Gauza bat ziurra zen hasieratik: AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trumpen eta haren Ukrainako homologo Volodimir Zelenskiren arteko lehen bilerak zeresana emango zuela. Trumpek iragan hilabetean kargua hartu zuenetik, aldatu egin du AEBek Ukrainarekiko duten jarrera: Errusiarekin ari da bake akordio bat negoziatzen, Kiev gabe; eta Zelenskiren aurka mintzatu izan da aurrez ere. Harremanen okertze hori agerian geratu da bilera hasi aurretik egindako prentsaurrekoan, modu gordinean. Horren adibide Trumpek Zelenskiri leporatu diola «Hirugarren Mundu Gerrarekin jolasean» aritzea. Minutuek aurrera egin ahala, hitza kendu diote elkarri hainbatetan, oldarkor. Azkenean, Zelenskik alde egin du Etxe Zuritik, Washingtoni Ukrainako lur arraroak ustiatzea ahalbideko liokeen akordioa sinatu gabe.
#Trump & #Vance deserve #Kremlin salaries — they are a disgrace.
— Charles Lister (@Charles_Lister) February 28, 2025
This is an international embarrassment. pic.twitter.com/n0N9g0v771
Etxe Zuriko gela batean zeuden bilduta Zelenski, Trump eta JD Vance AEBetako presidenteordea, bilera pribatua hasi aurretik kazetarien galderak erantzuten. Hain zuzen, AEBetako presidenteari zuzendutako galderetako batek piztu du txinparta: «Polonian uste dute gehiegi lerratzen zarela [Errusiako presidente Vladimir] Putinekin. Zer esan ahal diezu?». AEBetako presidenteak ukeatu egin du kazetariaren baieztapena eta, jarraian, Zelenskiren jarrera gaitzetsi du: «[Zelenskik] Gorroto ikaragarria dio Putini. Horrela oso zaila da nik akordio bat lortzea».
Trump hitz egiten ari zen bitartean, Ukrainako estatuburuak desadostasun keinuak egin ditu, eta are gehiago haserretu da Vancek iradoki duenean orain arte ez dutela erabili «diplomaziaren bidea». Zelenskik erantzun dio Errusiak 2014an inbaditu zuela Ukraina, eta ordutik 2022ra —Putinek oraingo erasoaldia hasi zuenean— diplomazia lana egin dutela, Minskeko bake akordioak sinatzeraino. Zelenskik gaineratu du Moskuk ez dituela errespetatu akordio horiek, eta nabarmendu du azken hamarkadan AEBetako presidente izandakoek ez dutela ezer egin horren aurrean: «[Barack] Obama, Trump, [Joe] Biden eta Trump berriz. Inork ez du ezer egin». Trumpi egindako akusazioa ez zaio gustatu Vanceri, eta «kritika egitera etorri beharrean presidenteari eskerrak eman» beharko lizkiokeela ohartarazi dio Zelenskiri. Hori guztia, bata besteari hitza kentzen zioten bitartean; nork ozenago hitz egingo.
Vancek Zelenskiri gogorarazi dio «jendea armadara mugiarazteko arazoak» dituela, eta Zelenskik erantzun dio gerra garaian «denek» dituztela arazoak. Are gehiago, gerrak jarraituz gero, arazoak AEBetara heldu daitezkeela ohartarazi dio. Eta horrek eragin du tentsio goreneko momentua. Trumpek bien arteko ika-mika moztu du, eta Zelenskiri esan dio ez dituela «kartarik onenak» inori nola sentitu behar den esateko. Ukrainako estatuburuak ez du hori ondo hartu, eta adierazi du ez dela ari «kartetan jolasean», muturturik eta buruarekin ezetz esaten zuen bitartean. Trumpek, metaforari eutsi dio, ordea, eta Zelenskiri aurpegiratu dio apustu arriskutsu bat egiten aritzea: «Hirugarren Mundu Gerrarekin ari zara jokoan».
Oposizioaren aldeko kanpaina
«Zer ari zara esaten?» esan dio Zelenskik harriturik, eta Trumpek, ahotsa are gehiago altxatuz, egotzi dio AEBekiko «begirunerik gabe» ari dela jarduten. Zelenskik, tonua jaitsiz eta zuzenean Trumpi begira, esan du ez diola inori «begirunea galdu nahi». Vancek, baina, ez ditu hitzok onartu, eta berriz egin du Ukrainako presidentearen aurka, hasieran baino oldarkorrago: «Noizbait eskertu diguzu emandako laguntza?». Are gehiago, iazko AEBetako presidentetzarako bozen kanpainan Bidenen aldeko ekitaldi batean agertu izana aurpegiratu dio.
Zelenski saiatu da erantzuten, baina ezin izan ditu bi esaldi segidan esan, Vancek etengabe moztu baitio, geroz eta oldarkorrago. Trump, bitartean, pozik agertu da bere presidenteordearen erantzunekin, buruarekin baietz egiten hark esaten zuen guztiari.
Hortik aurrera, bilera are gehiago korapilatu da, eta, Zelenski hitza hartzera joan denean, zuzenean moztu du AEBetako presidenteak: «Ez duzu hitz egiteko baimenik. Ez zara [gerra] hau irabazten ari». Zur eta lur utzi du horrek Ukrainako presidentea.
AEBetako presidente oiharen aurka egiteko ere erabili ditu minutuok Trumpek: «350.000 milioi dolar eman zizkizuen presidente tentel batek». Biden AEBetako herritarrek aukeratu zutela gogoratu dio Zelenskik Trumpi.
Kazetarien aurrean gertatutakoak zuzenean eragini dio jarraian egitekoa zuten bilerari, hamar minutuan bukatutzat jo baitute, eta segidan alde egin du Ukrainako presidenteak. Ukrainak dituen mineralak zein beste baliabide natural batzuk ustiatzeko akordioa ziren gaur sinatzekoak, baina hitzarmenik izenpetu gabe irten da Zelenski Etxe Zuritik.
Zelenskik Etxe Zuritik alde egin ostean, Trumpek Truth Social bere sare soziala erabili du gertatutakoaren bere bertsioa emateko. Zelenski «bakerako prest ez» dagoela azpimarratu du. Haien arteko desadostasunak agerian geratu diren arren, Trumpek Etxe Zurira itzultzeko gonbita luzatu dio Ukrainako presidenteari; hori bai, «bakerako prest» dagoenean.