Gerra Ukrainan

Ukrainako tropak Sievierodonetsketik «erretiratuko» dira, Kieven esanetan

Errusiari hiria guztiz hartzea falta zaio Luhansk oblasta oso-osorik kontrolpean edukitzeko

Ukrainako soldaduak, Sievierodonetsk hiritik gertu. OLEKSANDR RATUSHNIAK / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Ukrainako agintariek Sievierodonetsk hiri estrategikotik (Luhansk oblasta) «erretiratzeko» agindu zieten atzo euren soldaduei. «Hildakoen kopurua handituz doa. Ez du zentzurik hemen geratzeak», esan zuen Serhiy Haidai Luhanskeko Eskualde Administrazioko buruak. Donbass eskualdean dagoen hiri hori gudu zelai bilakatu da azken asteotan; izan ere, Errusiari Sievierodonetsk guztiz hartzea falta zaio Luhansk probintzia oso-osorik kontrolpean edukitzeko. Bada, itxura guztien arabera, Errusiako armadak hiria erabat okupatuko du aurki.

Sievierodonetskeko Azot lantegi kimikoan gotortuta dauden bostehun bat zibilen inguruan—Ukrainak emandako datua da—, berriz, Kievek ez zuen deus esan. Kremlinen ustez, Ukrainako 2.500 soldadu eta boluntario daude Azoten zibilekin batera.

Kieven arabera, Errusiako soldaduak Lisitxanskera doaz orain, hegoaldetik, Zolote eta Toxkivka herrietatik barrena. Halaber, Moskuk Mikolaivka eta Lisitxansk herriak kontrolpean hartu dituela baieztatu zuen Luhanskeko gobernadoreak, Reuters agentziak jasotakoaren arabera.

Errusiak oldarraldiekin jarraitzen du Ukraina ekialdeko Donetsk eta Luhansk eskualdeen erabateko kontrola lortzeko, eta, gisa horretara, lehorreko korridore bat osatzeko Donbasstik Krimeara. Kievek atzo salatu zuenez, Ukrainak Itsaso Beltzaren ipar-mendebaldean dituen nabigazio ibilbideak «blokeatzeko» asmoa du Kremlinek.

Moskuren kontrolpean dagoen Kherson hirian (hegoaldea), Kremlinek salatu zuen bere aldeko funtzionario bat hil zela atzo «atentatu batean, bonba-auto bat lehertu ostean».

Bestalde, Errusiako Atzerri Ministerioak atzo AEBei egotzi zien Lituania Kaliningradeko salgaien pasabidearen blokeoaren «atzean» egotea. Vilniusek galarazi egin zuen Europako Batasunaren zigor sortaren barruan dauden salgaien merkantziak bere lurraldetik Kaliningradera trenbidez igarotzea. Moskuk Lituaniari ohartarazi dio «ondorio larriak» jasango dituela.

Arma gehiago Ukrainari

AEBek 425 milioi euroren armaz hornituko dute Ukraina: hamahirugarren laguntza militarra da Errusiak otsailaren 24an Ukrainan erasoaldia hasi zuenetik. Arma sorta horretan, besteak beste, HIMARS misilak jaurtitzeko sistema gehiago daude, baita milaka munizio ere. Guztira, 5.790 milioi eurokoa da Washingtonek Kievi egindako ekarpen militarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.