EB-UKRAINA

Ukrainari 50.000 milioi euroko diru laguntza bat ematea onartu du Europar Kontseiluak

Hungariak betoa kendu du, eta EBko estatuek aho batez hartu dute 2027ra bitartean Ukrainari laguntzeko erabakia. Kontzesio bat egin diote Orbani: bi urte barru laguntza gainbegiratzeko aukera egongo da.

VIKTOR ORBAN. HUNGARIA.
Viktor Orban Hungariako lehen ministroa gaur Bruselan, eskuinean Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra duela. EFE
Igor Susaeta.
2024ko otsailaren 1a
12:25
Entzun

Kievek arnasa hartu du, EBko Europako Batasuneko estatuburuek eta gobernuburuek onartu baitute, gaur, Bruselan, 50.000 milioi euroko diru sail bat, 2027ra bitartean Ukrainari laguntza ekonomikoa, militarra, diplomatikoa eta humanitarioa emateko. Aho batez hartu dute erabakia, Hungariak, azkenean, amore eman, eta betoa kendu baitio sail horri. Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik eskerrak eman dizkie EBko agintariei, azken asteetan ohartarazi izan baitu laguntza hori jasotzea ezinbestekoa zela herrialde eta estatu gisa bizirik iraungo badute.

Azken asteetan mantendutako betoa kentzearen truke, bi kontzesio egin dizkiote Viktor Orban Hungariako lehen ministroari. Batetik, urtero eztabaidatzea laguntzaz, baina horri betoa jartzeko aukera baztertuta. Bestetik, behin bi urte pasatuta, Europar Kontseiluak aukera edukitzea laguntza gainbegiratzeko. Azken egunetan plazaratu dutenaren arabera, Hungariak nahi zuen saila urtez urte onartzen joatea, aho batez; hau da, beto eskubideari eutsita. Ez du hori lortu, ordea. Beraz, Bruselan ere arnasa hartu dute.

Zenbait hedabidek itunaren zirriborrorako sarbidea eduki dute, eta, kaleratu dutenez, paragrafo batean gehitu dute zuzenbide estatua urratzeagatik talde komunitarioko kideei funtsak blokeatzeko ezarritako neurriek «urraketaren ondorioaren neurri berekoak» izan behar dutela. Izan ere, Hungariak nabarmendu zuen, joan den abendu erdialdean, iazko azken Europar Kontseiluan, Ukrainarentzako dirua onartzeko prest legokeela, betiere zuzenbide estatua urratzea egotzita klubak blokeatu dizkion 21.000 milioi euro desblokeatzen badizkiote. Orbanentzat, gainera, Ukrainarentzako laguntzak ez luke talde komunitarioaren aurrekontutik atera beharko. Horretatik bideratzekoak dira, ordea.

Sei aste pasatu dituzte Hungariarekin negoziatzen, eta gaurko Europar Kontseilua propio egin dute diru sail hori onartzen ahalegintzeko. Frantziako, Alemaniako, eta Italiako liderrekin bildu zen atzo gauean eta gaur goizean Orban—hori erakusten duen argazki bat jarri du Hungariako lehen ministroak X sare sozialean—, eta haren inguruko iturriak plazaratzen ari ziren mezuek kontrakoa zioten arren, eguerdia baino lehen akordio bat lortu dutela jakinarazteko mezu bat idatzi du Charles Michel Europar Kontseiluaren presidenteak, X sare sozialean. Michelek ondoren azpimarratu du onartutako sailaren bidez «ziurtatu» dutela Ukrainarentzako «epe luzerako laguntza sendo bat». Gaineratu du badakitela zer dagoen «jokoan».

Hain justu, Josep Borrell EBren diplomaziaburua antzera mintzatu da, Europar Kontseilua hasi aurretik. «Azpimarratu nahi dut Errusia Ukrainaren kontra egiten ari den gerra dela Europaren segurtasunarentzako mehatxurik handiena. Ukrainari lagundu behar diogu; ez badugu egiten, prezio handiagoa ordainduko dugu». Eta Zelenskiren X sare sozialean azaldu duenez, «oso inportantea» da hartutako erabakia, erakusten baitu  «EBren batasunaren indarra».

Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik bi urte bete behar diren honetan —hilaren 24an—, EBk mezu bat bidalio dio Moskuri: Ukraina babesten jarraituko dugu. Izan ere, ikusita azken asteetako zalantzak eta AEBek laguntza militarra eten duela —61.000 milioi dolarreko, 55.000 milioi euro inguruko, sail bat blokeatuta dago hango Kongresuan, abendutik—, Vladimir Putin Kremlineko burua azpimarratzen ari zen Mendebaldeak Kievi emandako laguntza ahultzen ari zela.

Azkeneko bi urteotan AEBetako Gobernuak 75.000 milioi dolar inguru, hau da, 69.000 milioi euro eman dizkio Ukrainari, eta EBk, gaur onartutako saila albo batera utzita, 85.000 milioi euro. Diru hori guztia bideratuta dago bai laguntza militarrera, bai estatuaren funtzionamendurako beharrezkoak diren zereginetara.

Erasoak azpiegiturei

Ukrainako Gobernuaren arabera, «ziurrenik» areagotu egingo dira Errusiako energia instalazioen kontra egiten ari diren erasoak. Hori nabarmendu du Kirilo Budanov espioitza zerbitzuko arduradunak, gaur, sare sozialetan. Urtea hasi denetik Errusiako gas eta petrolio instalazioen aurkako gutxienez lau eraso egin ditu Ukrainak, droneak erabilita.

Duela gutxira arte, Ukrainako agintariek ez zuten bere gain hartzen Errusiako instalazioei egindako erasoen egiletza, baina azken asteetan horiek aldarrikatzen hasi dira. Budanoven esanetan, «plan bat» jarraituz ari dira bonbardaketa horiek egiten, eta iruditzen zaio «bidezkoak» direla, Errusiak ere Ukrainako energia instalazioei eraso egiten baitie.

Eta Ukrainako espioitza zerbitzuko arduradunaren adierazpenak iritsi dira, hain zuzen, noiz eta horren guztiaren harira Washingtonek Moskuri ohartarazpen bat egin ondoren. Victoria Nuland AEB Estatu idazkariordea Kieven izan zen atzo, eta adierazi zuen Ukrainak bere defentsak indartu ahala gudu zelaian «ezusteko desatseginak» emango dizkiola Errusiari. Mendebaldeko potentziek, nolanahi ere, ez dute begi onez ikusi, orain arte, behintzat, Ukrainak Errusiako lurrei eraso egitea beraiek emandako armak erabiliz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.