Errusiako armadak egindako bonbardaketek gutxienez 11 herritar hil dituzte eta 30 zauritu gaur goizaldean Donetsk eskualdeko Dobropilia hirian, Ukraina ekialdean. Beste aire eraso batean, hiru herritar hil dituzte eta zazpi zauritu, Kharkiv eskualdeko Bojodujiv herrian.
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak sare sozialetan salatu du gaurkoa bezalako erasoek erakusten dutela Vladimir Putin Errusiako presidentearen asmoak ez direla aldatu. Eraso egiteko modua ere gaitzetsi du Ukrainako presidenteak, eta «taktika krudelak» erabiltzea egotzi dio Kremlini: Zelenskiren arabera, Moskuk bi misil jaurti ditu lehenik Dobropilia hiriko erdigunera; ostera, gune horretara bertaratutako larrialdi zerbitzuei egin diete eraso, «nahita».
Zelenskik gogorarazi du Ukrainak aireko defentsa sistemak indartzen jarraitu beharra daukala, eta nazioarteari dei egin dio beste behin, Errusiari zigorrak areagotzeko eskatuz. Gainera, Ukrainako presidenteak berretsi du Kiev prest dagoela AEBekin «elkarrizketa eraikitzaileak» edukitzeko. Datorren astean Saudi Arabiara joango da Zelenski; asteartean Ukrainako eta AEBetako ordezkariak batzartuko dira han.
Atzo, Errusiako energia azpiegiturei egin zien eraso Ukrainak. Eta Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak zigor ekonomikoak jartzeko mehatxua egin zion Errusiari. Trumpek asteak daramatza Ukrainarako akordio baten bila, Kievek eta Moskuk su eten bat ezarri dezaten. Atzo, Kremlini ohartarazi zion su eten bat lortu ezean «zigor handiak» ezarri ahal dizkiola. Halere, gehitu zuen Moskurekin negoziatzea «errazagoa» egiten ari zaiola Kievekin negoziatzea baino.
Errusia, Kursk berreskuratzen
Kurks eskualdean hiru herri berreskuratu dituzte gaur Moskuren tropek. Iazko abuztutik Ukrainako armadak okupaturik dauka Errusiako eskualde horren puska bat, baina pixkanaka lur horiek berreskuratzen ari da Mosku. Gaur Viktorovka, Nikolaevka eta Staraia Sorotxina herriak kontrolpean hartu dituela jakinarazi du Errusiako Defentsa Ministerioak. Hala, dagoeneko berreskuratu dituzte Kieven tropek hartutako lurren bi heren.