Ukrainako lurren aurkako azken asteetako erasorik handiena egin du Errusiak gaur goizaldean, horretarako droneak eta misilak erabilita. 24 eskualde dauzka Ukrainak, eta, Kieveko agintarien arabera, hamabosti eraso egin die Errusiak, eta horietako energia azpiegiturak hondatu ditu. Ukrainako iturri ofizialek adierazi dute zenbait eskualdetan ur eta argindar hornidura eten behar izan dutela. Gutxienez bost zibil hil dira erasoaren ondorioz, eta zaurituak ere eragin ditu, horien kopururik eman ez duten arren.
AEBek Ukrainan duten enbaxadak zerbitzu sekretuen txostenak baliatuz joan den astean ohartarazi zuenez, Ukrainaren Independentziaren Egunaren bueltan eraso masibo bat egiteko asmoa zuen Errusiak. Joan den larunbatean ospatu zuten independentziaren 33. urteurrena, eta bi egun geroago, gaur, iritsi da erasoa.
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak Telegramen idatzitako mezu batean azpimarratu duenez, ehun bat misil eta beste horrenbeste drone erabili ditu Errusiak bonbardaketan, eta bi arma motak konbinatuz Moskuk azken bi urteetan egindako «handienetako bat» da. Fronteetatik haratagoko azken eraso handia uztailaren 8an egin zuen Errusiak. Orduan, 29 pertsona hil zituen; horietatik hemezortzi hiriburuan.
Errusiako armadak erasoa baieztatu du txosten baten bidez, eta gaineratu du «helburu guztiak» jo dituztela droneekin eta misilekin. Kieven zenbaketaren arabera, martxoaz geroztik energia azpiegituren aurka Errusiak egindako bederatzigarren eraso masiboa da gaurkoa.
Eta horiek horrela, Ukrainak berriro eskatu die Mendebaldeko aliatuei utz diezaiotela irismen handiko misilen bidez Errusiako Federazio guztiko azpiegitura militarrei eraso egiteari. Dmitro Kuleba Atzerri ministroak X sare sozialean idatzitako mezu batean nabarmendu duenez, zilegi litzateke hori egitea. Aliatuek emana diote Ukrainari arma horiek Errusiako Federazioan erabiltzeko baimena, baldin eta eraso nahi dieten helburuak Ukrainako mugatik urruti ez badaude.
Aliatuen esku hartzea
Orain hiru aste Kursk (Errusia) eskualdearen kontrako erasoaldia hasi zuen Ukrainak —herrialdearekin muga egiten du—, eta azken hilabeteetan ohikoak bihurtu dira Ukrainak Errusiako azpiegitura militarren eta, esate baterako, petrolio findegien aurka egindako erasoak. Gaur bertan, adibidez, Ukrainak droneekin eraso egin die Errusiako Saratov eskualdeko izen bereko hiriari eta Engelsi, Moskuk jakinarazi duenez. Gutxienez lau lagun zauritu ditu bonbardaketak. Ukrainako mugatik 900 bat kilometro daude bi hiri horiek. Bonba hegazkinen base bat du Errusiak Engelsen.
Kulebaren esanetan, Mendebaldeak, gainera, beste modu batean ere lagun dezake Ukraina. Ukrainako Atzerri ministroaren iritziz, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide diren herrialdeen indarrek beren aireko defentsa sistemak erabili beharko lituzkete «beren aire espaziotik gertu» igarotako Errusiaren misil eta droneak erorarazteko. Ukraina eskaera hori egiten ari da udaberritik, zeren apirilaren 13an Iranek droneekin, misil balistikoekin eta gurutzaldi misilekin eraso egin zionean Israeli —300 bat jaurtigai guztira—, Frantziako, AEBetako eta Erresuma Batuko armadek eskualdean dituzten indar militarrek eraitsi zituzten 200 jaurtigai inguru. Kievi iruditzen zaio, hortaz, gauza bera egin dezaketela Errusiari aurre egiteko.
Lviv eskualdearen kontra ere egin du Errusiak, gaur. Poloniarekin muga egiten du, eta, orduan, Poloniako armadak jakinarazi du beren gerra hegazkinek mugan patruilatu dutela, «aliatuen parte hartzearekin».
Eta gaurko erasoa, hain zuzen, Ukraina Kursken geroz eta lur gehiago konkistatzen ari den honetan iritsi da. Zelenskik gauero eman ohi duen hitzaldian atzo adierazi zuenez, beste bi herri hartu dituzte Errusiako eskualde horretan. Modu paraleloan, Errusia aurrerapausoak ematen ari da Donetsk eskualdean.
Bi aldeak ari dira eraso egiten. Errusiak joan den astean adierazi zuen ez litzatekeela egokia Ukrainarekin negoziatzen hastea, Kurskeko erasoaldiarekin jarraitzen duen bitartean. Narendra Modirekin bildu zen Zelenski lehengo astean, eta Indiako lehen ministroak esan zion ahalegindu dadila Vladimir Putin Errusiako presidentearekin irtenbide bat negoziatzen.
Reuters agentziako kide bat hil dute
Ukrainan lanean ari zen Erresuma Batuko Reuters berri agentziako kide bat hil zuten herenegun Kratamorsken (Donetsk), bonbardaketa batean. Agentziak atzo jakinarazi zuenez, hotel batean zegoen. Bonbardaketak, gainera, Reuters-eko bi kazetari zauritu zituen. Ryan Evans zuen izena, Erresuma Batuko armadako soldadu ohia zen, eta, agentziaren arabera, 2022tik «segurtasun eremuan» aholkulari ari zen haiekin lanean.