Zelenskik adierazi du Europak erabakimena izan behar duela Ukrainako negoziazioetan

Ukrainako presidenteak esan du Europaren etorkizuna Europak erabaki behar duela, eta armada bateratu bat sortzeko unea dela. AEBen arabera, Europako herrialdeek ez dute zuzenean negoziatuko Errusiarekin.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea gaur, Municheko Segurtasun Konferentzian (Alemania). SEAN GALLUP / EFE
Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea gaur, Municheko Segurtasun Konferentzian (Alemania). SEAN GALLUP / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko otsailaren 15a
19:25
Entzun

Etxe Zuria Kremlinekin Ukrainako gerrari buruzko elkarrizketak hasteko prest agertu ostean, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak gogorarazi du Europak ere «eserleku bat» eduki behar duela negoziazio mahaian. «Ukrainaren inguruko erabakirik ez, Ukraina kontuan izan gabe; Europari buruzko erabakirik ez, Europa kontuan izan gabe», esan du irmo Municheko Segurtasun Konferentzian (Alemania) eman duen hitzaldian. Bihar amaituko da urtero egin ohi den nazioarteko defentsa foro hori.

Aliatu guztien laguntza eskatzen ari da Ukrainako presidentea. AEBetako presidente Donald Trump Moskurekin hitz egiten hasteko prest agertu da asteon, baina Zelenskik ez du Errusiarekin negoziatzeko asmorik aurrez AEBekin eta Europarekin plan bat adostu gabe. Horretarako, Ukrainaren aliatu guztiekin bilkura bat egitea proposatu du: «Ikuspegi argia izan behar dugu bakera bidean egin beharreko urratsen inguruan», azaldu du gaur Munichen. Eta hitzordua ere jarri du: Kieven, otsailaren 24an. Egun horretan beteko dira hiru urte Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik.

Gaur, bereziki, Europako agintariei zuzendu zaie Zelenski, eta armada bateratu bat sortzeko deia egin du: «Europako Armada sortzeko unea iritsi da. Gure tropak ez dira nahikoa, zuen laguntza behar dugu». Gehitu du Europak berak erabaki behar duela bere etorkizuna, eta horretarako arma guztiak bertan ekoitzi behar direla. Gainera, armada bateratu batekin, Europak nazioartean duten pisua areagotzeko modua izango duela ere ziurtatu du; AEBek kontinentea «merkatu» gisa ikusi ordez, kontuan hartu beharreko aliatu gisa ikusiko dutela.

Izan ere, Trumpek albo batera utzi ditu Europako herrialdeak Ukrainako negoziazioetarako. Keith Kellogg Etxe Zuriaren Ukrainako gerrarako ordezkariak adierazi du Europak ez duela zuzenean parte hartuko elkarrizketa horietan. Municheko konferentzian mintzatu da Kellogg, eta Europako agintariei esan die ez kexatzeko, eta proposamen zehatzak bidaltzeko.

Asteon, Etxe Zuriko maizterrak ateak ireki dizkio elkarrizketa mahai bat sortzeari, Ukrainako eta Errusiako presidenteekin telefonoz hitz egin ondotik. Baina zalantzan jarri du Kievek berak izan dezakeen rola. Esaterako, herenegun prentsari iragarri zion Errusiako eta AEBetako ordezkarien arteko bilkura bat egitekoak zirela Munichen, eta gehitu zuen: «Bide batez, Ukraina ere gonbidatuta dago». Kremlinek eta Kievek ukatu egin zuten halako bilkurarik egingo zutenik.

Ukrainaren rolaren harira, Zelenskik elkarrekin lan egiteko exijitu zion DJ Vance AEBetako presidenteordeari, atzo Munichen harekin egindako bilkuran. Gaur berretsi du Ukrainak ez duela inoiz onartuko bere bizkar egindako akordiorik.

«Beste NATO bat»

Ukrainak egindako hainbat eskaera ez direla beteko iradoki dute aste honetan Trumpen administrazioko kideek. Vancek atzo Munichen jakinarazi zuen balitekeela AEBek negoziazio mahaian ez jartzea ukrainarrentzat oso garrantzitsuak diren hainbat neurri. Eta Ukrainaren mugak 2014ko berak izatea ez dela erreala esan zuen Pete Hegeseth AEBetako defentsa idazkariak asteazkenean. Errusiak Krimea anexionatu zuen urte hartan, eta 2022tik lau eskualde anexionatu ditu Ukrainaren hegoaldean eta ekialdean (Donetsk, Luhansk, Zaporizhia eta Kherson), baina ez ditu guztiz kontrolatzen.

Gainera, Trumpen administrazioak aditzera eman du Errusiak ez duela onartuko Ukraina NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide bihurtzea. Horren harira, Zelenskik atzo esan zuen AEBek ez dutela «inoiz» nahi izan Ukraina NATOren parte bihurtzerik. Halere, jarrera aldatzea posible dela uste du, eta aliantza militar horretan sartzeko aukera ez duela alboratuko berretsi du gaur: «Gerra honen amaiera elkarrekin lortutako lehen garaipena izango da».

Bestalde, Ukraina aliantza militarren sartzen ez bada, «beste NATO bat» osatu beharko dutela ziurtatu du Ukrainako presidenteak. Hori gertatu ezean, ez du uste gerra amaitzea posible denik: «Ez dugu su eten bat onartuko segurtasun berme errealik ez badaukagu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.