GERRA UKRAINAN

Ukrainarentzat, ez odolusteko dirua ez da aski

Ezohiko Europar Kontseilua egingo dute gaur, Ukrainari 50.000 milioi euro ematea adosteko helburuarekin. Kieven ustez, diru sail hori onartzea ezinbestekoa da bizirik iraungo badute.

UKRAINAKO ARMADA. GERRA.
Ukrainako armadako kide bat obus batekin Zaporizhia inguruan, joan den urtarrilaren 14an. EFE
Igor Susaeta.
2024ko otsailaren 1a
05:05
Entzun

EB Europako Batasuna esaten ari da baietz, Ukrainari 50.000 milioi euroko diru laguntza bat emango diola, baina azken hilabeteetan ez da hori onartzeko gauza izan. Eta herrialde horretako agintariak gero eta urduriago jartzen hasi dira, ikusten ari baitira AEB Ameriketako Estatu Batuek eten egin dutela laguntza militarraren jarioa, eta, aldi berean, talde komunitarioak eta beren kideek plazaratzen dituzten mezuek iradokitzen baitute pitzadura batzuk agertzen hasi direla ia duela bi urte Errusiako armadak hasi zuen inbasioaren ondoren emandako babes irmoan. Hori ikusirik, 2027ra bitartean Ukrainari laguntza ekonomikoa, militarra, diplomatikoa eta humanitarioa emateko diru sail hori onartzea «bizirik irauteko kontu bat» dela nabarmendu zuen Olga Stefanixina Ukraina Europan eta Eremu Euroatlantikoan Integratzeko Ukrainako lehen ministrordeak, Europako Parlamentuan, joan den urtarrilaren 9an. Sail hori onartzen ahalegintzeko, estatu kideetako estatuburuek eta gobernuburuek ezohiko Europar Kontseilua egingo dute gaur Bruselan.

Hungariak betoa jarria dio laguntza horri. Hori kentzeko prest dago, bai, baina baldintza batekin: taldea komunitarioak desblokeatu ditzala Hungariarentzako funtsak —21.000 milioi euro inguru—. Blokeatuta daude, zuzenbide estatua urratzea leporatzen diotelako. Viktor Orban Hungariako lehen ministroaren arabera, Ukrainarentzako laguntzak ez luke EBren aurrekontutik atera beharko; eta ateratzekotan, uste du Budapestek, saila urtero onartu beharko litzateke, aho batez.  Budapestek betoa mantentzen badu, klubean ez dute baztertzen beste bide bat erabiltzea diru hori biltzeko.

Bitartean, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak laguntza militar handiagoa eskatzen du, eta ez da konformatzen Mendebaldearen elkartasunarekin. «Mundu guztiak irribarretsu hartzen zaitu, besarkatu egiten zaitu, eta esaten dizute lider indartsu bat zarela, demokrazia salbatzen ari zarela... Nahikoa da!», kexatu zen iragan urtarrilaren 21ean Erresuma Batuko Channel 4 telebista katean egin zioten elkarrizketa batean. Iruditzen zaio «mundu guztiak» ez duela «ulertzen» zer dagoen jokoan Ukrainan. Eta horren erakusle, presidentearen ustez, Danimarkak eta Herbehereek armadari entregatu behar zizkioten F-16 gerra hegazkinak oraindik ez direla Ukrainara iritsi, nahiz eta urtea hasieran ziren hara ailegatzekoak. Danimarkako Berlingske egunkariak hango Defentsa Ministerioaren iturriak aipatuz urte hasieran kaleratutako informazioan jaso zuenez, ez dira bete pilotu ukrainarrek abioi horiek erabili ahal izateko baldintzak. Aurreikusten dute bigarren seihilekoan entregatzea zortzi F-16. «Denbora aurrera doa, eta jendea hil eta hil ari da», nabarmendu zuen Zelenskik.

VOLODIMIR ZELENSKI. UKRAINA
Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea agerraldi batean, Kieven, urtarrilaren 22an. EFE

Eta Ukrainako estatuburuaren gogaitzea eta urduritasuna antzemanda, Vladimir Putin Errusiako presidenteak pozik igurzten ditu eskuak, asebeteta, eta, ahal duen aldiro, abagunea baliatzen du Kievi ohartarazteko eta Zelenskiri aurpegiratzeko Mendebaldeak eman dien babesa ahultzen ari dela. «Ukrainak, egun, ez du ia ezer ekoizten. Doan jasotzen du dena. Baina opari horiek bukatu egin daitezke egunen batean, eta, antza, amaitzen ari dira», esan zuen joan den abenduaren 13an, agerraldi batean.

