Ukrainarako «bake justu» bat xede dutela bildu da Macron Trumpekin

Gaur bildu dira Frantziako estatuburua eta AEBetakoa Washingtonen, eta biak agertu dira «bake iraunkor» baten alde. Von der Leyenek esan du Ukraina 2030erako EBko kidea izan daitekeela.

Emmanuel Macron eta Donald Trump, gaur, Etxe Zurian. LUDOVIC MARIN / POOL/EFE)
Emmanuel Macron eta Donald Trump, gaur, Etxe Zurian. LUDOVIC MARIN / POOL/EFE)
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko otsailaren 24a
20:15
Entzun

Washingtonera egin du bidaia Emmanuel Macron Frantziako presidenteak bere homologo Donald Trumpekin biltzeko. Macronek argi iragarria du bilerak zer helburu zuen: «Ukrainarako bake justu, sendo eta iraunkor bat hitzartzea». Hala jakinarazi du bileraren aurretik, eta hura bukatuta ere, xede horren garrantzia berretsi du. Izan ere, duela hilabete Etxe Zurira heldu zenetik, Trumpek zalantzan jarria du AEB Ameriketako Estatu Batuek jarraitu behar ote duten Kievi laguntza ematen.

Horiek horrela, Macronek jakinarazi du Europak «pauso bat aurrera» emango duela bere buruaren eta Ukrainaren defentsan, baina argi utzi du nahitaezkoa dela AEBen parte hartze «handia» Ukrainarako bake akordio bat egin eta hari eutsi ahal izateko. Horretarako, elkarlanerako deia egin dio Etxe Zuriko maizterrari, eta adierazi EBk aliatu «indartsuagoa» izan nahi duela. Bi estatuburuek mahai gainean jarri zuten, halaber, Europak tropak Ukrainara bidaltzeko aukera, Errusiak akordioari oniritzia emanen balio. Adierazi zutenez, tropa horien helburua izanen litzateke «Ukrainan bakea eta segurtasuna bermatzea».

Macronek azpimarratu du «bakerako tropak» izango liratekeela; hau da, ez lirateke «borroka frontean» egonen, ezta «lurralde okupatuetan ere». Horrela, Europak «arduraren bere zatia» hartuko luke. Eta Errusiak akordioa urratuko balu, «esan nahiko luke itunaren parte diren guztiekin sartuko litzatekeela gatazkan». Macronen arabera, Europako herrialdeek baldintza horietan soldaduak bidaltzea ez da «epe luzera gerta daitekeena bezain arriskutsua». 

Etxe Zurian bildu ostean kazetarien galderei erantzun diete bi presidenteek, eta biek azpimarratu dute «bake iraunkor» baten garrantzia. Are gehiago, Trumpek esan du Ukrainaren eta Errusiaren arteko gatazka konpondu ezean «Hirugarren Mundu Gerra» has daitekeela. Esan du hori gerta ez dadin «oso akordio ona» jarri dutela mahai gainean. Gaur egungo negoziazioetan, ordea, ez dute ez Ukrainak ez EBk parte hartzen.

Trumpek zehaztu du Ukrainak nolabait konpentsatu behar duela AEBek hiru urteotan Ukrainari emaniko laguntza, eta proposamen zehatz bat egin dio: Washingtonen esku utz dezala Ukrainako mineralen ustiapena. Macronek ez du gaizki ikusi proposamena: «Lagungarri izan daiteke Ukrainako subiranotasuna bermatzeko». 

Kazetariek AEBetako presidenteari galdetu diote Errusiak okupatutako lurrak gerraren ostean mantenduko lituzkeen, eta Trumpek ez du erantzun argirik eman: «Ikusiko dugu; ez da zerbait erraza». EBk eta Ukrainak hasieratik jarri dute marra gorritzat Errusiak lur okupatu horiek Kievi itzultzea. Eta, Ukraina akordioaren aurka agertu daitekeen arren, Trumpek uste du bakea «gertu» dagoela. «Nire ustez, azkarrak baldin bagara, [Ukrainako] gerra gutxi barru amaitu daiteke, aste batzuk barru», esan zien kazetariei.

Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik hiru urte betetzen diren egunean, Macronek Trumpi eskatu dio Errusiako presidente Vladimir Putini presio egin diezaiola «benetako bake akordio bat» sinatu dezan. Trumpek iragarri duenez, Putinekin eta Zelenskirekin biltzekoa da. EBk negoziazioetan parte hartzerik ez izan arren, Etxe Zuriko maizterrak esan zuen rol garrantzitsua izan dezakeela gerraren biharamunean. Horrekin bat egin zuen du Putinek berak ere: esan du Errusiak begi onez ikusten duela Europak bake negoziazioetan parte hartzea, eta EB izan dela, orain arte, Kremlinekin harremanetan jartzeari uko egin diona.

EB Kieven

Gaur hiru urte bete dira Errusiako armadak Ukrainaren aurkako erasoa abiatu zuenetik, eta, hori dela eta, nazioarteko bilera bat antolatu du Zelenskik EBko eta beste herrialde batzuetako agintariekin. Batzordeak iragarri du martxoan 3.500 milioi euroko laguntza emango diola Ukrainari, eta, orain, Von der Leyenek jakinarazi du balitekeela EBk beste estatu kide bat izatea 2030ean: Ukraina. «Esango nuke Ukraina [Europako Batasuneko kide] izan litekeela 2030a baino lehen, betiere gaur egun duen aldaketak egiteko abiadurarekin eta kalitatearekin jarraituz gero», esan du Kieven. Europar Kontseiluko presidentea ere antzera mintzatu da. «Ukraina EBra sartzea izango da Ukrainaren etorkizunerako segurtasun bermerik handiena», adierazi du Costak.

EBko zenbait agintari Zelenskirekin bildu dira gaur, Kieven. GLEB GARANICH / POOL / EFE
Europako zenbait agintari Zelenskirekin bildu dira gaur, Kieven. GLEB GARANICH / POOL / EFE

Bilera amaitu denean prentsaurreko bat eman du Zelenskik, eta bertan esan du Errusia arrisku bat dela haren inguruko herrialdeentzat: «Errusiaren eraginpean egon diren herrialde guztiak, Sobietar Batasuneko kide izan zirenak, Ukrainan gertatzen denaren antzeko zerbait pairatzeko arriskuan daude gaur egun». Gainera, bake «justu» baten beharra aldarrikatu duen arren, esan du zaila dela «justiziaz» hitz egitea  «Errusiak zer egin duen». aintzat hartuta. «[Errusiak egindako sarraskia] Ez dugu inoiz ahaztuko; ezinezkoa da», azpimarratu du.

NBE-k Ukrainaren aldeko bi ebazpen onartu ditu, AEB-en aurka

NBE Nazio batuen Erakundeko Batzar Nagusiak bi ebazpen onartu berri ditu Ukrainaren eta Errusiaren arteko gerraren amaitzearen alde. Lehenengoa EB Europako Batasunak eta Ukrainak proposatutakoa izan da, eta, AEB Ameriketako Estatu Batuek ez dute haren alde egin, iragarri bezala. Hala ere, aurrera egin du aldeko 93 botorekin. Bigarrena AEBek proposatutakoa izan da. 93 boto izan ditu alde, eta AEBak abstenitu egin dira. Izan ere, EBko herrialdeek proposatutako eta onartutako hiru zuzenketek testua aldatzen zutela iritzi zioten AEBek. Aldaketekin, Ukrainaren «lurralde osotasuna» errespetatzea eskatzen du testuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.