Ukrainaren eraso batek kalteak eragin ditu Krimeako zubian

Kievek bigarren egunez jarraian egin dio eraso anexioaren ikurretako bati. Trafikoa eten behar izan dute. Zelenskik erasoa txalotu du.

Krimeako zubia gaur, hondatuta, Zelenskik sare sozialetara igotako argazki batean. EFE
Krimeako zubia gaur, hondatuta, Zelenskik sare sozialetara igotako argazki batean. EFE
Igor Susaeta.
2026ko azaroaren 17a
11:28
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bigarren egunez jarraian, Krimearen anexioaren ikurretako bat bonbardatu du Ukrainak. Droneak baliatuta, aireko eraso bat egin du goizaldean Krimeako penintsula eta Errusia hegoaldea lotzen dituen Kertxeko zubiaren kontra. Errusiak esan du erasoak kalteak eragin dituela azpiegitura horretan. Autoritateek trafikoa eten behar izan dute; erasoaldiak, bide batez, bi pertsona hil ditu, Krimeako iturri ofizialek jakinarazi dutenez.

Atzo ere azpiegitura horri eraso egin zion Ukrainak droneekin, eta arkuetako bat hondatu. Agintariek trafikoa eten zuten, baina ordu batzuk geroago berrezarri. Gaurko erasoaren ondorioz, ordea, ehunka metroko zati bat itsasora erori da. Hori kaleratu dute hainbat hedabidek, Ukrainako iturriak aipatuz.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak erasoa txalotu du sare sozialetan. «Errusiari gogorarazi nahi diogu gerra beti itzuli ohi dela hasi zen tokira». Errusiako Gobernuak, bestalde, bilera batera deitu du egoerari erantzuteko. Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek eguneroko prentsaurrekoan esan du berreraikitze lanen ondoren «are hobeto» geratuko dela zubia.

Europako zubirik luzeena da Kertxekoa. Hemeretzi kilometro ditu, eta Azoveko itsasoren eta Itsaso Beltzaren artean dago, Kertxeko itsasartean. Kremlinek 2014an gauzatutako anexioaren sinboloetako bat da, eta Vladimir Putin Errusiako presidenteak berak inauguratu zuen, 2018ko maiatzean.

2022ko otsailean Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik, Kiev behin baino gehiagotan ahalegindu izan da azpiegitura horri eraso egiten, eta 2022ko urrian, esaterako, leherketa batek zubiaren zati bat hondatu eta lau pertsona hil zituen. Eraso haren ondorioz, zubiaren erabilera mugatua geratu zen hainbat hilabetez. Errusiarentzat, Krimea jotzea da zeharkatu ezinezko marra gorrietako bat, eta esan izan du penintsularen kontrako erasorik izanez gero ez duela zalantzarik edukiko erantzuteko orduan.

Zubiak Errusiako Krasnodar eskualdea eta Krimea lotzen ditu, eta Moskuk azpiegitura horren bidez hornitzen zituen bere tropak. Egun, ordea, han bizi direnek eta bisitariek baliatzen dute nagusiki, inbasioak aurrera egin ahala armada hornitzeko lurreko korridore bat eraiki baitu Errusiak, Ukrainan okupatutako lurretan. Itsasarte horretatik igarotzen dira, gainera, zerealak, petrolioa eta beste garraiatzen dituzten zamaontziak.

Moskuko iturri ofizialek adierazi dutenez, Ukrainak gaur goizaldean Errusiaren aurka egindako eraso ahalegina azken urteetako handiena da. Izan ere, Defentsa Ministerioak emandako datuen arabera, Ukrainak jaurtitako 1.440 drone erorarazi dituzte Errusiako 22 probintziatan; 1.335 izan ziren atzo.  

Iturri ofizialek esan dute drone batzuek instalazio petrokimiko bat jo dutela Baxkiria probintzian, Kazakhstandik gertu, baina ez dutela kalte larririk eragin.

Kertxeko zubiari egindako erasoaren ondorioz, ordea, trafikoa itxi dute, eta garraiolariak transbordadoreetan ari dira zeharkatzen itsasartea. Zubiak lau bide ditu ibilgailuentzat —bi norabide bakoitzean—, eta bi trenbide, norabide bakoitzeko bat.

Bestalde, Moskuk Kieveko bi zubiri eraso egin die, Errusiako Defentsa Ministerioak ohar batean esan duenez. Vitali Klitxko Ukrainako hiriburuko alkateak hori bera baieztatu du sare sozialetan, eta zehaztu horrek metroaren jardunari eragin diola, eta leku batzuetan ur eta argindar hornidura moztu dutela. Ukrainako iturri ofizialek adierazi dute, gainera, Errusiak beste hainbat probintzia bonbardatu dituela. Ez du biktimarik eragin.

Europaren rolaz

AEBek baietz uste dute, baina ez dago argi Europako potentziek parte hartuko ote duten Errusia eta Ukraina egitekoak diren hurrengo bileran, Washington bitartekari dela —ez dute eguna jarri—. Horren harira, Peskov Kremlineko bozeramaileak gaur Errusiako telebista kate batean egin dioten elkarrizketa batean azpimarratu du Europako herrialdeek ez dutela bakerik nahi, eta «Errusiaren porrot estrategikoa» dutela helburu. «Orduan, nekez eduki dezakete rol garrantzitsu bat».

EB Europako Batasuneko kideek horri buruz hitz egiteko bilera bat egin zuten joan den astean Dublinen, eta adostu zuten Alemania, Erresuma Batua, Frantzia, Italia eta Polonia izatea ordezkariak.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA