrek beste agintari batzuk bultzatu ditzakeela Putinekin hitz egitera, eta horrek Errusiari mesede egiten diola.