GERRA UKRAINAN

Ukrainan bakea eraikitzeko oinarriak eztabaidatzen ari dira 40 estatu Saudi Arabian

Errusia ez da parte hartzen ari, baina bilkuran dira Txina, India eta Brasil. Zelenskik Kieven bake proposamenaren aldeko babesa bilatuko du Mendebaldearekin lerrotu ez diren herrialdeen artean.

Mohammed bin Salman Saudi Arabiako printze oinordekoa eta Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea, aurtengo maiatzean, Jiddan, Liga Arabiarrak bilkura egin aurreko orduetan. EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko abuztuaren 5a
17:02
Entzun

Ukrainarako bake proposamen bati begira, irtenbide adostu batek bildu beharko lituzkeen oinarriak zein diren aztertzen ari dira, gaurtik, 40 estatu inguru, Saudi Arabian. Errusia ez da parte hartzen ari, baina ordezkaritza bat bidali duten herrialdeen artean dira Txina eta hegoalde globaleko zenbait estatu, zeinak, horietako asko, elikagaien garestitze nabarmena jasaten ari diren gerraren ondorioz.

Jidda hirian egiten ari diren goi bilerak badu aurrekari bat. Nazioarteko antzeko saio bat egin zuten ekainean, Danimarkan. Baina izaera informala aitortu zioten hari, eta ez zen bilkuraren osteko adierazpen formalik egon. Ikusteko dago, bihar, Saudi Arabiako elkarrizketa amaitu ostean, estatuek adierazpen publikorik egingo duten ala ez.

Ukrainako presidente Volodimir Zelenskiren iritziz, egitasmo garrantzitsua izango da asteburukoa, eta garabidean dauden zenbait herrialdeen parte hartzea nabarmendu zuen atzo. Haren esanetan, «milioika pertsonaren etorkizuna» dago jokoan, «elikadura segurtasuna bezalako auzietan», eta herritar horien patua zuzenean lotu zuen «munduak azkar mugitzeko duen gaitasunarekin», Ukrainan «bake formula bat» ezartze aldera.

Errusiak eta Ukrainak Nazio Batuen Erakundearen eta Turkiaren bitartekaritzarekin hitzarmen bat adostu zuten, iazko uztailean, gerran egonik ere, zerealak eta beste labore batzuk Ukrainako portuetatik esportatu ahal izateko. Baina Kremlinek akordioa ez berritzea erabaki zuen, joan den hilean, bere eskariak ez zirela aintzat hartu iritzita. Ukrainako zerealen esportazioa eteteak elikagai krisi baten inguruko kezka handitu du, bereziki, Afrikako hainbat herrialdetan.

Zelenskiren itxaropena da asteburu honetako egitasmoak balio izatea nazioarteko «bake goi bilera bat» antolatzeko aurtengo udazkenean, eta han pisuzko agintari politikoek babestea irtenbide baketsu baterako Kievek proposatu duen hamar puntuko formula. Oinarri horien artean dira, besteak beste, Ukrainaren lurralde osotasuna errespetatzea eta Errusiako tropek Ukrainako lurraldea uztea, Moskuk anexionatutzat jo dituen eremuak barne.

Saudi Arabiako bilkuran izango ez bada ere, Kremlinek esan du gertutik jarraituko duela. Errusiako Gobernuko bozeramaile Dimitri Peskoven arabera, Moskuk jakin behar du elkarrizketa horietan «zein helburu ezartzen diren eta zer hitz egiten den». Haren esanetan, «konponbide baketsu bat sustatzeko saiakera orok balorazio positibo bat merezi du».

Ukrainarentzat bereziki interesgarria izango da Txinaren parte hartzea. Pekinek ez du Errusiaren erasoa gaitzetsi AEBek nahiz haren aliatuek eskatu dioten irmotasunarekin. Mendebaldeak galdegin dio baliatu dezala Moskurekin duen aliantza geopolitikoa harengan eragiteko —bi estatuek «mugarik gabeko lankidetza harreman bat» sinatu zuten Errusiak gerra hasi baino aste batzuk lehenago—. Txinak «neutral» mantentzearen alde egin du, ordea. Esan du errespetatu egin behar direla lurralde osotasunaren printzipioa eta estatu ororen subiranotasuna, eta irtenbide baketsu baterako baldintzak sortzearen alde mintzatu da, aldeen «segurtasun kezka zilegiak» aintzat hartuta —Errusiak erasoa hasi aurretik NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeari agertu zizkion segurtasun auziei erreferentzia eginez—.

Joan den otsailean, bere bake proposamena aurkeztu zuen Txinak. Su eten bat eskatu zien aldeei, eta nazioarteari, bake baterako «baldintzak eta plataformak» sortzeko. Pekinek «rol eraikitzaile bat» jokatzeko prestutasuna agertu zuen, eta konpromiso hori berretsi du Atzerri Ministerioko bozeramaile Wang Wenbinek.

Dena den, Txina ez da Ukrainarentzako hizketakide garrantzitsu bakarra izango. Bilkuran parte hartzen ari dira Brasil eta India ere. Horiek ere ez dira Mendebaldearekin lerrotu, eta Errusiaren aurkako zigor ekonomikoak kritikatu dituzte, esaterako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.