Ukrainaz negoziatzen segitzen dute Errusiak eta Ameriketako Estatu Batuek, eta Etxe Zuriaren ordezkari Steve Witkoff Errusiako presidente Vladimir Putinekin batzartu da gaur Moskun. Hiru ordu iraun duen bilkuraren ondoren, Kremlingo nazioarterako aholkulari Juri Uxakovek jakinarazi du, telefono bidezko prentsaurreko batean, elkarrizketa «eraikitzailea» izan dela, eta lortu dutela AEBen eta Errusiaren arteko desberdintasun batzuk «konpontzea». Haren arabera, Moskuren eta Kieven arteko balizko negoziazio zuzenen inguruan ere hitz egin dute.
Donald Trumpek urtarrilaren 20an AEBetako presidente kargua hartu zuenetik elkarrekin biltzen diren laugarren aldia da, eta aurreko bileraren ondoren, duela bi aste, Witkoffek iradoki zuen Errusiak Ukrainan partzialki okupatutako eskualdeen —herrialde osoaren %20 inguru— estatusa dagoela bi aldeen arteko elkarrizketen muinean. Hain zuzen, azken egunetan argi geratu da aldeek zer jarrera duten auzi horren inguruan: Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak esan du Ukrainak ez diela uko egingo lurralde horiei; Errusiak adierazi du 2022ko otsailean hasitako inbasioaren ondorioz beregenatu dituen lurraldeetatik alde egitea ez dela aldagai bat gatazkari irtenbidea emateko ekuazioan, eta Trumpek ere antzeko zerbait plazaratu du. Dena dela, Errusiak eta Ukrainak elkarri erasotzen jarraitzen dute.
Auzian eragin nahian ari diren beste lider batzuek ere iradoki izan dute Ukrainak bere lurralde batasunari uko egin beharko diola, gatazka amaitzea badu helburu; Emmanuel Macron Frantziako presidentea da, esaterako, haietako bat, nahiz eta Eliseoak duela bi egun nabarmendu zuen, hain justu, lurralde batasun hori errespetatzea ezinbestekoa dela gerra bukatzeko. Eta Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak atzo esan zion The Daily Telegraph egunkariari Ukrainari berari dagokiola baldintzez erabakitzea. Dena den, Europako potentziak aritu beharrean —Frantzia, Alemania eta Erresuma Batua—, AEBak ari dira Errusiarekin eta Ukrainarekin hitz egiten.

Eta Ukrainan pisurik handienetakoa duen politikari batek ere, Vitali Klitxko Kieveko alkateak, aitortu du «agertokietako bat» izan daitekeela lurraldeei uko egitea; halaxe esan du gaur, BBC Radio 4 Erresuma Batuko irrati katean egin dioten elkarrizketan. «Ez litzateke bidezkoa izango, baina irtenbide bat izan liteke, beharbada, behin-behinean bakea lortzeko». Azpimarratu du, halere, ukrainarrek inoiz ez luketela onartuko «Errusiaren okupazioa».
Errusiak kontrolpean du Ukrainaren ia hego-ekialde guztia. Krimeako penintsula 2014an anexionatu zuen, eta urte hartan bertan Luhansk eta Donetsk eskualdeak herri errepublika gisa aldarrikatu zituzten hango errusiazaleek. Orduan piztu zen gerra. Zortzi urte geroago Ukrainako inbasioa hasi zuen Errusiak, eta hilabete gutxiren buruan Kherson eta Zaporizhia eskualdeak ere okupatu zituen, partez. 2022ko irail amaieran, Moskuren administrazio militarrek erreferendumak antolatu zituzten lau eskualde horietan, eta galdetu zieten herritarrei ea Errusiaren parte bihurtu nahi ote zuten. Baiezkoak irabazi zuen nabarmen, eta, horrenbestez, Donetsk, Luhansk, Kherson eta Zaporizhia ere anexionatu zituen Kremlinek urte hartako urri hasieran. Beraz, Azoveko itsasorako sarbiderik gabe geratu zen Ukraina. Aintzat hartu behar da, bide batez, inbasioan Donetsken okupatutako hirietako batek, Mariupolek, herrialdeko lur arraroen erreserba handienetako bat duela, eta negoziazioen gakoetako bat dela lur arraroen kontrola ere.
Mosku, «prest»
Errusiak gutxienez hamabi pertsona hil zituen atzo Kieven, eta, Ukrainako iturriek jakinarazi dutenez, beste bost zibil hil ditu gaur, droneekin egindako erasoetan: hiru Dnipropetrovsk eskualdeko Pavlohrad hirian —herrialdearen erdialdean—, eta beste bi Donetsk eskualdeko Jarova herrian —ekialdean—. Kieven arabera, Moskuk 103 drone jaurti ditu goizaldean Ukrainara.
Eta Moskun, berriz, Errusiako Estatu Nagusiko jeneral Jaroslav Moskalik hil da, bonba auto batek eztanda egin ondoren. Hala jakinarazi dute Errusiako iturri ofizialek. Auto horren ondotik igaro da Moskalik, eta orduan zartarazi dute. Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramaile Maria Zakharovak esan du, arratsaldean egindako prentsaurreko batean, «motiboak» daudela pentsatzeko Ukrainako zerbitzu sekretuek «zerikusia» izan dutela erasoan. Iazko abenduaren 18an, modu berean hil zuten Igor Kirilov teniente jenerala, Errusiako armadako babes nuklearrerako, biologikorako eta kimikorako tropen burua, eta orduan Ukrainako zerbitzu sekretuak egin zituzten hilketaren erantzule.
Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak, berriz, berretsi du Kremlin akordio bat egiteko prest dagoela. «AEBetako presidenteak uste du bide egokia hartu dugula, eta zuzen dabil, horren berri ematen duten hainbat zantzu baitaude», esan zuen atzo AEBetako CBS News telebista katean egin zioten elkarrizketan. Ez zuen zehaztu, ordea, zergatik uste duen hori.