Ukrainarako marra gorriak zehaztuta, Europak AEBekin negoziatzen jarraituko du

Bihar batzartuko dira Ukrainako, AEBetako, Erresuma Batuko, Frantziako eta Alemaniako ordezkariak, Londresen. Errusiak eraso egin die Zaporizhia eta Odesa hiriei, eta gutxienez pertsona bat hil du.

Eraikin bat sutan Errusiako droneek eraso egin ostean, gaur, Odesan. EFE
Eraikin bat sutan Errusiako droneek eraso egin ostean, gaur, Odesan. EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko apirilaren 22a
15:19
Entzun 00:00:0000:00:00

Errusiaren eta Ukrainaren artean bitartekari lanetan ari dira AEB Ameriketako Estatu Batuak; hori ikusita, Europako potentziek erakutsi nahi dute beraiek ere badutela zeresana Ukrainako gerraren inguruan. Bihar, Frantziako, Erresuma Batuko eta Alemaniako ordezkariek bilkura bat egingo dute AEBetako eta Ukrainako ordezkariekin, Londresen. Iragan ostegunean, Parisen batzartu ziren. Orduko hartan, Europako herrialdeek Ukrainako gerraren inguruan beren marra gorriak zein diren jakinarazi zieten AEBei. Hala ziurtatu du gaur Jean-Noel Barrot Frantziako Atzerri ministroak France Info irrati katean: «AEBek bitartekari jarrera hartzea erabaki dutenez, gure marra gorriak zeintzuk diren entzunarazi diegu».

Barroten arabera, «Frantziaren interesak eta Europako segurtasuna defendatzea» dira Eliseoaren ardurak. Horregatik, bihar berriz batzartuko dira Etxe Zuriko ordezkariekin. Donald Trumpek urtarrilean AEBetako presidente kargua hartu zuenetik, AEBetako ordezkariek ostegunean egin zuten lehenengoz Ukrainari buruzko bilkura bat Europako potentziekin. Halere, Frantziako Atzerri ministroaren arabera, Vladimir Putin Errusiako presidenteak du azken hitza Ukrainarako su eten bat adosterakoan. Eta gaineratu duenez, asteburuan Putinek iragarritako menia «marketin ariketa hutsa» izan da, «Trump ez ernegarazteko». Izan ere, Etxe Zuriak Ukrainarako negoziazioak uzteko mehatxua egin zuen ostiralean, eta urratsak egiteko exijitu zien Kievi eta Moskuri. Biharamunean, Putinek 30 orduko menia iragarri zuen Pazko iganderako.

Bi aldeek su etena haustea egotzi bazioten ere elkarri, biek adierazi zuten menia akordio sakonago bat lortzeko asmoa zutela. Atzo, Putinek atea ireki zion Kievekin zuzenean negoziatzeari. Errusiako telebista publikoan iradoki zuen prest dagoela Ukrainarekin elkarrizketak edukitzeko: «Bake ekimen ororen aldeko jarrera dugu. Eta espero dugu Kieveko ordezkariek ere iritzi bera izatea». Kiev eta Mosku ez dira mahai berean eseri 2022ko apiriletik; Errusiak Ukrainako inbasioa hasi eta aste batzuetara egindako bake negoziazio haietatik, bi aldeak ez dira berriz elkarrekin batzartu.

Ukrainako presidente Volodimir Zelenskirentzat, «baldintzarik gabeko menia bat» lortzea da lehentasuna, eta, haren hitzetan, hori bera izango da biharko Londresko bilkuraren xedea. Iritzi berekoa da Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroa. Haren bulegoko bozeramaile batek atzo iluntzean jakinarazi zuenez, Stamerrek, Zelenskirekin hitz egin ostean, Ukrainaren eskaera babesten duela ziurtatu zuen. Gainera, Putini «erabateko menia» onartzeko deia egin zion: «Garaia da erakuts dezan gerra hau benetan amaitu nahi duela».

Zelenskiren proposamena

Ukrainako presidentea 30 orduko tregoa luzatzen ahalegindu zen herenegun iluntzean. Putini menia urratzea egotzi bazion ere, Zelenskik aitortu zuen 30 ordu horietan Errusiak ez zuela erasorik egin irismen luzeko misilekin eta droneekin. Hala, Putini proposatu zion 30 egunez eteteko gisa horretako erasoak eta energia azpiegituren aurkakoak. Eta gaur, azpiegitura zibilei eraso ez egiteko proposamena oraindik mahai gainean dagoela gogorarazi du Ukrainako presidenteak, sare sozialetan.

Gaur, Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek egunero eman ohi duen prentsaurrekoan esan du Putin prest dagoela Zelenskiren proposamena kontuan hartzeko, baina «gai konplexua» dela. Izan ere, Peskoven hitzetan, zehaztu behar da noiz izan daitezkeen azpiegitura zibilak helburu militar eta noiz ez. Eta gaineratu du, gaur-gaurkoz, ez dagoela «plan zehatzik» Moskuren eta Kieven arteko elkarrizketa zuzenak gauzatzeko.

Amaitu zen 30 orduko menia, eta bi aldeek erasoei berrekin diete. Errusiako armadak Zaporizhia eta Odesa hiriei egin die eraso, besteak beste. Ukrainako hedabideek jaso dutenez, Zaporizhia eskualdeko gobernadoreak jakinarazi du Zaporizhia hirian gutxienez pertsona bat hil dutela, eta beste 22 zauritu. Odesako agintarien arabera, hango erasoak hiru herritar zauritu ditu. Bestalde, Errusiako armadak jakinarazi duenez, azken orduetan Ukrainako armadaren hamar drone eraitsi ditu, Errusiako hainbat eskualdetan.

Errusiako armada kritikatzeagatik atxilotutako kazetari batek ihes egin du

Errusiako armadaren kontrako «informazio faltsua» zabaltzea egotzita, etxeko atxiloaldia betetzen ari zen Ekaterina Barabash kazetaria; ihes egin du ordea. Tass Errusiako berri agentziak atzo jakinarazi zuenez, Barabash bilatzeko eta atxilotzeko agindua ezarri du Kremlinek. Albiste agentziaren arabera, apirilaren 13an desagertu zen kazetaria. Otsailean hartu zuten atxilo, eta hamar urteko zigorra ezarri zioten sare sozialetan argitaratutako zenbait mezurengatik. Barabashek hainbatetan kritikatu zuen Ukrainako inbasioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.