Lortu nahi dituzten emaitzak eskuratzeko «energia freskoa» behar dutela uste du Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik, eta azaldu du horretarako egin dutela gaur iragarri duen plana, gobernua eraldatzekoa. Besteak beste, helburua litzateke herrialdearen atzerri eta barne politiketan «beste enfasi bat» izatea, argudiatuta udazkena «oso garrantzitsua» izango dela Ukrainarentzat. Hain justu, goizaldean Ukrainako Atzerri ministro Dmitro Kulebak dimisioa aurkeztu eta zenbait ordu geroago egin ditu adierazpen horiek Zelenskik. Dagoeneko bost dira azken egunetan kargua utzi duten ministroak.
Gainera, espero da datozen orduetan dimisio gehiagoren berri izatea. Izan ere, Zelenskiren talde parlamentarioko buru David Arakhamiak atzo gauean jakinarazi zuen ministroen kabineteko karguen erdiak baino gehiago aldatuko dituztela. Ukrainako Parlamentuan gaur berretsi dituzte kargu uzte batzuk, bozketa bidez, eta hurrengo egunetan dira izendatzekoak hutsik geldituko diren bulegoetako arduradunak. «Eskerrak ematen dizkiet Ukrainaren alde lanean aritu diren ministro guztiei», esan du Zelenskik. Kulebaren dimisioa hurrengo saioan dira bozkatzekoak.
Aldaketak aldaketa, Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek gaur zehaztu du, egunero egin ohi duen agerraldian, Zelenskiren planak ez duela eraginik bi aldeen arteko harremanetan; eta, hortaz, ez duela zertan abiarazi negoziazio prozesurik. Gainera, jakinarazi du Moskuk bere «plan eta helburu estrategikoei» eutsiko diela.
Hain justu, Errusia Donetsk eskualdean aurrera egiten ari den honetan iritsi da Zelenskiren eraldaketa plana, Errusiak Ukrainaren aurkako aire erasoak areagotu dituen garaian. Kasurako, atzo Ukraina erdialdeko Poltava hiriari egin zion eraso, eta, horren ondorioz, gutxienez 53 pertsona hil ziren, eta 298 zauritu. Kieven arabera, ospitale bat eta eraikin militar bat jo zituzten.
Eta eraso horri gehitu behar zaio gaur Ukraina mendebaldeko Lviv hiriaren aurka egindakoa. Ukrainako iturri ofizialek jakinarazi dutenez, Errusiak hamahiru misil eta 29 drone jaurti ditu Lviv hirira eta haren ingurura, eta gutxienez zazpi lagun hil dira eraso horien ondorioz. Aintzat hartzekoa da Poloniako mugatik 70 kilometrora dagoela Lviv. Ukraina, hain zuzen, gero eta presio handiagoa egiten ari zaie ondoan dituen herrialde batzuei, Poloniari batez ere, euren aire espazioa helmuga duten Errusiaren misilak, droneak eta beste eroraraz ditzaten. Gaur-gaurkoz, Poloniak ez dio, ofizialki, erantzunik eman Kieven eskaerari.
Errusiak Ukrainaren aurkako oldarraldia areagotu du, eta Ukrainak, berriz, aurrera jarraitzen du Errusiako Kursk eskualdean. Zelenskik herenegun egindako prentsaurreko batean esan zuenez, abuztuaren 6an abiatutako Kurskeko ofentsiba «aurreikusi bezala doa», eta ari dira zehaztutako «helburu militarrak» betetzen. Haren arabera, Ukrainako tropek ehun herri ingururen kontrola hartu dute.
Horiek horrela, Kurskeko 10.000 herritar baino gehiago —horietatik 2.700 haurrak dira— harrera zentroetan daudela jakinarazi zuen atzo Errusiako Larrialdi Egoeretarako Ministerioak. Are, azaldu zuen herrialdeko 57 eskualdetan denera 530 harrera zentro prestatu dituztela gisa horretako egoeretarako.
AEBen esku hartzea
Errusiak Poltava hiriaren aurka egindako erasoaren harira, EB Europako Batasunak Ukrainari «laguntza militar handiagoa» emateko konpromisoa berretsi zuen atzo. Bide beretik mintzatu zen AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Joe Biden, prentsa ohar baten bidez: «Ez nahastu: Errusiak ez du gerra hau irabaziko. Ukrainako herritarrek irabaziko dute. Gaur, eta egunero, AEBak haiekin daude». Hain justu, AEBetako Defentsa Departamentuak iragarri zuen, iragan abuztuaren 23an, 113 milioi euroko laguntza militar bat bidaliko dutela Ukrainara.
Moskuk ez ditu begi onez ikusi Ukrainaren aldeko babes mezuak, eta bereziki kritiko agertu da Washingtonekin. Gaur, Peskovek salatu du AEBek «gero eta gehiago esku hartzen» dutela Ukrainako gerran, eta leporatu die gatazka bide diplomatikotik eta politikotik konpontzeko pausoak eman ordez gatazka are gehiago areagotu nahi izatea. «Oraingoz, espero dugu AEBen esku hartzeak muga bat izatea, eta muga hori ez gainditzea», azpimarratu du.
Zertxobait geroago, antzeko adierazpenak egin ditu Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovek: «AEBek ulertu behar dute ezin direla jolastu gure marra gorriekin. Ongi dakite zein diren». Azken asteotan, Ukrainak asmoa adierazi du Errusiako baseen aurka irismen luzeko misilak erabiltzeko, eta hori egitea ahalbidetzeko eskatu die aliatuei, besteak beste AEBei.
IAEA-k ukrainako azpiegitura energetikoa babestuko du
Ukrainako segurtasun nuklearra «hobetze» aldera, herrialdearen azpiegitura energetikoa babestuko duela iragarri zuen atzo IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak. Horretarako, agentziak zenbait ikuskari bidaliko ditu Errusiaren erasoen ondorioz kaltetutako hainbat zentraletara. «Martxan dauden zentral nuklearren segurtasuna argindar sare egonkor baten araberakoa da. Gerraren ondorioz, egoera gero eta zaurgarriagoa da, baita gero eta arriskutsuagoa ere», esan zuen IAEAko zuzendari Rafael Grossik.