Aste batzuk geroago, urte berriarekin batera, Washingtonek Kremlineko buruaren tesia indartu zuen, neurri batean. «Ematen ari ginen laguntza guztiz eten da», jakinarazi zuen John Kirby AEBetako Segurtasun Nazionalerako Kontseiluaren bozeramaileak, joan den urtarrilaren 11n. Etxe Zuriaren zeregin horretarako aurrekontua agortu da, beraz. Joe Biden AEBetako presidenteak Kongresuari eskatu dio onartu dezala 61.000 milioi dolarreko diru sail bat Ukrainarentzat —55.000 milioi euro inguru—. Senatuak, baina, blokeatu egin zuen iragan abendu hasieran, eta egoerak bere horretan segitzen du ia bi hilabete geroago. Errepublikanoak kontra daude, eta, aurrera ateratzearen truke, demokratei eskatzen diete migrazio politikak gogortzeko.

Jaurtigaiak aurrezten

Batetik, presidentetzarako hauteskundeen atarian daude AEBetan —azaroaren 5ean egitekoak dira—, eta, hortaz, posizioak zehazten ari dira batzuk zein besteak. Bestetik, azken bi urteetan Ukrainari emandako laguntzaren baliagarritasunari buruzko eztabaida bat dago herrialdean. 2022ko abenduan Kongresuan mintzatu zen Zelenski, eta beso zabalik hartu zuten. Urte hartako irailean, kontraeraso azkar baten bidez, inbasioaren lehen asteetan Errusiak hartutako 3.000 kilometro koadro inguru berreskuratu zituen Ukrainak. Orduan, Kievek esan zion Mendebaldeari armaz hornitzen jarraitzen bazuen Errusiari are min gehiago egingo ziola, udaberri inguruan hastekoa zen beste kontraeraso baten bidez. Txalo jo zioten. Kontraeraso hori ekainean hasi zen, baina ez da Ukrainako presidenteak iragarritakoa gertatu, frontea ia ez baita mugitu ere egin. Horrenbestez, urtebete lehenago ez bezala, aurreko abenduan hotz hartu zuten Zelenski Washingtonen.

2022ko otsailean Errusiak inbasioa hasi zuenetik, AEBetako Gobernuak 75.000 milioi dolar inguru, hau da, 69.000 milioi euro eman dizkio Ukrainari —azken saila, 229 milioi eurokoa, abendu amaieran onartu zuen—; diru horren %60 inguru, 40.000 milioi, laguntza militarrerako izan da. EBk 85.000 milioi euro eman dizkio Ukrainari, eta zeregin militarrerako entregatutakoa AEBen kopurua baino txikiagoa da: 27.000.

Eta Ukrainak baditu Mendebaldearen jarrera dela-eta errezeloak edukitzeko motibo gehiago. Aurreko maiatzean, EBk onartu zuen 500 milioi euro jartzea aurtengo martxora bitartean milioi bat jaurtigai egiteko eta Ukrainari emateko. Azarora bitarte 300.000 emanak zizkion, baina, aste batzuk geroago, Charles Michel Europar Kontseiluko presidenteak aitortu zuen, jendaurrean, denbora gehiago beharko zutela jaurtigai horiek guztiak ekoizteko eta Kievi entregatzeko. «Baina egingo dugu». Azken finean, lubaki gerra bat izaten ari da Ukrainakoa, eta, orduan, jaurtigaiak behar dituzte soldaduek.

Duela gutxi, ordea, armadako kide batek BBC Erresuma Batuko telebista kateari adierazi zion jaurtigaiak «aurrezten» ari zirela. Hala eta guztiz ere, jaurtigaiak, gerra hegazkinak, misilak, tankeak eta beste molde bateko ekipamendua gorabehera, herrialdearen hego-ekialdean borrokatzen ari den brigada bateko buru batek abenduan Espainiako El País egunkariari aitortu zion jasotako laguntza militarrak  «ez odolusteko» balio duela; ez, aldiz, gudu zelaian «aurrera egiteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.