Erresuma Batuko lehen ministro Keir Starmerrek behin baino gehiagotan esan du prest legokeela soldaduak Ukrainara bidaltzeko, Kieven eta Moskuren artean su eten akordio bat egonez gero. Gobernuburuaren arabera, «bakeari eusteko operazioak» egitea litzateke militar horien helburua. Erresuma Batuko tropak Ukrainan zabaltzeko, hala ere, bi baldintza jarri ditu Starmerrek: alde batetik, Europako beste herrialdeek ere operazio horietan parte hartzea; eta, bestetik, Errusiaren eta Ukrainaren arteko meniak «baldintza egokiak» izatea. Azken puntu horretaz aritu dira, bestek beste, Starmer eta AEBetako presidente Donald Trump gaur, Etxe Zurian.
Erresuma Batuko lehen ministroa atzo heldu zen Washingtonera, eta, kazetariei esan zienez, AEBek Europako «bakerako tropen segurtasuna bermatzea» nahi du. Izan ere, Starmerren ustez tropa horiek Ukrainan zabaltzea da «luzera begira bakea» izateko aukera bakarra. Lehen ministroak nabarmendu zuen «indarkeria aldi baterako etetea» izango dela menia, su etena hitzartu arren Mendebaldeak ez badu presentziarik Ukrainan, eta edonoiz gerra berriz has daitekeela.
Trump, ostera, argi mintzatu da: «Su etena hitzartuz gero, [Errusiako presidente Vladimir] Putinek ez du beste eraso bat abiaraziko Ukrainaren aurka». Bake akordiorako bidearen lehen pausoa, halere, Ukraina AEBekin bihar sinatzekoa den mineralen inguruko hitzarmena dela esan du Trumpek, Etxe Zurian Starmerrekin batera egin dituen adierazpenetan. Trumpek azken egunetan aditzera eman duenez, akordio horrek AEBetako enpresei aukera emango lieke Ukrainako meatzeetan aritzeko, eta AEBetako presidenteak azpimarratu du hori dela «segurtasunerako bermerik handiena»: «Segurtasun berme bat dela esan liteke. Ez dut uste inork Ukrainari eraso egingo dionik han langile asko baditugu eta zerikusia badugu lur arraroekin eta gure herriarentzat behar ditugun beste gauza batzuekin».
Gerra hasi zenetik, AEBak Ukrainaren alde lerratu dira; baina, urtarrilean Trump Etxe Zurira heldu zenetik, atzerri politika aldatu du Washingtonek, eta Errusiarengana gerturatu da. Are gehiago, Trumpek adierazi izan du Ukrainarako menia AEBek eta Errusiak negoziatu beharko luketela —eta esan du akordio bat lortzeko zorian egon litezkeela—. Jarrera horrek zeresana eman du Europan, eta AEBekin elkarlanean aritzeko beharra aldarrikatu dute hainbat agintarik. Washington aliatu gisa mantentzeko helburuarekin bildu zen astelehenean Frantziako presidente Emmanuel Macron Trumpekin, eta, gaur, Starmerrek presio egiten jarraitu du.
Mezu bera eraman zuen Macronek Etxe Zurira; izan ere, Europako agintariek azken hilabetean babestu duten tesiaren arabera, bestelako bake akordio batek ezegonkortasuna eragingo luke Europan. Eta, Trumpi adierazi izan diotenez, ezegonkortasun horrek eragin zuzena izango luke AEBetan ere.
Europaren ardura
Trump izan zen aurrenekoa proposatzen Europak «bakerako tropak» zabaldu beharko lituzkeela Ukrainan. Are gehiago, asteon esan du Errusia prest egon litekeela tropa horiek onartzeko, nahiz eta Moskuk ukatu duen halakorik. Etxe Zuriko maizterraren iritziz, «Europaren arazo bat» da Ukrainakoa, eta haiek arduratu beharko lukete bakea bermatzeaz.
Macron bat etorri zen adierazpen horiekin, eta Erresuma Batuak ere ildo beretik jo du: besteak beste, herrialdeko BPG barne produktu gordinaren %2,5 defentsara bideratuko dute 2027tik aurrera. Gaur egun, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko hiru kidek soilik bideratzen dute beren BPGaren %2,5 baino gehiago defentsara: Poloniak, AEBek eta Greziak. NATOri dagokionez, Trumpek gaur esan du Ukraina erakundean sartzea «ezinezkoa» dela.
Gauzak horrela, eta Europa batzeko asmoz, bilera bat antolatuko du Starmerrek igandean, Londresen, herrialdeek datozen urteetan egingo dituzten defentsa politikak koordinatzeko helburuarekin. NATOko hamazortzi herrialde egongo direla bertan jakinarazi berri du Starmerrek, Etxe Zurian; zeintzuk izango diren, halere, oraindik ez dute publiko egin.
Harremanak
Trumpek Errusiarekin harremanak hobetu nahi dituela adierazi izan du behin baino gehiagotan. Eta, xede horrekin, bi herrialdeetako ordezkaritzak bildu dira gaur Istanbulen (Turkia)r. Bilerak sei ordu inguru iraun du, eta, Errusiako presidente Vladimir Putinek herrialdeko zerbitzu sekretuei jakinarazi dienez, «bide onetik» joan dira. Are gehiago, TASS Errusiako berri agentziak kaleratu duenez, Putinek azpimarratu du bi herrialdeen arteko harremanak «bideratzeko» nahia dutela.
Ukrainako gerra hasi zenetik, 2022ko otsailean, bigarren aldiz bildu dira Washingtonen eta Moskuren ordezkaritzak. Iragan astean bildu ziren aurrenekoz, Riaden (Saudi Arabia). Bi aldeek azaldu dutenaren arabera, bilera horien helburua da «normaltasuna» berreskuratzea Errusiak AEBetan eta AEBek Errusian dituzten enbaxadetan. Izan ere, azken urteetan enbaxadako hainbat langile kanporatu dituzte herrialde horietatik.
Putinek, bestetik, adierazi du AEBen eta Errusiaren arteko bilerek hautsak harrotu dituztela Mendebaldean: «Mendebaldeko elite batzuek erabaki dute munduak ezegonkor segitzea. Hasitako elkarrizketa porrokatzen edo kolokan jartzen saiatuko dira».