Ukrainan bakea lortzeko plan bat adostu dute Europako agintariek, eta AEBek bat egitea nahi dute

Zelenskiri babesa eman diote Londresko goi bileran, baina agerian utzi dute AEBen beharra dutela gerra amaitzeko. Erresuma Batuak eta Frantziak gidatuko dituzte negoziazioak.

Londresen elkartu diren buruzagiak, gaur. JAVAD PARSA / EFE
Londresen elkartu diren buruzagiak, gaur. JAVAD PARSA / EFE
Paulo Ostolaza.
2025eko martxoaren 2a
20:00
Entzun

Kostako da herenegun Etxe Zurian zabaldutako zauria ixtea. Asteburuan Londresen elkartu diren Europako agintariek, ordea, argi dute ahalegina egin beharra dagoela, eta horretarako bake plan bat aurkeztu dute gaur. Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak egin ditu anfitrioi lanak, eta, hark azaldu duenez, «Erresuma Batuak, Frantziak eta beste herrialde batzuek» Ukrainarekin batera jarriko dute martxan «gerrari amaiera emateko plan bat», eta gero AEB Ameriketako Estatu Batuekin hitz egingo dute haiek ere bat egin dezaten.

Donald Trumpen gobernu berriak sortu duen klima ezegonkorra ikusita, giroa lasaitzeko saiakera bat izan da Londreskoa. Washingtonen gertatutakoak egoera delikatuan utzi du Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea, zeinak AEBen babesa ezinbestean behar baitu, eta Europako buruzagiek babesa helarazi diote. Halere, ahal den neurrian Trumpekiko tentsioa ez areagotzen ahalegindu dira.

Ukrainaren eta Errusiaren arteko bake akordio sendo bat osatzea zaila da AEBen babesik gabe, eta horren jakitun da Europa. Dena den, eurek lehen bermeak ezartzea hasiera bat izan daiteke, eta hori da bakerako planean zehaztu duten bide orria. Laburbilduz, iniziatiba Washingtoni utzi beharrean, aurrerapauso bat ematea erabaki dute Europako buruzagiek. «Oso une garrantzitsua da hau Europaren segurtasunarentzat», azpimarratu du Starmerrek.

Bi ordu inguru iraun du gaurko bilerak, eta han izan dira EB Europako Batasuneko buruak —Ursula Von der Leyen eta Antonio Costa—, Mark Rutte NATOko idazkari nagusia eta herrialde ugaritako buruzagiak: Frantziako Emmanuel Macron, Alemaniako Olaf Scholz, Italiako Giorgia Meloni, Kanadako Justin Trudeau, Espainiako Pedro Sanchez...

Zelenski, Starmer eta Macron, gaur, Londresen. JUSTIN TALLIS / EFE
Zelenski, Starmer eta Macron, gaur, Londresen. JUSTIN TALLIS / EFE

Amaitutakoan eman du Starmerrek erabaki dutenaren berri. Baga, hitzeman dute Ukrainari laguntza militarra ematen segituko dutela, eta Moskuri presio ekonomikoa egiten, negoziatzeko argudioak izateko. Biga, adostu dute Ukrainak negoziazio mahaian egon behar duela edozein bake akordio iraunkor sinatzerakoan, eta akordio horrek herrialdearen subiranotasuna eta segurtasuna bermatu behar dituela. Eta higa, bakerako itun hori lortuta ere, Ukrainaren defentsarako gaitasunak indartzen jarraituko dutela hitzartu dute, «etorkizuneko edozein inbasio ekiditeko».

«Bake akordio posible baten berme» izan daitezen, Ukrainara soldaduak bidaltzeko asmoa erakutsi dute Erresuma Batuak eta Frantziak, baina ez dute ideia horrekin bat egin Londresen elkartu diren zenbait herrialdek. Hori ikusirik, Starmerrek esan du «boluntarioen koalizio bat» osatu nahi dutela: «Nazio guztiek ezingo dute ekarpena egin, baina horrek ez du esan nahi geldirik egon behar dugunik».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.